Hemeretzi egun pasatu dira jada Euskarabentura espedizioa Mauletik abiatu zenetik. 121 gazte euskaldun Euskal Herriko zazpi herrialdeak zeharkatzen ari dira, eta haien arteko harreman sarea indartzen ari da.
Hernanitik Irunera (Gipuzkoa), 25 kilometroko etapa egingo dute gaur jzioquitarrek, Jakoba Errekondo paisajistaren konpainian. Gero, Asisko Urmenetarekin, mugaren eta kontrabandoaren inguruan ariko dira, eta Euskal Herrian bizi diren hainbat etorkinekin, migrazioen inguruan.
Tolosatik Hernanirako (Gipuzkoa) bidea osatu zuten atzo. Bidean, Andoainen geldialdia egiteko aprobetxatu zuten, BERRIAren egoitza eta Martin Ugalde kultur parkea bisitatzeko. Biek euskalgintza eta euskararen erabilera sustatzea dute helburu, eta gazte askok lehen aldiz bisitatu zuten. Fotokazetaritza tailer bat ere egin zuten, kultur parkeko leku esanguratsuenak iruditan biltzeko.
Bisitaren ondoren, Hernanirako bidea hartu zuten berriro ere, eta 17:30 aldera bukatu zuten 21 kilometroko etapa. Sexualitate aniztasunaren inguruko hitzaldia eman zien Hiruki Larrosa kolektiboak, Biteri kultur etxean. Elkarte horrek pentsamendu transfeministaren aldeko aldarria egin zuen, espedizioko kideen artean kontzientziazioa eta sentsibilizazioa sustatuz.
Euskararen arnasgune bi
Martin Ugalde kultur parkea bisitatzeak Euskarabentura espedizioaren helburuetako batekin bat egiten du: gazteei bestela beharbada ezagutuko ez lituzketen euskarazko erreferenteak eskaintzea (musikariak, kultur arloko edo gizarte eragileak, bertsolariak...).
Igone Mariezkurrena Euskarabenturako komunikazio arduradunaren arabera, euskararen, euskalgintzaren eta euskal kulturaren bihotza edo biriketako bat da parkea, eta BERRIA egunkaria, berriz, euskarazko komunikazio alorrean erreferente nagusia. Hortaz, egunkariaren eta parkearen errealitatea bertatik bertara ezagutzeko parada izan zuten gazteek.
Jzioquitarrek argi ikusten dute bien arteko lotura. Oskia Perez iruindarrak azpimarratu zuen helburu bera dutela: euskara gehiago erabiltzea. Lehen aldiz bisitatu zuen egoitza Perezek, eta han zegoen giroak «kazetaritzarako grina» piztu zion. Orioko (Gipuzkoa) Joxe Mari Unanue jzioquitarrak ere Euskarabentura eta BERRIA «euskararen normalizaziorako tresna garrantzitsua» direla nabarmendu zuen.
Zudairiko (Nafarroa) Ana Falxarentzat rol oso garrantzitsua du egunkariak euskalgintzaren arloan: «Oso lan garrantzitsua egiten du zazpi probintzietan informazioa euskaraz zabaltzeko».
Bisitak eta dinamikak
Euskarabenturak, Euskal Herria zeharkatu eta ezagutzeaz gain,gizarteko hainbat gai euskaraz lantzea du helburu. Eduki ugari lantzen dituzte horretarako, etapak egiten ari ez direnean.
Gazteek gustura hartzen dituzte hitzaldiak, nahiz eta batzuetan nekatuta egoten diren. Falxak, esaterako, uste du «interesgarriak» direla, nahiz eta batzuetan, nekeagatik, luze samar egin. Jakin-min handiagoa sortzen dioten gaiei jarraitzea errazagoa egiten zaio gazteari.
Unanuek ere adierazi du «oso interesgarriak» direla: «Gai ugari jorratzen ditugu; oso aberasgarria da guretzat». Hark ere dio tarteka ordutegiak eta nekeak zaildu egiten dutela hitzaldia jarraitzea, baina gustura entzuten dituela gonbidatuek esandakoak.
Mariezkurrena, bestalde, «harrituta eta poz-pozik» dago, gazte taldea «oso kritikoa eta jakin-min handikoa» delako. Diskurtsoa landua dutela uste du komunikazio arduradunak, «dinamiketan adi baitaude eta galdera mamitsuak egiten baitituzte».
Nesken jarrerak harritu du batez ere Mariezkurrena: «Gure belaunaldia baino askoz ere indartsuagoak direla uste dut, segurtasunari eta autoestimuari dagokienez». Konplexu gutxiagorekin ikusten ditu, «beren buruaz seguruago».
Euskarabentura
Birikak euskalgintzaz betetzen
Euskarabentura espedizioa BERRIAren egoitza nagusian izan da, Andoainen. Martin Ugalde kultur parkearen leku esanguratsuenak ere bisitatu dituzte 121 gazteek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu