Eli Pagola. Naiz Irratiko 'Gelditu makinak' saioaren aurkezlea

«Bizi dugun egoera ekologikoak ardura handia piztu izan dit»

Pagola klima larrialdiaz eta krisi ekologikoaz aritzen da Naiz Irratian astelehenero, 19:00etan, hainbat arlotako adituekin; sarean ere entzun daitezke atalak. Esatariak uste du irratia ona dela «amuak botatzeko».

MAIALEN ANDRES / FOKU.
urtzi urkizu
Hernani
2021eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Energia Berriztagarrien Ingeniaritza eta Ingurumen eta Energia Kudeaketa ikasi ditu Eli Pagolak (Hernani, Gipuzkoa, 1995). Irratian egin duen aurreneko lana da Gelditu makinak saioa. Bertsolaria da.

Nola hartu zenuen Naiz Irratiko Gelditu makinak irratsaioa gidatzeko erronka?

Erronka izaten ari da, bai, ondo esan duzu. Baina gustura hartu nuen, eta ilusioa egin zidan proposamenak, baita irratian izateak ere. Beste hedabide batean erreparo gehiago emango zidan, agian. Irratiak berak erakarri egin ninduen.

Klima krisialdiari eta krisi ekosozioalari buruz hausnartzeko egitasmo bat da Gelditu makinak. Gaiarekiko gertutasuna zenuen lehendik ere?

Bai, ikasketengatik hasita. Baina ikasketez harago, interes propioa dut gaiarekiko. Bizi dugun egoera ekologikoak ardura handia piztu izan dit. Irratsaioak aukera eman dit gaia sakonago lantzeko eta adituekin elkarrizketak egin ahal izateko. Kazetaritzaz, ordea, aitortzen dut ezer gutxi dakidala.

Hala ere, kazetari lanaz ikasiko zenuen zerbait azkeneko hilabeteetan, ezta?

Bai, grabatu dugun lehen saiotik azkenekora alde handi samarra nabaritu dut. Beste segurtasun bat hartu dut.

Ertz ugaritatik ari zara gaiari heltzen. Atal batean entzun zaio, adibidez, Aitziber Sarobe irakasleari kexuka hezkuntza sisteman oso tarte eskasa duelako klima krisialdiak.

Oro har, programaren helburua zen, atal bakoitzean krisi ekosoziala bere horretan landu gabe, argazki orokor bat egitea: 32 atalen bidez, konposizio bat egitea. Gainera, gai asko gelditu zaizkigu kanpoan. Aitziber Saroberi dagokionez, oso zehatz aritu zen hezkuntzaren ikuspuntutik. Hark aipatu zuen asko kostatzen zaigula gaia gure inguruan kokatzea, eta gurea eta bertakoa ezagutzeko ardura daukagula.

Zer egin zaizu zailen irratsaioan?

Zailena egin zaidana izan da kazetari papera hartzea. Saiatu naiz elkarrizketak ahalik eta modurik naturalenean egiten, kazetari ez naizela jakitun, baina gaiarekiko interesa badudala. Beste batzuentzat plaza bat sortzen ari ginen, eta elkarrizketatuari kontrapuntuak ere aurkitu behar nizkion.

Nolako tresna iruditzen zaizu irratia gai horiei heltzeko?

Ni neu oso irratizalea naiz. Esango nuke irratia baliagarria dela, eta beste zerbait egiten ari zaren bitartean entzun dezakezula. Amuak botatzeko ere hedabide ona da irratia. Gero, gaiarekiko interesa duen entzuleak heldu diezaioke sakonago.

Gaur egun Interneti esker entzuleak badu aukera interesekoa duen gaia bilatu eta nahi duenean entzuteko.

Bai, eta esango nuke irratsaio formako podcasta dela Gelditu makinak. Telebistan ere gero eta gehiago gertatzen da kontsumo hori. Edukia nahi duzun unean jasotzeko aukera primerakoa da.

Bertsolaria zara. Nola alderatuko zenituzke bertsotan mikro aurrean jartzean dituzun sentimenduak eta irratiko mikro aurrean jartzean dituzunak?

Gauza bat da jende aurrean melodia batekin bertsotan aritzea, eta bestea jenderik eta publikorik gabe hizketan aritzea. Oso praktika desberdinak dira. Baina aldi berean, plazan aritu izanak lagundu dit elkarrizketak naturalago egiten eta kode batzuk sortzen, baita lotsa galtzen ere.

Egingo al zenuke irratsaio bat edo telebista saio bat bertsolaritzari buruz?

Telebista saioa ia ziur ezetz, ez dutgustuko kamera aurrean azaltzea. Irratiak aukera ematen dizu beste modu batean egoteko. Entzun, behintzat, entzungo nituzke bertsolaritza irratsaioak.

Euskara hutsean egindako saioa da Gelditu makinak. Hor badago apustu bat Naiz Irratiaren aldetik?

Bai, zenbait adituri eskatu behar izan diegu beste aditu baten kontaktua emateko, euskara maila txukunean egin nahi genun-etaprograma. Inguruan badaude euskaraz ez dakiten erreferentziazko aditu batzuk. Saioan entzuten diren kanta guztiak euskaraz dira. Filmen eta telesailen gomendioetan, uzten ditugu tarte batzuk jatorrizko hizkuntzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.