Bioaniztasunaren aldeko saretzea

Biharko Lurraren Elkarteko Hazi Sareak bere lehen Hazi Azoka antolatu zuen atzo, Lakarran. Hazi industriaren parean herri hazien bioaniztasuna atxikitzeko garrantziaz aritu ziren hitzaldietan.

Hazi Azokaren mahaien gunea, Lakarrako herriko gelan, atzo. IÑAKI ETXELEKU
Hazi Azokaren mahaien gunea, Lakarrako herriko gelan, atzo. IÑAKI ETXELEKU
Iñaki Etxeleku.
Lakarra
2024ko otsailaren 25a
05:00
Entzun

Arrakasta izan du BLE Biharko Lurraren Elkarteko Hazi Sareak Lakarran (Nafarroa Beherea) atzo antolatu zuen lehen Hazi Azokak. Hitzaldiak entzulez bete ziren, eta herritar anitz bildu ziren hazien trukatzeko azokara.

Guy Kastler Via Campesinako nekazari sindikalista da, eta hazien inguruko nazioarteko konferentzia eta negoziazio frankotan parte hartutakoa. Euskal Hazien Sareak eman mintzaldiaren ondotik hartu zuen hitza Lakarran. Europan eztabaidatzen ari diren landare eta hazien araudi berriez aritu zen. Kasik monopolio bilakatu diren hazi industriako bost multinazional nagusien saiakera berriez, zehazki.

Arauetarik bat GEO genetikoki eraldatu organismoen ezkutatzeko saiakera bezala aurkeztu zuen Kastlerrek: «GEOrik nahi ez duten jendeei GEOak saldu nahi badizkiezue, aski duzue erratea ez direla GEOak». Hazi industriak arauan sartu nahi ditu belaunaldi berriko GEOak, erranez ez direla halakoak. GEO berri horien mundura zabaltzea «hondamendi bat» litzateke, adituaren erranetan munduko landare aniztasuna leherraraziko bailuke.

«Industriaren xedea da landare baten ezaugarri bakoitza sekuentzia genetiko bati lotzea, berehala horren gaineko patente bat pausatzeko».

GUY KASTLERVia Campesinako laboraria
Guy Kastler
Guy Kastler

Europako arautegian hazien industriak egiten duen beste saiakera «arriskutsua» hazi eta landare guztien patente pean ezartzeko egitasmoa da. Kastlerrek zioenez, industriaren xedea da landare baten ezaugarri bakoitza sekuentzia genetiko bati lotzea, «berehala horren gaineko patente bat pausatzeko». Bururaino joaten balira, Kastler beldur da laborariari bere etxaldeko hazien berrerabiltzeko eskubidea kenduko ote dioten. Hala ere, ez du uste multinazionalek lortuko dutenik, laborariek borrokaz beti gibelarazi dituztela-eta.

Lehen azokaren arrakasta

Hegoaldeko Euskal Hazien Sareko Beñat Unibasok ere hitza hartu zuen. Sare horrek tokiko herri hazien biltzeko, kontserbatzeko eta ugaritzeko egin lana aurkeztu zuen. 

Lakarrako Hazi Azokaren gisako egunen garrantzia azpimarratu zuen: «Bioaniztasunaren galera ikusita, eremu desberdinetan hazien sareak sortzea oso garrantzitsua da». Espainiako hazi elkarte batzuekin lan egiten du Euskal Hazien Sareak, eta azken hilabeteetan Ipar Euskal Herriko Hazi Sarearekin hasia da esperientzia trukatzen. Elkarlanean sakontzeko beharra aipatu zuen Unibasok. «26 urte baino gehiago daramatzagu lan hori egiten, eta oraindik puntatxo bat besterik ez dugu egin. Oraindik lan asko dago egiteko, eta oso garrantzitsua da helburu berak dituzten elkarteekin konpartitzea eta bidea batera egitea».

BLE eta Hazi Sareko Niko Mendiburuk lehen Hazi Azokaren arrakasta nabarmendu zuen. Goizeko hitzaldiak mukuru bete ziren. «Ehun bat lagun bederen bildu dira hitzaldietara. Biziki pozik gara». Herritarrak gaiari sentsibilizatzeaz gain, herri hazien inguruan «saretzea» du xede elkarteak, eta azokaren bidez «aukera ematea zuzenki hazien trukatzeko eta horiei buruzko informazio guziak ukaiteko». Unibasok bezala, Mendiburuk ere nabarmendu zuen zer-nolako munta duen Euskal Herriko bi sareen arteko elkarlanak, eta iragarri zuen martxoan berriz biltzekoak direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.