ARGI ALDIAN

Binomio fantastikorik ez

ana galarraga aiestaran
2023ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Sormena pizteko eta istorio harrigarriak idazteko, teknika sinple eta eraginkorra erabiltzen zuen Gianni Rodari idazleak: elkarren artean zerikusirik ez duten bi elementu arrunt hartu, eta harremanetan jarri, istorio berean. Adibidez, itsasontzia eta aterkia. «Binomio fantastikoa» deitu zion teknika horri.

Bada, ikertzaile eta ama ere sarri bilakatzen dira binomio fantastiko baterako moduko termino. Izan ere, 2020an 128 herrialdetan egindako galdeketa batek agerian utzi zuen arlo zientifiko-teknologikoko emakume ikertzaileen herenak baino gehiagok (% 34) beren karrera lanaldi osoz egiteari utzi ziola, lehen haurra izan ondoren. AEBn, 2019ko beste ikerketa batean, are handiagoa zen ehuneko hori: % 43, hain zuzen.

Berdintasuna, zientzia eta teknologia. Paradigma aldatzea helburu izenarekin urriaren 23-24an Donostian egin zen nazioarteko biltzarrean ere hitz egin zuten gai horri buruz. Sakontzeko denbora nahikorik ez zen izan, ordea, eta, aipatu gabe geratu zen amen karrera babesteko proposamen bat, nahiz eta Elena Aldasoro Unamuno hizlariak, adibidez, bazuen horretarako asmoa.

Amek karrera uztea saihesteko proposamen hori aurten, 2023an, argitaratu da, PLOS Computational Biology aldizkarian. Egileak Espainiako hamar unibertsitatetako ikertzaileak dira; gehienak, ingurumen- eta bizi-zientzien arloetakoak. Eta, nabarmendu dutenez, neurri horiek, amentzat ez ezik, mesedegarriak dira beste askorentzat ere. Hain zuzen, modu inklusiboan erabili dute ama terminoa; hala, barne hartzen ditu, besteak beste, aita transak eta guraso ez-binarioak.

«Hamar neurri akademia amentzat abegikorragoa izan dadin» da artikuluaren izenburua, eta lehen neurria haurdunaldian babesa ematea da. Haien ustez, instituzioek laguntza-sistema integrala eskaini behar dute, baliabide nahikoekin, eta alderdi fisikoa ez ezik, emozionala eta profesionala ere zaindu behar dituzte.

Jarraian datozen neurriak jada haurra jaio ondorenerako dira. Hurrenez hurren: guraso-baimen malguak; haurrak zaintzeko eta edoskitzeko instalazioak; saileko jarduerak eskola-ordutegian antolatzea; irakaskuntza-jarduerak egokitzea, eta profesionalki aurrera egiten laguntzea.

Buru-osasunari ere arreta jarri diote, eta lehentasunezkoa izan behar duela adierazi dute. Haien iritziz, amek izaten dituzten erronkei heltzeko, ezinbestekoa da buru-osasuna zaintzeko programak eta baliabide integralak ezartzea, hala nola aholkularitza-zerbitzuak, estresari aurre egiteko tailerrak eta bizitza eta lana orekatzeko ekimenak.

Ongizatearekin oso lotuta dago baita langiro segurua eta inklusiboa izatea ere. Hala, errespetuzko, berdintasunezko eta diskriminazioarekiko zero-tolerantziako kultura sustatzea proposatu dute. Horretarako, amatasunean edo generoan oinarritutako diskriminazio eta jazarpen protokoloak ezartzea eta zabaltzea eskatu dute.

Azkenik, lan-kargaren banaketa justua eta gardena bermatu behar dela aldarrikatu dute, eta argi utzi dute amen aldeko neurri horiek ikertzaile guztiei egiten diela mesede. Gainera, aipatu dute beste talde batzuek ere zailtasunak izan ditzaketela akademian jarraitzeko (zenbait kondizio mediko dituztenak, esaterako), eta uste dute haientzat ere berariazko neurriak diseinatu eta ezarri beharko liratekeela. Eta premiazkoa, urgentea dela ere azpimarratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.