Birigarro bat dabil hegan Basabizin

Basa fauna berreskuratzeko Gipuzkoako zentroa da Basabizi. Urnietako Arizmendi lursailean dago, eta han jaso eta zaintzen dituzte aurrera egin ezinda gelditzen diren animalia zaurituak, berriz naturara itzultzeko. Bi urte eta erdian 1.500 artatu dituzte.

Zaurituta jasotako errege birigarroa osatu egin dute Basabizin. BERRIA
Zaurituta jasotako errege birigarroa osatu egin dute Basabizin. BERRIA
enekoitz telleria sarriegi
Urnieta
2024ko azaroaren 26a
05:00
Entzun

Sasiarte batetik dator zalaparta, eta sustoa. Ehiza postuetatik tiroak, eta burrunba. Hutsik darama onddoz beteta beharko lukeen saskia. Sasitzara joan zaio begirada. «Zer demontre da hori?». Gris kolorekoa dauka bizkarraldea, eta iluna du isatsa. Pinporta beltzak paparrean. Birigarro arrunt batenak dira trazak, baina ohikoa baino handiago dirudi. Izua du begirada. Garrasika eta aiumaka hasi da gerturatu orduko. Hegan egin nahi du, baina ezin du. Apurtuta dauka ezkerreko hegoa, eta odol hari txiki bat ikusten zaio. Mokoka defendatu da. Hanketatik hartu du, min handiagoa eman gabe. Lurrean utzi du berriz. «Zer pena. Piztiaren batentzako bazka», pentsatu du bere baitan. Iritsi da autora, eta damutu. Hartu du toalla zahar bat, eta mendira igo da berriz. Lehengo tokitik lau metrora aurkitu du, kostata atera du sasiartetik, bildu du toallan, eta sartu du saskian. Utikan arantzen harramazkak eta birigarroaren kexuak. Basabizira doa handik zuzenean. Urriaren 30ean, durdula edo errege birigarro bat (Turdus pilaris) sartu zen Gipuzkoako basa fauna berreskuratzeko zentroan, Urnietan. Otzaurten jasotakoa (Zegama, Gipuzkoa), artikulua sinatzen duen pertsona berberak.

Azaroaren 19a da Basabizin, eta eguzki betean dago. Laida Las Heras biologoak ireki du atea barrutik. Harena da harrera eta azalpena. Basabiziko albaitari laguntzailea da. «Lastima. Ez dago animalia asko. Asteburuan askatu ditugu gehienak». Ez da seinale txarra. Iritsi den azkena: atalar bat (Burhinus oedicnemus). «Bi iritsi ziren, baina bat hil egin da. Honek kolpe bat zeukan, eta osatu da kolpe horretatik, baina okerrena da ez dela jaten ari. Zundaketa bidez ari gara elikatzen». Zer leku den? Las Herasek esan du: «Animalien ZIUa da hau, zainketa intentsiboetako unitatea». Mantekin estalita dituzte batzuen kaiolak, eta etxola txikietan sartuta daude beste batzuk. «Saguzar txiki bat da hau [Pipistrellus pipistrellus]. Orain ez dira horrenbeste iristen, baina udan mordo bat iritsi zaizkigu. Baita kumeak ere, eta esnearekin elikatzen ditugu. Nik uste orain gehiago iristen direla jendeak nolabait beldurra geldu dielako eta haien garrantziaz jabetzen direlako». Kaio hankahori bat kaiolarik handienean (Larus michahellis). «Kaioen paralisi sindromea dauka. Gelditzen dira mugitu ezinda, hegan egin ezinda, eta ibili ere mozkortuta baleude bezala ibiltzen dira. Egun batzuk igaro ostean, ordea, osatu egiten dira. Gehiagotan ere gertatu izan zaigu. Hau ere aurki utziko dugu aske».

