Zinemagilea

Aritz Gorostiaga: «Biriatun eta Melillan politika bera dago, etorkinei sartzen ez uztekoa»

‘Mugarantz: Hacia la frontera’ dokumentala egin du Aritz Gorostiaga zinemagileak. Memoriaren Nafarroako Institutuak sustatu du, eta eskoletan lantzeko sortu dute.

Aritz Gorostiaga, martxoaren 1ean, Iruñeko Gazteluko plazan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Aritz Gorostiaga, martxoaren 1ean, Iruñeko Gazteluko plazan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ane Etxandi.
Iruñea
2025eko martxoaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mugak dira Aritz Gorostiagaren (Lovaina, Belgika, 1972) film labur berriaren gai nagusia. Oraingo mugak, eta iraganekoak. 36ko gerratik aurrera hasi da kontatzen, garai hartan nori eragin zieten mugek eta orain nori eragiten dieten. Memoriaren Nafarroako Institutuak bultzatu du egitasmoa, eta Memoria Duten Eskolak programaren barruan garatu dute. Martxoaren 25ean Iruñeko Golem aretoetan emanen dute.

Nola sortu zen film laburra egiteko ideia?

Memoriaren Nafarroako Institutuak lehiaketa bat egin zuen mugen inguruko dokumental bat egiteko. Jara Calvok eta biok gure proiektua aurkeztu genuen, eta guri eman ziguten. Ni zuzendaria naiz, baina Jara Calvok gidoia egin du, eta bien artean garatu genuen ideia. Asmoa zen mugen inguruan hitz egitea, eskoletan dokumentala emateko, eta bertan gaia lantzeko.

Mugak dira ikus-entzunezkoaren ardatza. Zeintzuk dira muga horiek?

Elkarrizketa pila bat egin nituen mugetatik gertu dauden herrietako biztanleekin. Galdetu nien eurentzat muga zer den, ba al dagoen mugarik hor, eta denek esaten zuten ez zutela muga hori ikusten. Beste aldearekin harreman estua zeukatela: harreman ekonomikoa, kulturala, familiarra... Gero, egunkarietan, ikusten genuen etorkinek ezin dituztela muga horiek pasatu; hor kontraesana ikusten genuen. Guk mugak arazorik gabe pasatzen ditugu, baina etorkinek oztopo handiak izaten dituzte. Hildakoak ere izan dira Bidasoa ibaian. Bi ikuspuntuak landu nahi izan ditugu: etorkinen ikuspuntua, eta bertako biztanleen egoera. Horretarako, Haritz Berri fundazioarekin egon ginen. Zurgindegi bat dute, eta etorkinak aritzen dira bertan.

Zertan dira antzeko eta zertan desberdin muga horiek? Biriatu aipatzen da, Melilla ere bai...

Lehenengo desberdintasun argia da Biriatukoa [Lapurdi] Euskal Herrian dagoela eta Melillakoa [Espainia] Afrikan, beste kontinente batean. Agian, Melillako muga pasatzeko zailtasun gehiago dauzkate, kontrol handiagoa dagoelako. Melillan, Marokoko Poliziak kontrolatzen du muga; orduan, Europak ematen dio Marokori gaitasun hori etorkinak ez pasatzeko. Agian, hori da desberdintasuna, baina dena politika orokor baten barnean sartzen dela uste dut, Europako migrazio politiken barnean. Biriatun eta Melillan politika bera dago, etorkinei sartzen ez uztekoa.

Zergatik erabaki zenuten 36ko gerratik kontatzen hastea?

Memoriaren Nafarroako Institutuak hori planteatu zuen, 36ko gerraren memoria kontatzea, eskoletan lantzeko. Azken finean, mugak itxiak zeuden lehen, eta orain ere itxiak daude. Garai hartan, hainbat familiak bortxakeria itzelak jasan zituzten, eta orain beste batzuk ere ari dira jasaten. Baina elkartasuna ere badago, hori ez da aldatu. Dokumentalean Isabel Elizalde azaltzen da, adibidez. Isabelen aitona Comete Sareko kidea izan zen; Bigarren Mundu Gerran iheslariak laguntzeko sare klandestinoa izan zen hura, eta hemen, Euskal Herrian, Baztan Bidasoko eremuan baserritarrak egon ziren sare horren barnean. Gaur egungo elkartasuna ere ikusten da dokumentalean; Irungo Harrera Sarearekin izan ginen, adibidez.

Berezia izan al da oraingo eta iraganeko errealitateak elkartzea?

Bai, oso polita izan da. Ikusi dugu gauza asko dituztela antzekoak, eta bizipen askotan bat egiten dutela. Badago gazte bat, Ryan, Marokokoa, 12 urterekin etxetik alde egin eta hona etorri zena. Maximo Ruiz de Larramendirekin elkartu genuen Ryan. Maximoren aitona Abaurregainan [Nafarroa] egon zen karabinero, eta bertako maisua hiltzeko agindua eman zioten. Maisua hil ordez, ihes egiten lagundu zion, eta berak ere ihes egin behar izan zuen. Hogei urte eman behar izan zituen kanpoan, familia ikusi gabe. Ryanek ere bost urte daramatza familia ikusi gabe. Topaketa hori oso polita izan zen; haien artean halako kimika berezi bat izan zen, eta elkartasun handia.

Haritz Berri fundaziokoa da Ryan?

Bai, fundazioan zegoen Ryan, zurgindegian. Oso eskertuta gaude fundazioarekin, asko lagundu digute eta. Tasio Ardanaz da beste pertsona garrantzitsu bat. Iruñeko artista bat da, baina Bilbon dago orain. Tasiori eskatu genion esku hartze artistiko bat sortzeko, eta Haritz Berriko gazteei esku hartze horretan parte hartzea proposatu genien, zurgindegiko lan batzuk egin behar zirelako. Dokumentalean ikusten da interbentzio hori nola eraiki zuten.

Nolakoa izan da grabaketaren prozesua?

Nahiko luzea izan da. Zaila izan da etorkinei elkarrizketak egitea, ez zutelako hitz egin nahi beren egoerari buruz. Azkenean, Ryan ausartu zen. Baina etorkinak gazteak dira, ez dute nahi beren familiek eurak nola bizi diren ikusterik, eta zailtasun batzuk izan ditugu hor.

Gogoan duzu grabaketako bitxikeriaren bat edo une bereziren bat?

Esku hartze artistiko hori Sorogaineko [Nafarroa] mugan egin genuen, eta oso polita izan zen gazteak bertara eramatea. Aprobetxatu zuten Ezkabako ihesaren ibilbidea egiteko. Sorogainetik Urepelera [Nafarroa Beherea] joan ziren, eta hor muga zeharkatu zuten arazorik gabe.

Hori guztia 40 minutuan kontatu duzue...

Bai. Asko mugatu gaitu horrek: ez digu utzi gauzetan sakontzen. Formatu handiago batean lan egiteko gogoz geratu naiz ni. Elkarrizketa asko eginak ditut, eta gustatuko litzaidake aurrerantzean horrekin zerbait egitea.

lOTSABAKO

Film labur bat?

El olvido de la memoria.

Dokumental bat?
No Other Land.

Film luze bat?
Cinema Paradiso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.