Paleoantropologoa eta Espainiako Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionaleko zuzendaria

Maria Martinon-Torres: «Bizidunei buruz gehiago jakiteko, haien iraganeko sekretu guztiak ezagutu behar ditugu»

Hortzetan aurkitu daitezkeen aztarnen inguruan aritu da Martinon-Torres, baita gaixotasunen mendeetako eboluzioaz ere: «Gaixotasun batzuk gure bizitza luzearen ondorio dira».

Maria Martinon-Torres paleoantropologoa / MARIA MATINON-TORRES
Maria Martinon-Torres paleoantropologoa / MARIA MATINON-TORRES
itsaso jauregi 2
2024ko maiatzaren 10a
05:00
Entzun

Iraganeko sekretuak lurpetik atera nahi ditu Maria Martinon-Torres paleoantropologoak (Ourense, Galizia, 1974), gizakia gehiago ezagutu nahian. Medikuntza eta paleoantropologia uztartuz, izan diren gaixotasunen eskema zabala osatu nahi du Espainiako Giza Eboluzioari Buruzko Ikerketa Zentro Nazionaleko zuzendariak, zer eboluzio izan den ikertzeko. Bildutako informazioarekin, Homo imperfectus liburua idatzi zuen (2022), eta, DIPCk antolatutako Jot Down proiektuan, gizakia espezie biolentoa den ala ez azaltzeko hitzaldia eman zuen maiatzaren 4an.

Noiz hasi zitzaizun paleoantropologiaren inguruan duzun grina?

Zaila egiten zait zehazki noiz gertatu zen esatea, baina uste dut txikitan nuen jakin-minarekin lotuta dagoela. Sherlock Holmes izan nahi nuen: misterioak argitu nahi nituen. Paleoantropologia misterio horiek ebaztea da, baina iraganean oso atzera eginez. Gainera, medikuekin hazi nintzen, eta horrek zientziarekin, giza gorputzarekin eta gaixotasunarekin lotutako ezagutza sustatu zidan.

Zeintzuk dira paleoantropologiak argitu nahi dituen misterioak?

Asko dira. Paleoantropologiaz ari garenean, badirudi hildakoak bakarrik interesatzen zaizkigula, baina bizidunak asko interesatzen zaizkigu. Bizidunei buruz gehiago jakiteko, haien iraganeko sekretu guztiak jakin behar dira. Gorputz bat aurkitzen dugunean, nor den identifikatzen saiatzen gara: adina, sexua, heriotzaren arrazoia... Iragana aztertuz, definitzen gaituzten ezaugarriak noiz agertu diren ulertzen dugu.

Garunaren tamaina da ezaugarri bereizgarri horietako bat?

Bai. Gure garuna primate batena baino askoz handiagoa da, eta, aldi berean, metabolikoki oso organo konplexua da. Garuna hain handia izanik, iraganean, orainaldian eta etorkizunean bizitzeko gai gara; geure burua ikusten dugu garai horietan, egindakoa errepasa dezakegu, eta ondorioak aurreikus ditzakegu. Beste hipotesi batzuen arabera, garunak bere tamaina handitu du besteekin erlazionatu ahal izateko.

Gizakien garuna soziala da, beraz?

Bai. Gure garunaren zati bat, neokortexa, beste primateena baino askoz lodiagoa da, eta harreman sozial esanguratsu bat ezartzeko gai garen taldearen tamainarekin lotzen da. Lagun asko ditugula uste badugu ere, gehienez 150 pertsonarekin izan dezakegu harreman baliotsu bat. Presio selektibo hori lagungarria izan zitekeen gure garuna soziabilitaterako organo bat bihurtzeko. Oso izaki soziala gara, eta harremanak izateko beharra funtsezkoa da.

Zer dute komunean medikuntzak eta paleoantropologiak?

Asko. Beti iruditu izan zait bitxia zein bereizita dauden bi eremuak. Medikuntza ikasi nuenean, inork ez zidan eboluzioaz hitz egin; eta, bestalde, paleoantropologiaren esparruan ez da medikuntzaz hitz egiten, ez da gaixotasunaz hitz egiten. Bi diziplinen arteko harreman horretatik oso eremu polita sortu da: medikuntza ebolutiboa.

Zertan datza medikuntza ebolutiboa?

Zergatik gaixotzen garen azaltzen saiatzen gara. Medikuntzaren ikuspuntua behar da erregistro fosilean hori ikertzeko. Gaixotasunaren zantzuak ikusten ditugunean, gizabanakoak bizirik iraun duela esan nahi du; izan ere, orbainak bizirik iraun dutenek izaten dituzte. Badirudi bilakaera arrakastaren ikuspegitik kontatzen dugula beti, baina kontakizun horretan ahaztu egin ditugu gaixotasunak. Gaixotasun horiek ez dira nahitaez porrotaren historia bat, kontrakoa baizik: biziraupenaren historia bat.

Zergatik ez dira gaixotasun horiek gaur egun desagertu?