Hegazti zangaluze eder bat da atalarra ('Burhinus oedicnemus'). Basabizikoari kolpea osatu zaio, baina ez da jaten ari. ANDONI CANELLADA / FOKU
Hegazti zangaluze eder bat da atalarra ('Burhinus oedicnemus'). Basabizikoari kolpea osatu zaio, baina ez da jaten ari. ANDONI CANELLADA / FOKU

Basabizi zentroak 5.000 metro karratu ditu: harrera modulu bat —urteko egun guztietan 24 orduz animaliak hartzeko aukera ematen duena—, modulu kliniko administratibo bat —X izpiak, inkubagailuak, eta operazioak nahiz analisiak egiteko ebakuntza gela bat duena—, bulego bat, biltegi bat, eta hegaztientzako espazio zabalak, hegan egiteko ahalmena berreskuratzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak ireki zuen 2022an, eta joan den urrian eman zituen datuak: 1.500 animalia baino gehiago artatu dituzte bi urte eta erdian. Hegaztiak dira gehienak (%85), ugaztunak gero (%10) eta narrastiak azkena (%5). Sendatu egiten dira gehienak (%60), eta euren inguru naturaletara itzultzen dituzte. Ezin denetan  —ezintasunen bat dutelako edo espezie exotikoak direlako—, inguruko zentroetara bideratzen dituzte. «Zaurituta iristen dira batzuk, tirokatuta ere bai beste batzuk, baina ahuleriak jota eta gosez iristen dira gehienak, eta berehala osatzen dira horietako asko. Bai behintzat, gaixotasunen bat edo kalte neurologikoren bat eduki ezean. Hemen edukitzen ditugu bitartean, eta hau izaten da askatu aurreko urratsa», azaldu du Las Herasek, paseriformeen kaiolara gerturatu aurretik. Sorpresa bat dago han, baina amaierarako da hori.

Geroz eta saguzar gehiago jasotzen eta artatzen dituzte Basabizin. Argazkikoa, pipistrelo txiki bat da ('Pipistrellus pipistrellus'). ANDONI CANELLADA / FOKU
Geroz eta saguzar gehiago jasotzen eta artatzen dituzte Basabizin. Argazkikoa, pipistrelo txiki bat da ('Pipistrellus pipistrellus'). ANDONI CANELLADA / FOKU

Aitor Lekuona biologoak, Gipuzkoako Aldundiko Basa Animalia eta Landareen zerbitzuburuak azaldu du zein den prozedura ohikoena: «Telefono zenbakiekin eta bestelakoekin asko nahasten ibili gabe, egokiena da 112ra deitzea. Basa animalia bat dela kontuan hartuta, horretarako protokoloak jarriko dituzte abian, eta basozainek dute, izatez, animalia hori jaso eta hona ekartzearen ardura. Ekar dezake norbaitek zuzenean ere. Ez da ohikoena, eta ez da gomendagarriena ere, baina egin liteke».

Animalia hori zentrora iristen denean, fitxa bat betetzen da: non jasotakoa den, noiz, nork… «Inportantea da fitxa hori ongi betetzea. Bi albaitari daude hemen eta albaitari laguntzaile bat. Baina inguruan sare bat osoa dago: aldundiko teknikariak, basozainak… Horien guztien artean banatzen dugu fitxa horretan agertzen den informazioa». Eta informazio garrantzitsua da: «Zeren egon liteke lotuta ehizako gertakariren batekin, edo pozoitze batekin. Epaitegietan amaitzen duten kasuak daude, zigor administratiboak daude… inportantea da datu horiek guztiak hasieratik jasotzea, baita animalia hilda badago ere. Zer animalia den, non jaso duten, zer egoeratan… Zaintza kate bat errespetatzea eta gordetzea oso inportantea da».

Hegazti harrapari asko agertu ohi dira zaurituta. Argazkikoa, hontz zuri bat da ('Tyto alba'). ANDONI CANELLADA / FOKU
Hegazti harrapari asko agertu ohi dira zaurituta. Argazkikoa, hontz zuri bat da ('Tyto alba'). ANDONI CANELLADA / FOKU

Ehizaren gaia agertu da. Datuak jakinak dira, baina Lekuonak «bilakaerari» erreparatzeko eskatu du. Duela 20-30 urtetik hona, aldaketa «izugarria» izan dela dio, eta «onerako» izan dela: «Lehen, halako zentroetan sartzen zen animalien ehuneko handi bat lotuta zegoen ehizarekin, edo ehizari lotutako portaera ezegokiekin. Gizartea aldatu egin da, eta ehiztari kolektiboa ere aldatu egin da. Kolektibo hori txikiagoa da orain. Eta kolektibo horretako kideak askoz ere arduratsuagoak dira orain. Sartzen direla ehiza garaian tirokatutako animaliak eta horietako batzuk babestutakoak direla? Bai. Baina bilakaerari begiratuta, askoz ere gutxiago dira orain».

