Zientzia

Birusak kutsatutako ikerketak

Koronabirusaren krisiak baldintzatu egin du Euskal Herrian natur zientzien arloan lan egiten duten ikerketa zentroen jarduera. Batzuen ohiko erritmoari zuzenean eragin dio, eta beste batzuenei ez horrenbeste. Denek espero dute, ordea, ahal bezain lasterren hastea normaltzen.

DIPCeko superkonputazioko zentroan lanean ari dira. DIPC.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Aurreikusi gabeko egoera eragin du koronabirusak gizartean, eta haren hedapena geldiarazteko neurriek arlo guztiak zipriztindu dituzte. Baita zientzia eta ikerketa ere. Etxeko konfinamenduan daude ikerlariak, eta egoera horretan laborategian zituzten proiektu asko gelditu egin behar izan dira. Baina aurreratuta zituzten beste ikerketa askorekin jarraitu ahal izan dute. Natura zientzietan aritzen den zentro bakoitzaren egoera ezberdina da, batzuei koronabirusaren krisiak ez baitie hainbeste eragin. Jardun normalean, ordea, denek hasi nahi dute azkar.

1. Nola ari zaizue eragiten geldialdi hau martxan dituzuen ikerketetan?
2. Zenbateraino baldintzatu dituzte ikerketak?
3. Konfinamenduan zehar, nola ari zarete bideratzen ikerketa horiek?
4. Aurrera begira, zein aurreikuspen daukazue? Ikerketa horiekin jarraitu ahal izango duzue?

MAREN ORTIZ EHUko Biologia fakultateko eta Plentziako Itsas Estazioko ikerlaria
«Baldintza berriak ezagutu arte ez dugu jakingo nola egin lan»

1. «Oraintxe, ikerketaren alde esperimentala geratuta daukagu. Laborategietan ezin garenez sartu, ezinezkoa da esperimentuen eta analisien garapena egitea. Arazo handia da izaki bizidunekin lan egiten dugun taldeetan. Zenbait esperimentu bertan behera geratu dira, ezinezkoa baita baldintza horiek modu egokian mantentzea».

2. «Aurreikusita zeuden analisi eta esperimentuak ezin egiteak epeak atzeratzea ekarriko du. Arazoa larria da urte sasoiaren mendeko ikerketa proiektuetan. Guk zenbait espezieren ugalketa aztertzen dugu, eta udaberria izaten da garairik egokiena. Aurten,ezinezkoa izango da. Horrek ekarriko du proiektua denboran luzatu behar izatea egoki garatu ahal izateko».

3. «Konfinamenduan, orain arte eskuraturiko emaitzak aztertzean eta eztabaidatzean zentratzen ari gara. Era berean, aukera ematen du emaitza horien inguruko ideia berrien inguruan hausnartzeko eta publikazioetan lan egiteko. Ordenagailu bidezko analisiak bakarrik ari gara aurrera eramaten».

4. «Ikerketak berriz hartuko dira, baina argi dago baldintza berriak ezagutu arte ez dugula jakingo nola egingo dugun lan. Zenbat jende aritzea baimenduko den laborategi bakoitzean, adibidez. Era berean, zenbait lan berriro hasi edo errepikatu beharko dira, erdibidean geratu direlako edo hasi gabe».

ANTONIO G. PISABARRO NUPeko IMAB biologia ikerketa institutuko zuzendaria
«Proiektuen atzerapenak paraleloak izango dira»

1. «Unibertsitatea itxi zenez geroztik, IMABeko laborategietako ikerketak geldituta daude. Gure ikerlariak lantzen ari diren lanak gisa honetakoak dira: bibliografikoak, datuen analisikoak, edo bioinformatikoak».

2. «Eragina larria da, lan guztiak atzeratuko baititu. Kasu batzuetan, gainera, lantzen ari ziren material biologikoak honda daitezke. Ez dakigu noiz hasiko garen jardun normalean, baina gustura nengoke laborategietako makinak uda hasieran martxan jarriko bagenitu».

3. «Etxetik egin daitezkeen lanak ari gara egiten: bibliografikoa, analitikoak...».

4. «Nik uste dut baietz, geldialdi hau sektore guztietan batera gertatu baita. Proiektuen atzerapenak paraleloak izango direla uste dut. Gure jarduera guztietan sei hilabeteko atzerapena izango dugula onartuz gero, proiektu gehienek aurrera jarraitu ahalko dute».

JESUS JIMENEZ BARBERO CIC Bioguneko zuzendari zientifikoa
«Birusaren diagnostiko serologikorako teknikak garatzen ari gara»

1. «Esku artean ditugun proiektuak anitz dira, eta garapen momentu ezberdinetan daude. Proiektu batzuek metodo bioinformatiko eta konputazionalak dituzte, eta horiek aurrera jarraitu ahal izan dute, gailu informatikoetarako sarbidea ez delako mugatu. Baina beste proiektu batzuek beste behar batzuk dituzte: datuen bilketa, esperimentazioa edo analisia. Horregatik, proiektu bakoitza zegoen momentuan egonda, eragina ezberdina izan da. Hasierako fasean zeuden askori eragin die».

2. «Oraindik ez dugu zenbatu zenbaterainoko eragina izan duen».

3. «Hasieran, telelana sustatu genuen, eta pertsona gutxi batzuek sarbidea izan zuten laborategira, atzeratu ezin ziren esperimentuekin jarraitu ahal izateko. Martxoaren 29ko dekretuaren ondoren, gutxieneko jarduerei eutsi zitzaien bakarrik: animalien edo landaketen zaintza, eta COVID -19ari lotutako proiektuak. SARS-CoV-2 birusaren diagnostiko serologikorako teknika azkarrak garatzen ari gara. Horrekin batera, lan egiteko adinean dauden pertsonen barruan dauden arrisku taldeak zehazteko egitasmo batean ere lanean ari gara, SARS-CoV-2aren immunitatea garatzeko zein faktore gara daitezkeen aztertzeko».

4. «Pentsatzen dugu baietz. Konfinamendu gradua leuntzen joango dela pentsatzen dugu, eta gure erantzuna errealitate horretara egokituko dugu».

RICARDO DIEZ MUIÑO Donostia International Physics Centerreko zuzendaria
«Egoerak balio dezake denbora eskatzen duten arazoetan sakontzeko»

1. «DIPCen, munduko ikerketa zentro gehienetan bezala, ikerketa teoriko eta esperimentalak egiten ditugu. Oinarri teorikokoetan, etxetik egiten den lana errazagoa da, eta ohikoa zientzialari askorentzat. Horren lekuko da DIPCeko Superkonputazio Zentroko jarduera, simulazio numerikoak bidaltzen ari dira etengabe. Laborategien kasuan, ordea, esperimentazio jarduera oro geldituta dago une honetan».

2. «DIPCek nazioarteko bisitariekin osatutako programa bat dauka, eta atzerriko ikerketa zentroetako ordezkariak etorri ohi dira. Une honetan lan ildo hori itxita dago, baina, zorionez, harremanari eusten diogu. Aste hauetan ikerketa zentroan egon ohi den atmosfera hori galtzen ari gara, elkarrizketetatik proiektu interesgarriak sortzen direneko giro hori».

3. «Konfinamendu garai honek balio dezake denbora eta lan asko eskatzen duten arazoetan sakontzeko, eta proiektu askoren emaitzat idazteko garai aproposa ere izan daiteke. Beste zientzialariekin egin beharreko ideien trukea baliabide elektronikoen bidez egin daiteke, baina egia da ez dela gauza bera».

4. «Egoera honek zenbat iraungo duen, horren araberakoa izango da ikerketa zentroan eragingo duen kaltea. Epe motz batek ez liguke asko eragingo, baina jardueera esperimentalaren berreskuratzeak asko kezkaten gaitu. Egoera honek luze irauten badu, gure jarduera askoren formatua aldatu beharko dugu, eta gizartearekin ditugun komunikazio bideak birbideratu».

JESUS VALERO Tecnaliako teknologia arloko zuzendari orokorra
«Tecnaliaren etorkizuna enpresenarekin batera lotuta joango da»

1. «Tecnalian jarduerari eusten saiatzen ari gara bi bidetatik: telelana eta laborategietako presentzia fisikoa posible den kasuetan. Horregatik, esan dezakegu ikerketek martxan jarraitzen dutela, nahiz eta horietako batzuen garapen fasearen arabera erritmoa geldotu egin den».

2. «Orokorrean, proiektuetan lanean jarraitzen dugu».

3. «Beste herrialdeetan dauden enpresa, unibertsitate, zentro edo bazkideekin proiektu asko partekatzen ditugu. Horregatik, esan dezakegu ohituta gaudela bilera telematikoetara. Harremanei, beraz, bere hartan eusten diegu, eta proiektuek beren ildotik jarrai dezaten saiatzen ari gara».

4. «Ikerketak ez dira gelditu, erritmoa gelditu baizik. Horregatik, espero dugu ahal bezain lasterrena hasiko direla berriro ohiko martxan. Proiektu berriek berarekin dakartzaten aukera eta ezegonkortasunei erreparatu beharko diegu. Azken batean, Tecnaliak enpresekin egiten du lan, eta gure etorkizuna eurenarekin lotuta joango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.