Irati Diez

Bizidun txiki bezain baliotsuak

2024ko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Natura konplexua da; batzuetan konplexuegia erabat ulertzeko. Hala esan zidan behin lagun batek: «Bioaniztasunari buruzko gaiak oso politak dira, bai, baina konplexuegiak». Izenak berak dio. «Anitzak» dira ekosistema askotako bizidunak, eta anitzak dira, beraz, haien arteko elkarrekintzak. Horregatik, bioaniztasunaren garrantziaz hitz egitean, zaila da batzuetan hura irudikatzea. Ze garrantzi izan dezake niretzat inurri batek? Hori galdetu zuten behin sabanako lehoiek, eta janari gabe geratu ziren.

Alegia itxura duen arren, benetako istorioa da, eta naturaren oreka irudikatzeko adibide aparta. Bost pertsonaia nagusi ditu istorioak: akazia zuhaitza, bertako inurria, elefantea, lehoia eta zebra. Baina alegia askotan bezala, bilaua ere azalduko da: inurri inbaditzailea. Kenyako Ol Pejeta sabanan gertatu da, eta aurreratu bezala, lehoiek beren menua goitik behera aldatu behar izan dute inurri espezie baten desagerpenagatik.

Ol Pejeta parkean, Acacia drepanolobium espezieko zuhaitz sakabanatuek ematen zieten sabanari bere legezko itxura. Haien enborretan Crematogaster mimosae izeneko inurriak bizi ziren, harreman mutualista batean. Akaziek etxea eta nektarra eskaintzen zizkieten inurriei, eta inurriek, bueltan, elefanteengandik babesten zituzten zuhaitzak. Elefanteei asko gustatzen zaizkie akazien hostoak, baina zuhaitz osoa birrintzeko gai ere badira. Inurriek, beren etxea babestearren, azido formikoa jaurtitzen zuten gerturatzen ziren elefanteen tronpetara. Babes-mekanismo eskasa dirudien arren, benetan eraginkorra zen. Bi espezieek, akaziek eta inurriek, batera eboluzionatu zuten, eta bientzat onuragarria zen oreka bat topatu zuten. Baina lehoiek ere ederki asko erabiltzen zituzten akaziak, zebrak ehizatzerakoan zuhaitzaren atzean ezkutatzeko. Ehizatzeko teknika horrek emaitza ederrak ematen zizkien, eta zebrek lehoien elikagaien %70 osatzen zuten. Dena ederki zihoan, Pheidole megacephala inurria agertu zen arte.

2014an atzeman zen lehen aldiz inurri inbaditzaile hori Ol Pejeta parkean, baina agian urteak zeramatzan jada bertan. Munduko ehun espezie inbaditzaile kaltegarrienen zerrendan dago sartua, ekosistema osoak eraldatzen baititu. Inurri espezie horrek ere akaziak atsegin ditu, baina harreman hori ez da mutualista. Bertako inurria baino txikiagoa den arren, inurri inbaditzailea Ol Pejeta parkean sartu zenean, akaziak bereganatu zituen, bata bestearen atzetik. Bertako inurriaren arrautza, pupa eta larba guztiak jan eta inurritegiak suntsitu zituen. Inurri iritsi berriak sustraietan sortu zituen inurritegiak. Akaziek zaindariak galdu zituzten. Aurrez kontatutako istorioa berriz ere idatzi behar da, baina orain bertako inurria elezaharretik ezabatuta. Uste baino garrantzitsuagoa zen, bai, milimetro gutxiko inurri txikia.

Orain Ol Pejeta sabanako eremu batzuetan ez dago akaziarik. Paisaia zabalagoa den gune horietan, hiru aldiz zebra gehiago dago, lehoiek ezin baitiete enboskadarik egin. Baina felidoek alternatiba bat topatzea lortu dute. Orain, errazagoa zaie zebrak baino bufaloak ehizatzea, eta, lehen bakar bat ere ehizatzen ez zuten arren, orain lehoien dietaren %42 betetzen dute bufaloek.

Ez pentsa, ordea, istorioa amaitu denik. Zer gertatzen da orain zebrekin? Ze eragin izango du zebra gehiago egoteak? Eta bufalo gutxiago egoteak? Ol Pejeta sabanan zegoen zuhaitz garrantzitsuena ere desagertzen ari da. Lehoiei bakarrik eragiten die horrek? Sinple bazain konplexua: halakoa da naturaren oreka. Eta batzuetan txiki bezain baliotsuak dira haren elementuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.