Arrazoi asko daude. Gaixotasun batzuk gure bizitza luzearen ondorio dira. Gaixotasun horiek garatu baino lehen hiltzen ziren; horregatik, orain, askoz ere urte gehiago bizi ahal izatearen ondorioz agertzen diren gaixotasun batzuk ditugu. Gaixotasun batzuk beste onura batzuen ondorio dira.

Gaixotasunen mapa sortzeko gai zarete?

Bai. Birusak eta bakterioak duela 50 mila urte hasi ziren zabaltzen batez ere. Ez da kasualitatea, Homo Sapiens-eneztanda demografikoko unea delako eta gaixotasunak zabaltzeko ohitura dugulako. Ez dago gu baino animalia mugikorragorik; hegazkina hartu, eta mikrobio bat hartzen dugu oroigarri gisa.

Eta hortzetan gaixotasunak ere islatzen dira?

Bai. Esmaltean gaixotasunekin lotuta dauden markak ikusten ditugu. Informazio asko ematen dute, oso forma zehatza dutelako; beraz, zer espezietakoa izan zen jakiteko balio digu. Hortzen higadurari esker, dieta zein zen ondoriozta dezakegu. Hortzak ateratzeko erritmoa eta modua aztertuz gero, espeziearen hazteko erritmoa ikus dezakegu, baita haurtzaroa noiz hasi zen ere.

Nola jakin hortza noizkoa den?

Espainiako Giza Eboluzioari buruzko ikerketa zentro nazionalean, fosilak datatzeko dauden laborategi oso onak ditugu, eta bertan ikusten dugu fosilak noizkoak diren. Istorio bat kontatu nahi dugu, baina ordenatu gabe dauden elementuak ditugu. Ezin baditut sekuentzia horiek ordena tenporalean kokatu, edo klimari dagokionez sailkatu, historiaren zati bat galtzen dut.

Noiz sortu zen haurtzaroa?

Litekeena da neandertalek gaur egun dugun haurtzaroaren antzeko zerbait izan izana. Duela ia milioi bat urte, haurtzaroaren hasiera iragartzen hasia zen. Hortzak gorputzaren beste parametro batzuekin batera eratzen direnez, ikus daiteke ea espeziea haurtzaroa izaten hasten den edo txinpantze bat bezala hazten den, askoz azkarrago.

Dietaren eboluzioan, zein izan zen garai erabakigarria?

Duela bi milioi urteko hezurretan ebaki markak ikusten hasi ginen, dietan haragia sartu zen seinale; lehen, belarjaleen  dieta zuten, digestioa egiteko errazagoa. Hortik aurrera, hestearen tamaina murriztu egin zen, eta digestio aparatuan energia aurrezteak funtsezko beste organo baten hazkundean zentratzea ahalbidetzen digu: garuna. Dietak eboluzio handia izan du sua kontrolatzeko gai garenetik.

Nola aztertzen da fosildu ez dena; ohiturak, adibidez?

Ez da beti erraza. Tresnen aztarnak aztertzen ditugu. Harrizko lanabesak zituzten hasieran, baina, gero, aniztasun handia zuten. Arteari, pinturari eta hileta praktikei buruzko informazioa ere biltzen dugu, portaeraz hitz egiten baitigute. Horrela, puzzlearen piezak pilatzen ditugu.

Zein da aurkitu nahiko zenukeen puzzlearen pieza?

Homo Sapiens zaharrena aurkitu nahi nuke Atapuercan (Espainia). Gustatuko litzaidake ikustea zein izan zen Europara iritsi zen lehena, eta nolakoa zen jakitea. Europako hominidorik zaharrenak ere han aurkitu ditugu, 1,2 milioi urteko fosila. Aurpegi baten zatia da, Europako fosilik zaharrena, eta espero dut fosil gehiago aurkitzea lehen hominidoa nolakoa zen jakiteko.

Aztarnategietan lan egitera ohituta zaude?

Zorte handia dut. Horrelako misterioak gustuko dituen pertsona batentzat luxua da aztarnategietan egotea, amets egiteko aukera bat baita. Zerbait aurkitzen duzunean, hori magikoa da, bizidunen mundura milaka urte lurperatuta egon den zerbait itzultzen duen lehen pertsona zara eta.

Gizakia espezie biolentoa al da?

Gure izaeran indarkeria osagai bat dago, baina ez da gure ezaugarri nagusia. Gure espeziean dauden indarkeria kasuak, garrantzirik kendu gabe, gutxi dira beste animalia batzuekin alderatuta. Ezin dituzu ehun txinpantze gela batean sartu, eta gu hitzaldi batera goaz eta ez da ezer gertatzen. Gure egunerokoa tolerantzian eta agresibitate faltan oinarritzen da; bestela, ez ginateke gai izango autobus batera igotzeko. Gure gizartean hain garrantzitsuak diren bizikidetza arau horiek hausten direnean, salaketa jartzen da, baina ez garelako indarkeriara ohitutako espezie bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.