Minutu batez ingurura begiratuz gero, seguruenetik, posible izango da dozenaka auto ikustea. Dozenaka auto, eta metro batzuk harago isuriak eduki ohi dituen industrialde bat. Pixka bat aurrera egin, eta egongo da aukera talde bateko edo besteko supermerkatu handi batekin topo egitekoa ere. Supermerkatu bat, eta ekologikotzat ez ezik, bertakotzat ere saltzen dituzten produktuak. Egunerokoaren parte diren lekuak eta elementuak dira horiek, eta, batez ere, kontsumoa oinarri dutenak. Sarritan, ordea, ezkutuan egoten da horren guztiaren atzean dagoen errealitatea. Hain zuzen, horiek eta gehiago dira azken urteotan Lur planetako biodibertsitatearen galeran eragina izan duten faktoreak, WWF Naturarentzako Mundu Funtsak ondorioztatu duenez. Gizakia eta haren jarduna; hori da arrazoi nabarmenena.
Living Planet Report 2020 (Lur Planeta Bizia 2020) txostena ondu du funtsak, Londresko Zoologia Elkartearekin batera. Bi urtetik behin egiten da ikerketa, eta lehena 1998an egin zuten. Helburu nagusietako bat Lur planetaren ingurumen osasuna nola dagoen ikusarazten saiatzea da. Horretarako, indize bat erabiltzen dute: IPV Lur Planetaren Indizea. Ornodunen populazioek —anfibioak, narrastiak, ugaztunak, hegaztiak eta arrainak— urteetan zehar izan duten joera ikertzen du indizeak, eta ondorioak ateratzen dituzte. Horretarako, 4.392 espezie eta 20.811 populazio ikertu dituzte, eta ondorioztatu dute 1970etik 2016ra bitartean ornodun espezieen populazioak, batez beste, %68 gutxitu direla Lur planetan.
Enrique Segovia Espainiako WWFko Kontserbazio zuzendaria da, eta aitortu du ondorio nagusian ateratako datuak «hotzikara» sortzen duela. Hala ere, erantsi du datu hori Lurreko ekosistemak zein egoeratan dauden islatzeko moduetako bat izan daitekeela. Haren arabera, hainbat izan daitezke egoera horretan eragina izan duten arrazoiak: esate baterako, espezie horiek bizi diren habitatetan aldaketak eta galerak, «geroz eta indar handiagoa duten» espezie inbaditzaileak, espezie horien zuzeneko ehiza, kutsadura eta aldaketa klimatikoa. Lekuaren arabera, ordea, aldatu egiten dira populazioen murrizketetan eragina izan duten faktoreak. Hain zuzen, Segoviak ohartarazi du lurrazalaren %70 gizakiak eraldatuta dagoela, etabatez ere eremu tropikaletan duela eragina, hala nola Hego Amerikan; baita Asiako eta Afrikako leku batzuetan ere.
Hego Amerikako eremu tropikaletan, adibidez, baso soiltzeak dira galeraren arrazoi nagusietako bat, baita sabanako eta hezeguneetako suntsiketak ere. Azken batean, leku horiek espezieen populazio ugariren bizileku dira, baina lurrazal horren suntsiketaren ondorioz, galtzeko arriskuan daude. Asiako hego-ekialdean, berriz, basoak eraldatu ohi dituzte; gehienbat sailak sortzen dituzte, palma olioa ekoiztu ahal izateko. Izan ere, Segoviarentzat elikagaien produkzioak garrantzi handia du murrizketa horretan. Hori jarri du erdigunean: «Biodibertsitatearen eraldaketan, hondatzean eta galtzean eragina duen elementu nagusiena elikagaiak ekoizteko eta kontsumitzeko dugun modua da». Besteak beste, nabarmendu du Lurrarentzat «kolpe handia» dela supermerkatuetan nahi beste elikagai momentu oro edukitzea. Dietak ere eragina duela gaineratu du: «Proteinetan aberatsa den dieta daukagu, batez ere animalia proteinetan; halere, haztegien areagotzea eta haren eredua erabat industriala da, eta baso soiltzeetatik elikatzen da». Hark uste du hori dela aldatu beharko litzatekeen eredua.