Askorentzat, ez da ulertzen erraza. Geroz eta animalia gehiago iristen badira zentrora, zer ari da gertatzen, orduan? Lekuonarena da azalpena: «Ez dira gehiago sartzen ehiztariek gehiago tirokatzen dituztelako. Ez, ez, askoz gutxiago tirokatzen dituzte. Gizartea da aldatu dena. Jendea lehen baino gehiago joaten da mendira: pasieran, korrikan, bizikletan, eskalatzen… Basa faunarekin lehen baino topaketa gehiago daude orain. Eta kontzientziazioa: norbaitek ikusten badu animaliaren bat zaurituta, ekarri egiten du».

Aitor Lekuona biologoa, Gipuzkoako Aldundiko Basa Animalia eta Landareen zerbitzuburua, Basabizin. ANDONI CANELLADA / FOKU
Aitor Lekuona biologoa, Gipuzkoako Aldundiko Basa Animalia eta Landareen zerbitzuburua, Basabizin. ANDONI CANELLADA / FOKU

Alde horretatik, hilda dauden animaliak jasotzea ere inportantea dela dio Lekuonak. Mehatxatuta dauden espezie askoren kasuan, adibidez, «eta tamalez», informazio iturri nagusi eta bakarra izaten direlako errepideetan-eta hilda agertzen diren ale horiek. Azaldu du jasotzen dituztela espezie exotikoak ere, eta haientzat buruhaustea izaten dela hori, askotan: «Geure animalia basatiekin helburu nagusia zein den oso argi dago: jaso, ahal dela sendatu, eta berriz ere naturara bueltatu. Baina exotikoak ezin dira berriz ere askatu. Batzuetan, agertzen da jabea, eta bueltatzen diogu. Beste kasu batzuetan, nahiz eta exotikoak izan, babestutakoak direnez, arduraz jokatzen dugu eta beste zentro batzuetara bideratzen ditugu. Ez dira zentro honen izaera bera dutenak, ingurumen heziketa lehenesten dutenak dira gehiago. Adibidez, Lezaunen dago bat [Nafarroa], Basabere».

Laida Las Heras biologoa, Basabiziko albaitari laguntzailea. ANDONI CANELLADA / FOKU
Laida Las Heras biologoa, Basabiziko albaitari laguntzailea. ANDONI CANELLADA / FOKU

Iritsi da sorpresaren unea. Paseriformeen kaiola. Karnaba bat lehenengo, txantxangorri bat hurrena, eta Japoniako urretxindor bikote exotikoa. Zalapartaka hasi dira batera eta bestera kazetaria eta argazkilaria sumatu dituztenean. «Karnaba, eraztunduna da, hazleren batena. Urretxindor horiek inbaditzaileak dira. Eta txantxangorri parea elkarri itsatsita eta lumatuta iritsi zen sagu tranpa batean sartu zirelako. Hil egin zen bata, eta hori da bestea», azaldu du Las Herasek. Baina badago beste hegazti bat bazter batean, kaiola barruan jarritako pinu adarren atzean, ezkutuan. Gris kolorekoa dauka bizkarraldea, eta iluna du isatsa. Pinporta beltzak paparrean. Ez garrasirik, ez aiumarik, eta ez izurik. «Hori da zuk ekarritako birigarroa», esan du Las Herasek. Eta Basabizin dabil orain hegan.

ZENTRO OFIZIALAK

  • Araban: Martiodako basa faunaren zentroa. Telefono zenbakiak: 945-24 85 15 eta 635 74 93 81. 
  • Bizkaian: Gorlizko birgaitze zentroa. Telefonoak: 946-77 48 52 eta 944-46 52 97.
  • Gipuzkoan: Urnietako Basabizi zentroa. Telefonoak: 943-00 04 20 eta 636 05 79 31.
  • Nafarroan: Ilundaingo zentroa. Telefonoa: 112.
  • Ipar Euskal Herrian: Uztaritzeko (Lapurdi) Hegalaldia elkartea. Pirinio Atlantikoetako Departamenduan zeregin horretan aritzen den bakarra da: +33 (0)559 43 08 51.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.