Marijaiaren mezulariak. 1992

«Bilbokoak oso jai politak dira, denentzako lekua dagoelako»

1992an, 'Berrizko ihia' izan zen Aste Nagusiko pregoilaria. Udaletxeko balkoira irteteko unean «urduri» jarri bazen ere, orduko esperientziaz «oso oroitzapen ona» gordetzen du Lejarretak.Marino Lejarreta

Marino Lejarreta txirrindulari ohia, pregoilari jantziarekin, Bilboko zenbait konpartsakiderekin. BERRIA.
Bilbo
2012ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Hogei urte igaro dira Marino Lejarreta Aste Nagusiko pregoilari izan zela. Hamarkada bat baino gehiago eman zuen berriztarrak txirrindularitza profesionalaren goi mailan, eta 1992an hartu zuen erretiroa. Bada, euskal zaleei garaipen gogoangarri ugari eskaini ostean, urte horretan heldu zitzaion Bilboko jaiei hasiera emateko aukera. Aldapa gora ondo baino hobeto moldatzen zen Lejarreta. Han jasotzen zuen errepide bazterrak betetzen zituzten jarraitzaileen arnasa. Hala ere, txirrindulari ohiak gogora ekarri duenez, bizikletaren gainean ahalegin bizian zebilen bitartean milaka pertsona horien presentzia ez zitzaion oso nabarmena egiten; pregoilari izatea proposatu ziotenean, berriz, «urduri» jarri zen txupinaren unean jaiak hasteko irrikaz plaza beteko zuten lagunez pentsatzen hasita. «Hor, Bilboko Udaletxeko balkoian jarri behar nintzen pregoia irakurtzen, eta jende guztia behean entzuten egongo zen. Niri horrelako gauzak ez zaizkit askorik gustatzen; hainbeste jenderen aurrean ibili behar izateak lotsatu egiten nau», azaldu du Lejarretak. Hortaz, trantze estua azkar igarotzeko moduko pregoia osatu zuen. «Ahalik eta laburren egiten saiatu nintzen. Nahikoa sinplea izan zen, ahalik eta lasterren pasatzea nahi bainuen». Berak idatzitako testua irakurri ostean «hobeto» sentitu zela gogoratu du. «Gero 'gora Marijaia!' eta horrelakoak esatea erraza da».

Estualdiak estualdi, une horretan «emozioa» sentitu zuen Lejarretak. «Jaietan protagonista izatea pozgarria da, egia esan». Dena den, ez du hain erraz ahaztuko Bilboko udaletxeko balkoia. «Pregoiarena zer zen ondo jakin izan banu, ziur asko ezetz erantzungo nukeen», esan du, txantxetan. Gaur egun, «beste modu batera» ikusten du pregoilaria izateko ardura. «Azken batean, polita izan zen; geratzen den oroitzapena oso ona da». Pregoia alde batera utzita, kalean «gustura» ibili zela dio Lejarretak. «Jendearekin egotera ohituta nengoen, eta txosnetan ere ondo izan nintzen».

Munduko Txapelketara begira

Gaur egun, abuztua Espainiako Vuelta prestatzen ematen dute puntako txirrindulariek. 1995era arte, ordea, lasterketa hori udaberrian egiten zela azaldu du Lejarretak. «Garai horretan, Espainiako Vuelta apirilean zen; beraz, abuztuan, Munduko Txapelketa prestatzen ibiltzen nintzen». Modu batera edo bestera, txirrindularitza profesionalean uda zen denboraldiaren erdigunea. Ondorioz, «oso gaztetan» baino ez zuen izan Berrizko ihiak Aste Nagusiaz gozatzeko aukera. «Abuztuan, jaietan, zero. Lekeitiokoak oraindik noizbehinka harrapatu nitzakeen, baina normalean ez. Txirrindularitzan arituta, udako jaietan ibiltzea ez da batere erraza». Ez zuen horretarako astirik, ezta «ahalmenik» ere. «Gorputza bizikletan ibiltzeko eginda daukazu». Hortaz, denboraldien arteko hilabeteak aprobetxatu behar zituen Lejarretak parranda egiteko. «Neguan bai», baieztatu du, «hor primeran». Aurten Aste Nagusira «bizpahiru egunetan» joango dela esan du. «Pertsona guztientzako giroak daude. Bilbokoak oso jai politak dira, denentzako lekua dagoelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.