Segoviarekin bat egiten du Arturo Elosegi ekologoak eta EHUko irakasleak. Haren iritziz, giza jarduerak dira biodibertsitatearen galeran eragina duten faktoreetako batzuk: pertsonak eta horietako bakoitzak erabiltzen dituen baliabideak. Elikagaien produkzioari dagokionez, adierazi du gizakiak habitat naturalak deuseztatzen dituela nekazaritza eremuak sortzeko, baina baita beste zeregin batzuetarako ere; urbanizazioen eraikuntzarako, adibidez. Gainera, erantsi du suntsitzen diren eremu horiek geroz eta «era intentsiboagoan» erabiltzeko joera dagoela. Halere, uste du leku batzuetan neurriak hartzen ari direla, eta datuak ere «era globalago» batean begiratu behar direla, lekuan lekukoa baino. Aitortu du, ordea, balantze global bat eginez gero, egoera«txarra eta kezkagarria» dela.
Egoera «hobetu» daiteke
Hori guztia ulertzeko, ordea, aztarna ekologikoa oinarri izan behar da: aztertzen du ea gizakien kontsumoa bateragarria den Lurrak baliabideak sortzeko duen ahalmen ekologikoarekin. «1970ean gizakiak jada Lurrak ekoizten zuenaren ehuneko ehun bereganatu zuen, eta ordutik gorantz egin du kopuruak; momentu honetan, 1,6 Lur planeta beharko genituzke baliabide naturalen eskaria asetzeko: Lurrak ahal duena baino gehiago», adierazi du Segoviak. Elosegik, berriz, gaineratu du, sarritan, badagoela joera aztarna ekologikoaren datuen errua estatubatuarrei botatzeko, baina uste du europarrek ere rol garrantzitsua dutela. Euskal Herrian, adibidez, 3,5 eta 5 Lur planeta beharko lirateke bertako biztanleen beharrak eta nahiak asetzeko. Beraz, irakasleak egoera konpondu beharra aipatu du: «Orain, ezin dugu hazten jarraitu; alderantziz, aztarna ekologikoa murriztu behar dugu Lur planeta bideragarria izan dadin».
Badira ura bizileku duten ornodunen populazioak ere, eta, beraz, ikerketaren parte dira. Batetik, Segoviak uste du uraren erabilera kaskarra egiten duela gizakiak: «Ura naturarentzat funtsezko baliabide bat da, baita gizakiarentzat ere; halere, gizakia haren erabilera oso txarra ari da egiten». Bestetik, gehitu du gizakiak ur hori eskura edukitzeko ibaiak zatitzen dituela eta presak eraikitzen dituela, besteak beste. Ondorioz, ingurune naturaletan kalteak eragiten ditu, eta faunari ere eragiten dio. Are, animaliez gain, txostenean bada biodibertsitatearen parte den beste alderdirik ere. Horren zorrotz ez bada ere, landareen egoera ere ikertu, eta egileek ondorioztatu dute bost espezietatik bat galtzeko arriskuan dagoela. Gainera, horretan eragiten duten faktoreak aurrez aipaturiko berberak dira, baina aldaketa klimatikoa nabarmentzen da. «Landareak klima aldaketara egokitzea beti da konplexuagoa», erantsi du WWFko kideak.
Hala ere, egoera hori «hobetu» daitekeela iragarri dute txostenean. Elosegik ere hala uste du, eta hainbat aukera posible aipatu ditu: «Bi aukera daude: suizidio kolektibora goaz edo egoera konpontzen saiatzen gara. COVID-19arekin bezala, badago aurrera egiteko aukera bat; gogorra, zaila eta desatsegina izan daiteke, baina beste aukera da ezer ez egitea». Haren ustez, ingurumena zaindu behar da, bultzatu, eta hori gizakiaren bizi kalitatean islatuko da. Segoviak ere egoera aldatu daitekeela uste du, eta buelta eman behar zaiola. Hark ere ingurumenaren zaintza aipatu du, hala nola ekoizpen moduak aldatuz. Are, Elosegiren ildo beretik, naturaren zaintza horrek gizakiaren ongizatean eragina izango duela esan du: «Ingurumena galduz gero, Lurrean bizitzeko dugun gaitasuna galduko dugu, eta eragin negatiboa izango du gure bizitzetan, guztiak duelako oinarria naturan».
Biodibertsitatea galtzen ari da
Lurreko biodibertsitatea nola dagoen ikertu du Naturarentzako Mundu Funtsak, eta jakinarazi du ornodunen populazioa %68 gutxitu dela 1970etik 2016ra. Adituek gizakiaren jarduna izan dute oinarri, hala nola elikagaien ekoizpena. Hala ere, uste dute egoera «hobetu» daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu