West Highland bilbotar koloretsu bat. Imajinazioari bide eman dakioke pentsatzeko nolakoa izango den etxea, txakurra halakoa izanda. Atzean dauka, ordea: Bilboko Guggenheim museoaren aurrean dago 1997ko urritik Jeff Koons estatubatuarraren obra. 12 metro luze da txakurra, eta 16 tonako pisua dauka.
38.000 lorek bihurtu dute munduko lore estrukturarik handiena. Birritan aldatzen dizkiote loreak urtero, apirilean eta urrian. Koons bera arduratzen da loreen kolorea aukeratzeaz, eta ezin da haren oniritzirik gabe aldatu. 30 lorezain inguruk dihardute prozesu horretan, eta hamar eguneko lana da.
Barruak ere badauka mamia.Programazio bidez maneiatzen diren ponpaketa sistema batzuez eta ongarri zein fitosanitarioen dosifikatzailez osatua dago; eguraldiaren arabera moldatu eta aldatzen dira. Lau solairutan barna 114 ureztatze puntu ditu, gauean 22:30 aldera ordu eta erdiz martxan jartzen direnak.
Loreak Nafarroako haztegi batean landu ohi dira. Sei hilean behin aldatzen dituzte, kolkoan jartzen dioten huntza salbu; udaberri-uda garaian, tonalitate gorri, laranja, urdin, larrosa edo zuriak: begoniak, tageteak, petuniak, ageratoak eta lobeliak, besteak beste. Udazken-negu partean hotzari aurre egiteko, zenbait bioleta barietate jartzen dizkiote.
«Jende askok uste du Puppy Bilbon gelditu zela herri eskaera batengatik, obrak izan zuen harrera eta arrakastarengatik», azaldu du Guggenheim fundazioak, baina diote «inaugurazioa baino lehenago» pentsatu zutela batzorde artistikoan obra erosi eta bildumara gehitzea. Museoak aitortu du jendeak «maitea» duela, eta arreta erakartzen duela.
Gainera, gaur egun, ezingo lukete haren balioa ordaindu. Duela 25 urte milioi bat euroko kostua zuen, baina 45 aldiz biderkatu da merkatuko balioa, diotenez: 45 milioi euro inguru balio du Puppy-k egun.
Diru bilketa, udan
Museoaren ustez,«ikurra» daPuppy Bilborentzat. Ia mende laurden bat bete du, eta, eskultura konpontzeko, Guggenheim museoak 100.000 euroko finantzaketa kolektiboko kanpaina bat hasi zuen ekainaren 23an. 27.000 euro lortu dituzte dagoeneko.
Biziberritu Puppy lelopean, Koonsen txakurraren estruktura osoa aldatzeko diru bilketa bat: «Heldu da Bilboko txakur ospetsuenari beste bizitza bat emateko garaia». Sei hilean behin loreak aldatzea baino proiektu handiagoa daukate aurrean. «Egitura osoa berreraiki nahi dugu», diote. Museoak argi dauka hamaika solairuko aldamioa eraberritu behar dela, eta tutuen eta iturrien «nahaspila» osoa. Jasangarriagoa izango dela adierazi dute: «Behin obra egindakoan, errazagoa izango da kontserbazioa: automizatu egingo dugu kontrol koadro digitalizatu batekin, eta klimara doitutako hezetasun sentsore batzuekin». Ehun eurotik gorako dohaintzetan, Museoaren Lagun izateko aukera eskainiko du Guggenheimek: «Deskontuak, jarduera esklusiboak, eta museorako sarrera doan urtebetez». Hirurehun euro baino gehiagoko ekarpena egiten duen jendea nazioarteko kide izendatuko dute sei hilabetez, eta bisita pribatu eta inagurazioetara joateko aukera eskaini.
Garbitzaileak greban
Guggenheim museoko ELAko garbitzaileak greban daude ekainaren 8az geroztik. 70 egun bete dituzte aste honetan, eta «hainbat berri deigarri» izan direla adierazi dute: «Agerian utzi dituzte Guggenheimen ahuleziak eta desberdinkeriak».
Salatu dute Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusiak Urdaibain «bai edo bai» egingo duela Guggenheimen «hedapena», eta, horretarako, aldundia «prest» dagoela «beharrezko» diru kopurua jartzeko, Europako funtsak «iristen ez badira» ere.
Diru bilketaz, berriz, ELAk esan du museoko zuzendaritzak «harrabots handiz» abiarazi duela Puppy-ren barne egitura zaharberritzeko kanpaina: «Ekinaldi maitagarri eta berritzaile gisa saldu nahi izan digute, baina geure buruari galdetu beharko genioke zein den sostengatzen ari garen museo eredua, zer baldintzatan, eta noren edo zeren lepotik».
ELA sindikatuaren esanetan, urteak daramatzate museoko langileei «tratu eskasa» ematen, azpikontratazioen bidez: «Horren adibidea da garbitzaileen egoera. Emakumezkoak dira batez ere, eta museoan hogei urte baino gehiago daramatzate lanean».
Garbitzaile horiek greba hasi zuten ekainean, «soldata eta lan baldintza duinen» alde: «Garbitzaileen arteko bi sektore alderatuz gero, bata, gizonezko gehien biltzen dituena, hau da, kale garbitzaileena, eta, bestea, erabat feminizatutako dagoena, hau da, eraikinetako garbitzaileena, ikusiko dugu urteko soldatan 8.000 euro inguruko aldea dagoela».
Bilbon ere txakurra ortozik
Guggenheim museoak dirua biltzeko kanpaina bat abiatu du. Helburua: 100.000 euro lortzea 'Puppy' konpontzeko. Udan egingo dute bilketa, museoko garbitzaileak greban ari diren garai honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu