Ezarian. Zientzia. Jose Mari Arrinda. Anatomopatologoa

«Biopsia soil batek balio dezake heriotzaren kausa zehazteko»

Gorpua irekitzerik behar ez duen autopsia sitema garatzen ari dira Leicesterko Unibertsitatean. Arrazoi etikoengatik familiakidearen gorpua irekitzea nahi ez dutenei begira ari dira ikertzen. Osakidetzan ohikoa da biopsiak egitea heriotzak argitze aldera.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2011ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Ireki gabe ikusi; hautsi gabe jakin. Heriotzaren kausa zehazteko, ireki egin behar. Autopsia klasikoa, gorputzaren atal guztiak aztertzen dituena, heriotza zergatik gertatu den edo zerk eragin duen jakiteko metodo seguruena da, kasik bakarra patologoak ehuneko ehunean asmatuko badu. Gorpuak irekitzea ez da izaten askotan, ordea, hildakoaren familiaren gustuko. Traba etikoak edo erlijiosoak daudenean, beste bide batzuei heldu behar zaie heriotzaren zergatiak jakite aldera.

Leicesterko Unibertsitatea(Erresuma Batua) kirurgia alde batera uzten duen metodo bat garatzen ari da. Eskanerraren bidez 33 autopsia egin dituzte jadanik, eta kasuen %80ean asmatu dute. TC makinak, gorputz barrura sartu gabe, minbiziak, hausturak eta traumak antzematen ditu. Bihotza aztertzeko beste teknika bat gauzatzen dute. Lepoan ebaki txiki bat egin eta zulo hori baliatzen dute bihotzeko arterietan kateter bat sartzeko. Airea sartzen dute lehenik, eta isuri zuri bat gero. Baldintza horietan eskanerra gai da bihotzaren gaitza antzemateko.

Autopsian kirurgia baztertzen duen metodo gehiago dago mundu osoan. Madrilgo San Carlos ospitalean aspaldian ari dira ekografiak oinarri hartutako sistema bat erabiltzen. Heriotza eragiten duten gaitz jakin batzuen kasuan soilik egiten dute, hala ere.

Osakidetzan, esaterako, aspaldikoak dira biopsiak heriotzak argitzeko metodo gisa. Urte askoan giza gorputzaren barruko jarduera ikusi eta hura aztertzeak ematen duen eskarmentuarekin hitz egiten du Jose Mari Arrinda Bidasoko Ospitaleko anatomopatologoak (Donostia, 1954). Heriotzari buruz aritzeak arantza luzeak ditu askorentzat, ez Arrindarentzat. Oinarri batekin ekin dio bere solasaldiari: «Teknika mediko batek bizirik dagoen batentzat balio baldin badu, orduan hilik dagoenarentzat ere bai».

Leicesterko Unibertsitateko medikuek metodo bat garatu dute gorpuak ireki gabe autopsia egiteko. Eskanerrak erabilita egiten dituzte autopsiak. Zer iruditzen zaizu?

Ikerketa den guztia ondo dago, baina halako metodo batek kostuak handituko ditu seguruenera. Unibertsala den osasun zerbitzu batean eskanerra erabiltzeko itxarote zerrendarik ez bada, ba primeran, erabil dezagun eskanerra autopsiak egiteko. Baina zer gertatzen da itxarote zerrenda baldin badago? Halako zerbait etengabe eta sistemaz erabiltzea zaila ikusten dut; tarteka erabiltzeko, primeran.

Beraz, gorpuak ez irekitzeko metodo hori eta, esaterako, Madrilen erabiltzen duten beste bat (ekografiak baliatuz) arrazionalizatu egin beharko lirateke lehen-lehenik.

Bai, noski. Baina, bestalde, nik ez dut zalantzarik: teknika mediko batek bizirik dagoen batentzat balio baldin badu, hilik dagoenarentzat ere bai. Ea elkar ulertzen dugun: biopsia bat, dela gibelean edo biriketan, bizirik dagoen batentzat baliagarria bada diagnostiko bat finkatzeko, zergatik ez da izango hildako batentzat? Erotzat joko naute beharbada, baina hildakoaren familiarentzat, teorian, balio beharko luke biopsia horrek. Bizirik dagoenaren sendabide klinikoa biopsia horrek erabakiko du; hortaz, nola ez da baliagarria izango hildakoaren heriotzaren kausa zehazteko?

Hortaz, gorpuak ez dira derrigor ireki behar beti heriotzaren arrazoia zehazteko?

Guk ikasitakoaren arabera, zalantzarik bada, beti ireki behar dira, sistemaz. Nik lehen esan dudana aberrazioa da, guri emandako eskola ildoaren arabera. Baina arazoa da gaur egun ez direla ebakuntzak egiten gaitzak diagnostikatzeko, soilik beharrezkoa denean baizik. Hildako gorpua beti ireki behar al da? Ez dut uste.

Gibeleko, bihotzeko edo beste atal bateko gaixo bat hiltzen denean, atal hori aztertuz heriotzaren kausa zehaztu daitekeela uste duzu?

Bai, baina hori egiteak arriskuak ditu. Esperientziak dio benetako erantzunak zuk pentsatzen ez duzun atalean daudela. Autopsia sistematikoak badu bere arrazoia: dena begiratzen duzu, biopsia batek erantzuna eman dizula uste baduzu ere, beste zerbait antzeman dezakezulako gorputzaren beste atal batean. Gaitz bat oso nabarmena izan daiteke, baina jatorria beharbada beste nonbaiten dago. Autopsia sistematikoa lagungarria da akatsak ez egiteko. Baina hildakoarekin gertatzen den akatsa bizi den gaixoarekin ere gerta daiteke berdin-berdin. Horregatik diot: bizi den norbaitentzat balio baldin badu, hildako norbaitentzat ere bai.

Patologo forentse batek familiari erantzun argiak eman diezazkion, gorpuaren autopsia sistematikoa egin beharra dauka orduan?

Zalantzarik gabe. Sistema txarra edo ona izango da, baina sistemari jarraitzen uzten baldin badiozu, akatsak etorriko dira, seguru. Erantzun argiak behar direnean, ehuneko ehunean seguruak, autopsia egin beharra dago beti, burutik hasi eta oinetan bukatuz. Modu horretan ez zaizu zalantzarik geratuko.

Eskanerraren edo ekografien autopsia sistemek, orduan, gabeziak izan ditzaketela diozu?

Hala uste dut. Noiz erabili halakoak, hori da erabaki behar dena. Zenbait kasutan oso baliagarriak izango dira, eta agian haien erabilera hedatuko da denborarekin, baina sistemaz zabaltzeko… ez dut uste. Garbi esango dizut: nik bizitza profesionalean egin ditut akatsak; kasu batean edo bestean zenbait aldagai kontuan hartu ez ditudala ohartu naiz beranduegi igual. Baina autopsia klasikoa, sistematikoa egiten ez bada, aukera gehiago dago kale egiteko.

Familiak gorpua ez irekitzea nahi badu, ordea, halako sistemek aukera zabaltzen dute horretarako, ezta?

Bai, sistema hauek eta beste batzuek ere bai. Adibidez, puntzoi orratz batekin gorputzaren ia edozein ataletara iristeko gai gara gaur egun. Biopsiaren bidez argitu daiteke heriotzaren kausa, baina neurri batean betiere, segurtasun maila batean baino ez. Osakidetzako ospitaleetan egiten dira biopsiak horretarako, ez asko, baina egiten dira; nik neuk egin izan ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.