Nahi bat, lelo bihurtuta: Elkartuko gara berriro. Eta lelo bat, iragarpen bihurtuta: Bilboko Ercilla kalearen eta Moiua plazaren arteko gunea, jendez lepo; ehunka lagun Bilboren bihotzean, euskaraz abesten. Urteroko topaketa da Euskal Herria Kantuz eguna, baina bertan behera utzi zuten 2020an, pandemiaren eraginez, eta beste horrenbeste hurrengo urtean. Eta hurrengoan. Atzo berreskuratu zuten tradizioa, gogotik berreskuratu ere, BEKE Bilboko Euskal Kantuzaleen Elkarteak eta Bilboko Konpartsek antolatuta: zortziehun bat lagunek izena eman zuten bazkarirako, eta horiei batu zitzaizkien goiz-pasa joan ziren zaleak, eta ibilbidean lotutakoak. «Ez da makala, ez da txikia/ sortu duzuen mobida», bota zuten hasierako bertsoetan.
Ekitaldia abiatzear, urduri zegoen Mari Carmen Elorriaga BEKEko batzordekidea, baina pozik. «Bilbok beti egiten du harrera ona», nabarmendu zuen, inguruetara begira. Autobus pare baten faltan, kantuzaleek askotariko kolorez tindatua zuten jada kale grisa, lepoan zeramatzaten zapiekin: Arrasateko (Gipuzkoa) Portaloi taldekoen morea; gasteiztarren berdea; bilbotarren gorria; Miarritzeko (Lapurdi) Arroka elkartekoen beltza; Sopelakoen eta Urdaibaikoen (Bizkaia) urdina; Pasai Donibanekoen (Gipuzkoa) lila; Beasaingoen (Gipuzkoa) horia.
Eskertutako jendetza bat. «Herrietan, dinamika txikiagoak sortzen dira. Bilbokoa ezberdina da: nire ustez, politagoa da, jende gehiago biltzen delako», Santurtziko (Bizkaia) Bihotz Gaztea taldeko Txaroren iritziz. Mugitzen dira, halere: hamar urte baino gehiagoko ibilbidean, egon izan dira Iruñean, Gasteizen... «Gustuko dugu egun hau, lehenik eta behin, gustuko dugulako kantatzea. Eta euskara eramaten dugulako kalera, eta dinamika bat sortzen delako».
Euskararen akuilu dira, nahiz eta denak ez diren euskaldunak. Euskaraz mintzo da Txaro, baina taldean badaude hainbat erdaldun; eta, halaber, euskalduna da Miarritzeko Arroka elkarteko Etxenet Etxeneto, baina ez, ordea, taldekide gutxi batzuk. Eta, hala ere, astero abesten dute euskaraz, hala euskaldunek nola erdaldunek. Etxeneto: «Eta egiten ditugu animazioak, etxeetan ere asko kantatzen dugu... Hemen, pozik gaude. Hemen, denak elkarrekin gara. Eta gehienak, euskaldunak. Beraz, giro berezia da».
Gazteen kontua ere bada
Beste begirada bat inguruari Elorriagak. «Orokorrean, jende nahiko beteranoaren ekimena da hau». Baina, segidan, salbuespena: gizon gazte bat, Hontzak konpartsako elastikoa soinean. «Konpartsak gurekin daudenez, jende gaztea ere batu egiten zaigu». Erosketa orga baten inguruan lauzpabost, konpartsakideak denak, liburuxkak banatzen, eta makila bati lotutako arbela txikiekin adierazten zein kantu abestuko den, eta zein orrialdetan topa daitekeen. «Poliki-poliki, gazteak gerturatzen ari dira», David Sobrado Aixeberri konpartsako kidearen berbetan. Horretan ari dira beharrean. «Garrantzitsua da, gure zeregina da: herri bat gara, kultura zabaldu nahi dugu, eta jendearen parte hartzea bultzatu nahi dugu».
Bertsotan egindako agurraren ostean, abestiak. Egunari ekiteko, Lau haizetara patxadatsua; segidan, Euskaldunak gara mugituagoa. Dagokion baino lehenago botatako silabaren bat, melodia harrapatzeko ahalegin ez erabat zorrotzak, begiak paperetik kentzen ez dituztenak, eta, letra ondo gogoan, jendetzari begira kantatzen dutenak. Sorpresa atseginen bat, tarteka. «Ez nuen ezagutzen abesti hau, baina asko gustatu zait; alaia iruditu zait».
Ercillan egin zituzten hiruzpalau kantu, eta Kale Nagusirantz abiatu ziren ondoren, abesteari utzi gabe. Albia lorategietan bukatu zuten aurreneko saioa, eta bazkalostean berrekin zioten ibilbideari, Zazpikaleetan. Hasierako bertsoetako nahia, iragarpen. «Zazpikaleak bihurtu arte/ gutxinez ehunda piko./ Kantatzen duen Euskal Herri bat/ ez delako inoiz hilko».
ATZEKOZ AURRERA
Bilbon berpiztu dira doinuak
Euskal Herria Kantuz eguna ospatu dute, hiru urteren ondoren, Bilboko kaleetan. Euskal Herri osoko zortziehun lagun baino gehiago bildu dira euskarazko kanta tradizionalak abesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu