ATZEKOZ AURRERA

Bizia kolektiboari emana

Mixel Berhokoirigoin omendu dute Ainhize-Monjolosen, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren bestan, haren heriotzaren lehen urteurrenean. Haren zintzotasuna goraipatu dute.

Mixel Berhokoirigoini egindako omenaldia, atzo, Ainhize-Monjolosen. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Ainhize-Monjolose
2022ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Antzerki baten gisan, bost agerraldi izan ditu Mixel Berhokoirigoinen bizitzak, edo, gutxienez, horrela oroituko dute anitzek. Atzo, zendu zen lehen urteurrenean, omenaldia egin zioten Ainhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea), EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberaren urtebetetzearen karietara. Nola ez, bertan pasatu baitzuen bizitzaren zatirik handiena, lekuko laborantza iraunkorraren alde lanean.

Laborari, sindikalista eta bakegile gisa ezagutzen dute gehienek. Baina antzerkilaria ere izan da Berhokoirigoin; eta, hain zuzen horregatik, haren bizitza obra baten pare ezarri zuten atzo: Txomin Hegi eta Marie-Agnes Gorostiaga taula zuzendariek aurkeztu zuten bi oreneko omenaldia. Lehenik, gaztaroa. Gamarteko (Nafarroa Beherea) Uhartea etxaldean sortu zen, 1952an, eta gurasoen segida hartu zuen, laborari.

Orduan hasi zen xendra berrietatik pasatzen: laborantza eskolan sartu zen, amak akuilaturik. Hazparnen (Lapurdi) egon zen, eta han izan zuen lehen esperientzia militantea. 1968ko maiatza ikasketetan zela ezagutu zuen. Urte hartan, greba eguna egin zuten ikasleek, eta ordezkaritza bat osatu irakasleekin negoziatzeko. Berhokoirigoinek berak kontatu zuen garai hartan gertatutakoa bideo batean, eta, atzo, EHLGren urteburuan lehen aldiko eskas izanagatik ere, haren irudiek eta haren ahotsak hartu zuten gela. Anekdotaz anekdota, bere bizipenak, bere ahotik.

Bidelagun izan dituen dozenaka jende mintzatu ziren. Erraterako, Arño Oxandabaratz, harekin antzerkian aritua: «Usu rol nagusia zuen, ona baitzen biziki». Matalazena egin zuen behin, eta Ainhize-Monjoloseko entzuleek denboran barna bidaiatu ahal izan zuten, Berhokoirigoin Matalazen rolean nola ari zen ikusteko.

Sindikatutik ganberara

Berhokoirigoin laborantza munduko sindikalismoan egindako lanagatik oroitzen dute gehienek. ELB sindikatuaren sorreran izan zen. Mikel Hiribarren laborari eta Itsasuko (Lapurdi) auzapeza mintzatu zen garai hartaz, nahiz eta «hiru minutuz hamarkadetan gertatutakoa kontatzea ez den erraza». Frantziako Estatuko laborantza munduko lagunak ere etorri ziren, eta denek gizon «zuzen eta langile» gisa definitu zuten. Bertsotan laburbildu zuen Patxi Iriartek Berhokoirigoinen ibilbidea: «Mixelek dena ematen zuen / ordainean pentsatu gabe».

ELB sorturik ere, Berhokoirigoinek argi omen zuen laborantza ganbera ezinbestekoa zela Ipar Euskal Herriarentzat eta garapen instituzionalarentzat. ELA sindikatuak eta Manu Robles Arangiz fundazioak laguntza ekarri zuten proiektu hura aitzinera eramateko. Alta, oztopo anitz izan zituzten: orduko prefetak laborantza ganbera ilegalizatzeko mehatxua egin baitzion. Baina, hor ere, aitzina segitu zuen Berhokoirigoinek EHLG sortu arte. Auzitan pasatu zen, eta, gerora, zuritu zuten. Jean Rene Etxegarai egungo Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria izan zuten abokatu. Hitza hartu zuen atzo: «Haren kontrako karguen gainetik aitzina segitu zuen, buruan izanez EHLGk Ipar Euskal Herriko paisaia instituzionalean ukanen zuen lekua».

Bakearen alde

Azken agerraldia bakegintzaren alde egindako lanarena izan zen. 2016tik, Luhusoko operaziotik, Bakegile izan zen Berhokoirigoin. Luhuson (Lapurdi) atxilotu zuten, beste lagun batzuekin batera, 2016an, ETAren arma batzuk desegiten ari zirela. Gau hura ongi gogoan du Txetx Etxeberri bakegileak, hura ere han baitzen. Frantziako Poliziaren presioa sumaturik, Berhokoirigoin deitu zuen, ez zedin etorri. Baina hark baietz, etorriko zela, «han» baitzen haren «lekua». Hala, haren «koherentzia» omendu nahi izan zuen Etxeberrik. Bide beretik mintzatu zen Anaiz Funosas Bake Bideko bozeramailea ere, eta «kolektiboari ekarritakoa» goraipatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.