Udako proposamenak

Bisita antzeztuak Buradon Gatzagan

Uztaileko igandeetan bisita antzeztuak egingo dituzte Buradon Gatzaga herri harresitua erakusteko.

Buradon Gatzagako bisita gidatu bat. Artxiboko irudi bat. VISIT LA RIOJA
Buradon Gatzagako bisita gidatu bat. Artxiboko irudi bat. VISIT LA RIOJA
unai etxenausia
2024ko uztailaren 10a
05:00
Entzun

Bisita antzeztuaren formatua berreskuratuko dute udako hilabeteetan, Buradon Gatzagako (Araba) historia, ondarea eta kondairak bisitariei kontatzeko. Izan ere, Logroñoko (Espainia) Sapo Producciones antzerki konpainiak gidaturik egingo dituzte Arabako Errioxako herri harresitua erakusteko eta hartaz irakasteko bisita antzeztuak. Uztailean egingo dituzte bisitaldiak, igandeetan, eguerditik aurrera. 2003ko otsailaren 4an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen hirigune historikoa, monumentu multzo sailkapenarekin. Ordutik, turismoak garrantzi nabarmena duen herri bat bilakatu da.

Oñatiko kondeen jauregian egingo diete ongietorria bertaratutakoei, eta, ondoren, ibilbide baten bitartez, herriko hainbat leku ikusteko aukera izango dute. Harresiaren atetik hasita, herriaren abiapuntu historikoa azalduko diete antolatzaileek bisitariei. Ondoren, iturriaren alboan, Zoraida printzesa mairuaren kondaira kontatuko dute. Azkenik, herriko biztanlerik zaharrenaren istorioa ezagutu ahalko dute.

Umorezko antzezpena

Antzerki ibilbide bat antzerkia eta turismoa uztartzen dituen ikuskizun bat da. Aktore talde batek antzezlan bat edo hainbat eszena interpretatzen ditu hiri edo lurralde bateko hainbat tokitan, eta ikusleak, bitartean, ibilbidean zehar ibiltzen dira, gidari lanak egiten dituen pertsona bati jarraikiz, bertako historia ikasiz. Hau da, artistak ezustean agertzen dira, eta pertsonaia historikoak edo fikziozkoak interpretatzen dituzte. Istorioa hainbat kokapenetan kontatzen dute, ibilbiderako esanguratsuak diren lekuetan, hala nola monumentuetan, eraikin historikoetan, plazetan, kaleetan eta abarretan.

Umorezko gidoiak erabiltzen dituzte azalpenak emateko. «Umorea ordezkatzen gaituen erregistro bat da, konpainia sortu genuenetik lantzen duguna. Proposatzen dugun antzerki gehiena komedian oinarritzen da, edo, behintzat, komedia dosi handiak ditu. Denborak aurrera egin ahala, ikusi dugu umore dosia duten ikusleek hobe erreakzionatzen dutela, eta, era berean, historia egokiago ulertzen dutela», azaldu dute konpainiako kideek.

Are gehiago, konbentzituta daude umoreak eragin positiboa duela ikuslearen arreta gaitasunean: «Eszena ezberdinetako antzerki hizkuntzak aldatzen eta tartekatzen saiatzen gara, hala nola antzerki komiko absurdoa, errealismoa, drama eta musikala. Gainera, publikoarekin une oro parte hartze berezia lortu nahi dugu, antzerki jokoan parte hartuz». Hala ere, aktoreen esketx guztiak modu serioagoan egindako azalpenekin osatuko dituzte.

Bisitak 5 euroko prezioa du, eta doakoa da 8 urtera arteko umeentzat. Izena emateko, Bastidako (Araba) turismo bulegora (945-33 10 15) deitu behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.