Sei mila hiztun ditu bildts nederlanderaren dialektoak, eta Herbehereetako ipar-mendebaldean hitz egiten da, Frisiako probintziako Het Bildt eskualde udalerrian. Bildtsa ama hizkuntza du Gerard de Jongek (Sint-Anne, Herbehereak, 1979). Kazetaria da, eta, orain, eleaniztasun koordinatzailea ere bai. «Nire inguruan hizkuntza txikiak sustatzen egiten dut lan». Bildtsez idatzitako lehenengo eleberria kaleratu berri du De Jongek: Balu fan dagen, griis fan onrust (Egunen urdina, ezinegonaren grisa). Duela bost urte Pasai Donibanen egon zen (Gipuzkoa), eta, aitortu duenez, horrek «asko inspiratu» zuen.
Nondik dator bildts dialektoa?
Duela 500 urte sortutakoa da. Eskualdean itsasoari lurra irabazteko polderrak jarri nahi izan zituzten. Herbehereen hegoaldetik eta Frisiatik etorri zen jendea, eta elkartu egin ziren. Bakoitzak bere hizkuntza hitz egiten zuen, eta hortik eratorrita, bildtsa sortu zuten.
Gazteek erabiltzen al dute?
Batzuek sare sozialetan erabiltzen dute. Agian ortografia ez da egokia , baina behintzat erabiltzen dute. Identitate ezaugarri bat da haientzat.
Zer egin behar da bildtsa zaintzeko?
Gobernuak eta erakundeek euren eskuetan dagoen guztia egin beharko lukete. Eta hezkuntzari arreta handiagoa eman. Pertsonengan ere erantzukizun handia dago. Apustua egin behar dute euren seme-alabak bildtsez hez daitezen. Jendeak uste du nederlanderak aukera gehiago emango dizkiela haurrei, baina nik uste dut eleaniztasuna aukera bikaina dela.
Zer diru laguntza jasotzen ditu?
Frisiako probintziak ematen dio. Nahiz eta probintzia horretan hizkuntza nagusia frisiera izan, hizkuntza gutxituak babesten dituzte. Nik hizkuntza gutxituak sustatzen egiten dut lan. Esate baterako, enpresek bildtsa erabili dezaten euren karteletan. Eskoletan bildtsa irakasteko eskubidea dago, baina irakasle bakoitzaren erabakia da.
Lehenengo eleberria bildtsez: historian arrastoa utziko duzu.
Nolabait. Euskal Herrira joan nintzenean, bildtsez eleberri bat idazteko ametsa neukan. Eta hori egin dut. Sei mila hiztun izanda, ziurrenik ez da bestseller bat izango; baina niretzat oso garrantzitsua da, nire bihotzeko hizkuntza delako.
Zer kontatzen du liburuak?
Nortasunari eta kidego batekoa izateko sentimenduari buruzko liburua da. Het Bildteko margolari arrakastatsu bat nekatuta dago: ez du eskualdeko pertsona arketipikoa izan nahi. Hori dela eta, Euskal Herrira doa hilabete batzuk igarotzera, eta berehala bihurtzen da euskaltzale. Hala ere, ezin da euskaldun bihurtu, Het Bildteko sustraiek tira egiten diotelako. Euskara da liburuan gehien erabiltzen ditudan hizkuntzetan bigarrena.
Nola idatz daiteke eleberri bat, hizkuntza horretan inolako erreferenterik izan gabe?
Istorioa pentsatu behar da lehenengo. Behin ideia izanda, idazten jartzea da. Aurretik ezer ez idatzita egoteak abantaila bat dauka: edozer idatz dezakezu, eta ez duzu ezer kopiatuko. Askatasun osoa duzu.
Zer esan dizu inguruko jendeak liburuaren berri izan duenean?
Erantzun gehienak positiboak izan dira, eta hori zoragarria da. Hala ere, pertsona batzuek egin didaten lehenengo galdera izan da ea nederlanderara itzuliko ote dudan. Imajinatu Katixa Agirrek liburu bat kaleratzen duela eta egiten dioten lehenengo galdera dela ea gaztelerara itzuliko duen. Euskara serio ez hartzea izango litzateke hori. Oraingoz, ez daukat planik, eta ez dakit itzuliko ote den. Bildtsa bere horretan hizkuntza bat izatea nahi dut.
Hasiko al da jendea eleberriak bildtsez idazten?
Hori espero dut. Bildtsez idatzitako lehen nobela ez dadila azkena izan. Nire ustez, garrantzitsuena da jendeak hizkuntza honetan irakur dezan eta hizkuntza erabil dezan. Bildtsez idatzi nahi badu norbaitek, ni izango naiz laguntza eskainiko dion lehenengoa. Nire liburua tradizio luze baten lehena izatea espero dut.
Zer garrantzi dauka literatur tradizioak hurrengo belaunaldietan kultura eta hizkuntza zaindu daitezen?
Zorte pixka batekin, tradizio bat hasiko dugu. Jendeak ikusi behar du egin dezakegula. Ez dugu nederlanderaz idatzi behar. Istorio bat baldin badaukagu, bildts hiztun gisa, hizkuntza horretan idatz dezakegu. Nirea lehenengo urratsa besterik ez da izan, hurrengoek berdina egingo dutenaren itxaropenarekin. Espero dut etorkizunean horrela izatea. Ez dakit noiz bukatuko den gure hizkuntza. Ziur aski, egunen batean amaituko da. Baina nik, nire bizitzan hizkuntza zaintzeko ahal dudan guztia egingo dut.
ATZEKOZ AURRERA. Gerard de Jong. Kazetaria eta eleaniztasun koordinatzailea
«Bildtsez idatzitako lehen nobela ez dadila azkena izan»
Bildts dialektoan idatzitako lehenengo eleberria argitaratu du Gerard de Jongek. Nortasunari eta kidego batekoa izateko sentimenduari buruzko liburua da. Tradizio baten lehenengo urratsa egin duela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu