Zuriz eta gorriz koloreztatutako Iruñeko alde zaharra atzean utzita, Takonera parkea dago, kolorez betea. Fantasian oinarritutako pertsonaiek apaintzen dute Birjolastu gunea: Yadur Yilufu, Pochito, Blues-Lee, Fernandloz, Anthony Crazy Raquet, Gaty, Bisvapor eta Pulverigaultzal, besteak beste. Birjolastu gunea, printzipioz, 12 urtetik beherakoentzat prestatuta dago, baina zaharragoek ere aukera dute parte hartzeko. Jolasen bitartez kontzientzia soziala eta birziklapena bultzatzea da helburua, eta, horregatik, material erabiliak baliatzen dituzte.
Goizeko hamaikak. Zuriz eta gorriz margotutako autokarabanaren atea gogorki jo dute Alaia eta Irene ahizpek: «Barkatu, irekita dago?», esan du Irenek. Oraindik goiz da, itxaron beharko dute Renatak atea ireki arte. Bien bitartean, haien lagun Anderrekin buelta bat eman dute postuetan barrena. «Atzo garbitegian egon nintzen arrebarekin, eta oso dibertigarria izan zen», esan du Anderrek. Bertan bi garbigailu zahar daude, eta, horien gainean, arropa garbia zintzilik.
Ondoan, egurrezko mahai luzeak daude, eta sukaldeko tresneria jartzen dabil Oihane Larraza animatzailea. Mosaikoetan eta zirkuko postuan ari da lanean Larraza, eta espero du hurrengo egunak lasaiak izatea: «Asteburuan jende pila bat etorri, eta hau dena bete zen». Karabana ondotik kutxa bat hartu du animatzaileak, zirkuko eremura prestatzeko.
Denontzako moduko jolasa
Ordua iritsi da. Megafonoetatik atzerako kontaketa entzun da: «3, 2, 1, ireki da Birjolastu!». Hori entzun bezain pronto, Alaia, Irene eta Ander karabanara joan dira korrika, Renataren bila. Karabanaren atea ireki, eta Renata agertu da, freskagarrien latak elkartzeko erabiltzen diren plastikoekin egindako gona zabal bat jantzita. Eskuan dituen orriak umeen artean banatu ditu, eta haien aurpegi erneen aurrean jolasaren arauak azaldu ditu: «Parkean hamabi postontzi agertu dira, Birjolastu parkean bizi diren bizilagun fantastikoenak. Postontzi bakoitza giltzarrapo batekin itxita dago, eta objektu bat gordetzen du. Parkean pertsonaia fantastikoen deskribapenak daude; irakur itzazue arretaz, eta aurkitu ezkutatuta dauden lau zenbakiak postontzia irekitzeko».
Azalpena entzun, aitari arkatza eskutik kendu, eta korrika abiatu dira hiru lagunak, arrastoen bila. Renatak azaldu du postontzian dagoen objektuari beste erabilera bat ematea dela jolasaren azkeneko urratsa: «Irudimena erabili behar dute. Boligrafo bat termometro bat ere izan daiteke, edo txirula bat. Ez dago erantzun okerrik».
Kozinatzeko, garbitzeko, kirola egiteko eta margotzeko jolasak daude, baina arrakastatsuena beltzez tindatutako autoarena da. Arbel pinturaz estalitako autoaren inguruan pilatuta daude gazteak eta ez hain gazteak, klariona eskuan autoa apaintzeko prest: norberaren izena, txakur bat, eguzkitako betaurrekoak dituen auto gidari bat...
Birziklatzearen garrantzia transmititzea denez gero jolasen oinarria, nola birziklatu behar den ere erakusten dute, errealitate birtualaren bitartez: betaurrekoak jarri, eta plastikozko botila zein edukiontzitan bota behar den erabaki behar dute umeek. Pneumatiko beltzen artean itota dago Ander Garraldaren semea; izan ere, bost jarri ditu bere gorputzaren inguruan. «Orain ezin du burua atera ere», esan du haren aitak, irriz.
Parkean dagoen iturria ozeano bihurtu da, itsasontziz josita baitago. Apar goma erabilita, ume bakoitzak bere ontzia sortu du, eta olatuen artean murgildu. Olatuen artean ume bihurri baten eskuak agertu dira, eta anaia goitik behera busti du. Eraso bortitz horren kalteak ontzi batzuek ordaindu dituzte, haien belak iturriko uretan ito baitira.