Ezarian. Getxoko komiki azoka

Binetako munduak Getxon

Getxoko Komiki eta Manga Azoka zabaldu dute hamargarren aldiz. Bihar arte egongo da irekita, eta bitarte horretan adin eta gustu guztientzako argitalpenak topatu ahal izango ditu irakurleak erakustazokan.

Getxoko Komiki eta Manga Azokako postuetako bat, atzo goizean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Getxo
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Binetak mundu oso batentzako edukiontziak dira, istorioak kontatzeko tresna egokiak diren heinean. Abenturazko kontakizunak, fantasiazkoak, super heroien gorabeheren berri ematen dutenak, historikoak edo gai serioak jorratzen dituztenak. Baita manga japoniarreko kontakizunak ere. Horiek guztiek —eta gehiagok— daukate kabida komikietako binetetan. Eta bineta horiek guztiek ere kabida daukate Getxoko Geltokiko plazan jarrita dagoen karpan. Izan ere, Getxoko X. Komiki eta Manga Azoka izango da bihar arte. «Komikizale den edonorentzat galdu ezin den azoka», antolatzaileek adierazi dutenez.

Dei horri erantzunez, hainbat pertsona bildu ziren binetaz josita dagoen karpara atzo goizean. Haur, gazte eta heldu, komikiek adinik ez duten seinale. 80 erakusmahaitan banatu dute aurten erakustazoka, eta atzo inguratu ziren lagun horientzako guztientzako adinako eskaintza biltzen dute. Azken berritasunetatik hasi eta bigarren eskuko argitalpenetara igaroz. «Azoka zabaldu zutenetik, urtero etorri izan naiz hona, hamar urtez, zitarik galdu gabe», zioen Jose Antonio bilbotarrak. Erretiratuta dago: «Komiki zaharren eta kromoen bila etortzen naiz, garai bateko argitalpenak gustatzen baitzaizkit batez ere niri». Komikigintza garaikidea ez du gogoko, «garai bateko marrazkiak baizik». Bere nahiak gogobetetzeko plaza egokia topatu du urteroko Getxoko azokan: «Hemen ez bada, non topatuko ditut, bada, nire gustuko komikiak?».

Azoka zabalik dagoen astegun bakarra zen atzokoa, eta egun hori aprobetxatuz, eskolek ere egin zuten osteratxoa Geltokiko plazako karpan. «Aurten komikigintza lantzen ari gara 13 eta 16 urte bitarteko gaztetxoekin, eta aukera ezin hobea geneukan hemen», zioen Laurak, Santoñako Sagrado Corazon ikastetxeko (Kantabria) irakasleak. Gazteen artean komikigintza haurrentzat delako irudipena oso hedatuta dagoela pentsatzen du, eta, horregatik, eskaintza zabal horren jabe izateko aukera ona dela deritzo. Alde horretatik, hark ere gustuko argitalpenak topatu ditu. Irakaslearen helburuak, gainera, bete egin dira hein batean. Izan ere, Fernanda ikasleak oso gogokoa izan du azoka. «Komikiak uste baino eskaintza zabalagoa duela ikusi ahal izan dut», esan zuen Sagrado Corazoneko ikasleak.

Bestelako objektuak

Komikiak bakarrik ez dira Getxoko karpako protagonista. «Komikietako pertsonaien iruditxoek ere arrakasta handia daukate», zioen Gonzalo Gonzalezek, Milcomics.com atariko kideetako batek. Kontsumitzeko krisi garaiak dira, baina «Gabonak gertu daude, eta urteko denboraldi honetan ongi saltzen dira edozein modutan», haren hitzetan.

Star Wars eta manga komikietako protagonisten iruditxoek arrakasta baldin badaukate ere, zer esanik ez Japoniatik espreski ekarritako janari lasterrek. La Marca Amarillaren postuan dauzkate era horretako produktuak. «Jendeak asko estimatzen ditu produktu horiek, azken finean ohiko dendetan ez baitira topatzen jaki horiek». Karpa kanpoaldean sumatzen zen jaki horien arrakasta, hainbat gazte horixe bazkaltzen ari baitzen.

Euskal komikien plaza

Gaztelaniazko argitalpenak gailentzen dira Getxoko azokan, baina euskal ordezkaritzarik ere bada bertan. Ikastolen elkartearen Xabiroi komiki aldizkariak eta Luterl taldeak betetzen dute zulo hori. «Garrantzitsua da horrelako leku batean egotea, euskal komikigintza ere sustatu behar baita tamaina honetako azoketan ere», Jon Iñaki Artetxe Luterl taldeko kidearen hitzetan. Ondarroako komiki taldeak bere postuan dauzka argitaratu dituzten hainbat komiki. Horien artean, lehen euskal gotikoko komikia, Itsasoko deabruak izenekoa, eta Le blist bilduma bat alea, besteak beste. «Edozein modutan, nekez saltzen ari gara»; baina lehen eguneko goiza zela ere azpimarratu du Artetxek. Itxaropentsu zegoen hein horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.