ATZEKOZ AURRERA

Bizigarriak diren bertsoak

Adinekoen gaitasun psikoemozionalak lantze aldera, bertso saioa eskaini dute Jon Martin eta Exteban Martiarena bertsolariek Oiartzungo Petra Lekuona zaharren egoitzan.

Jon Martin eta Exteban Martiarena, Petra Lekuona zaharren egoitzan egindako saioan, herenegun. ANDONI CANELLADA / ARP.
ainara arratibel gascon
Oiartzun
2015eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Gaurko bisita izan dadila errutina puskatzeko». Halaxe amaitu zuen bere hasierako agurra Jon Martin bertsolariak,herenegun goizean Oiartzunen (Gipuzkoa) egindako saioan. Herrian abestu arren, ezohiko plazazen Martinentzat, sekula abestu gabea baitzen Petra Lekuona zaharren egoitzan. Publikoa ere berezia: han bertan bizi diren adinekoak. Antzera gertatu zitzaion Martinek bertsokide izan zuen Exteban Lekuonari. Bientzat, esperientzia berria. Berria bezain gozagarria, adinekoek irribarre nahiz musu goxoez eta emoziozko malkoez eskertu baitzieten ordubete pasatxoko bertso jarduna. «Horrek bakarrik justifikatzen zuen gaurko saioa. Benetako malkoak eta irribarreak izan dira adinekoenak, zurikeriarik gabeak», adierazi zuen hunkituta Martinek. Emozioz mintzatu zen Martiarena ere: «Oso gustura egon gara».

Hitzez ere adierazi zieten esker ona adinekoek. «Badakigu egunero ezin direla etorri, baina hilabetean etorriko balira.... Guretzat sekulako bizipoza da», zioen Joakina Arozenak, bertan bizi den adinekoetako batek. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Sailak eta Lankuk sustatutako Adi-Adin proiektuaren barruan eskaini zuten saioa. Bertsoa ardatz hartuta, adineko pertsonen bizi-kalitatea eta gaitasun psikoemozionalak lantzea du helburu egitasmoak. Iaz abiatu zuten egitasmoa, eta,izandako arrakasta ikusita, aurten zabaldu egin dute. Gipuzkoako adinekoen 11 egoitzatan izango dira bertsolariak. Binakako saioak izango dira. Oiartzungoa hirugarrena izan zen.

Saiorako ordua 10:00etan zuten. «Ez gaude oso ohituta hain goiz abestera. Baina gaur goizean jaiki naizenean pozik hartu dut ona etorri behar izana. Gure gizarteak askotan ezkutatu egiten ditu adinekoak, eta beharrezkoa da haiekin gogoratu eta propio halako egitasmo bat antolatzea», nabarmendu zuen Martinek.

Ordurako zain zituzten adinekoak, lekua hartuta eta haien jarduna entzuteko irrikaz. Horietako bat zen Maria Pilar Ezeiza. «Oso gustuko ditut bertsoak, nahiz eta aspaldi ez ditudan entzun. Gaztea nintzenean saio asko ikusitakoa naiz, herriko festetan. Lagunekin eta familiarekin afariak egitean, beti bazen baten bat bertsotan hasten zena. Irribarre galantak egiten genituen».

Gazte garaietan bertsotan aritutakoa da Ignacio Zinkunegi. «Mozkortzen ginenean hortxe aritzen ginen. Azkenerako, hain pasatuta geunden, poto egiten genuen», esan zuen umoretsu. Atzoko saioa ikusteko «irrikaz» zegoen. «Orain, bakarrik telebistaz ikusten ditut, baina zuzenean ikustea gauza handia da; gainera, debalde». Txirritaren bertsoakmakina bat aldiz entzun zituen. «Egungo bertsolariek ez dute zerikusirik garai batekoekin. Gaur egun, gehiago parekatuko nituzke poetekin. Serioagoak dira, kultuagoak. Garai batean ez zegoen bertso eskolarik. Haien eskolak sagardotegia eta taberna ziren».

Hain zuzen ere, hasierako agurra egin eta gero, bertsolariek tabernarako eta sagardotegirako izandako zaletasunaz jardun zuten Martiarenak eta Martinek. «Nahiz eta tabernak gustuko ditugun, guk ez genuen ikasi sagardotegian», abestu zuen Martinek. Martiarenak honela erantzun zion. «Zurruta egiten zuten bertsoaren truke. Gaurko gazteek ura edaten al dute?». Bizi jardun zuten gaiaz, eta, azkenerako, adinekoei ere egin zieten txantxa. «Zein alaitasun duten ez al duzu ikusi? Hauek gosaltzen dute ttantto eta guzti», kantatu zuen Martinek.

Hurrengo gaia, gizonen bizarra izan zen. Enbidoa bota zuen Martiarenak. «Zuetako batek kantatu arte ez dut bizarra moztuko». Bertan zeuden gizonezkoengandik ikasteko galdegin zion Martinek. «Etxe honetako aitonek ere txukun-txukun mozten dute». Zirikatzaile honela erantzun zion Martiarenak. «Nik erantzungo dizut berehala hauek alferrak direla, seguru nago etxe honetan barberua daukatela». Martin ez zen atzean geratu. «Barberua al da haien bila pasatzen den Mutila? Barberoa badute, etxetik pasa dadila».

Adinekoak ere kantari

Zaintzaileak ere izan zituzten hizpide bertsolariek. Baina, umoretsu, adinekoak ez ziren ausartu esatera nor zen haietan zorrotzena, ezta zintzoena ere. «Bestela jakin egingo dute, eta ez da komeni», zioen emakumeetako batek irribarrez.

Zaintzaileen inguruan ez, baina Oiartzungo auzo onenaz iritzia eman zuten. Izan zen, ordea, herri edo hiri politago bat bazegoela esan zuen adineko bat: Donostia: «32 urtez ibili nintzen kamioi gidari, eta leku asko ezagutu ditut. Baina Donostia bezalakorik ez dago». Sortzez donostiarra zen gizona. Hitzez zera esan zion Martiarenak. «Kontxa falta du Oiartzunek. Bestela...». Berehala heldu zioten gai horri bertsotan, eta Martinek, hala esan zuen:

«Zortzi auzoko herri txiki bat, Arragoan trena duena, Donostiarekin konparatuta, munduko herririk politena».

Baina bertsolariak ez ziren izankantatu zuten bakarrak. Izan ere, Martinen eta Martiarenaren bertsoen artean, adinekoek aurrez prestatutako hainbat kantu eta bertso kantatu zituzten; tartean, Txirritak eta Pello Errotak kantatu zuten Ari naizela. Dena den, Mikel Laboaren kantuak izan ziren nagusi adinekoen errepertorioan, Txoriak Txori eta Egun da santimamiña abestu baitzituzten. Bukaeran bertsolariek hizketaldi goxoa izan zuten adinekoekin. Hala amaitu zuten goiz-pasa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.