Bilboko Aste Nagusia. ATZEKOZ AURRERA. Oihana Bartra Arenas. Bertsolaria

«Bilboko zaleen aurrean abestea beti egiten zait erraza»

Marijaia eta Gargantua Aste Nagusiko ikur diren bezala, jaien izaeraren nahitaezko parte dira egunero Santiago plazan izan diren bertso saioak ere. Aurten ere, bertan aritu da kantuan Bartra.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Mikel Garcia Martikorena.
Bilbo
2022ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Hamalau urte zituela hasi zen bertsotan Oihana Bartra Arenas (Bilbo, 1984). Hogei urte inguru pasatu dira lehen kantu horietatik eta bertsoa bere «bizitzaren parte» bihurtu du. Bat-batekotasunak duen «arriskuak» erakartzen du gehien Bartra, eta hori gozatzeko aukera izan du egunero 13:00etan Santiago plazan izaten diren saioetan. Bera asteartean aritu zen kantuan.

Noiz hasi zinen bertsotan?

Eskolan hasi nintzen. Bertsolaritza ikasgaia izaten genuen, eta hor konturatu nintzen gustuko nuela. Horren ostean, bertso eskolara joaten hasi nintzen. Egia da aitak etxean Hitzetik hortzera saioa ikusten zuela. Biok batera ikusten genuen askotan, eta nik gustuko nuen; baina, horretaz gain, etxean ez genuen bertsolaritzarekiko tradizio handirik.

Zer sentitu zenuen oholtza gainera lehen aldiz igo zinenean?

Kristoren beldurra. Dardarka nengoen, oso urduri jarri nintzen. Lehiaketa bat izan zen jende aurreko nire lehen esperientzia. BBK sariketan izan zen; taldeka egiten zen lehiaketa bat. Behintzat, taldeka zenez, pixka bat lasaiago nengoen. Bestela ere erronka handia baldin bada jendearen aurrean jartzea, lehiaketa batean askoz gehiago, lehiaketa bat izateagatik bakarrik eragiten dizun urduritasunagatik.

Zer aldatu da orain?

Oraindik tentsio puntu bat sentitzen dut, baina gaur egun askoz gehiago disfrutatzen dut. Beti da arrisku momentu bat, bat-batekotasunak hori baitauka. Baina, disfrutatzeko momentu bat balitz bezala ulertzen dut. Txapelketaren testuingurua oso ezberdina da.

Egon den aldaketa bakarra da hogei urte baino gehiago daramatzadala kantuan. Esperientzia horrek ematen dizu lasaitasuna, badakizulako hamaika egoeratan aurrera ateratzeko gai zarela. Uste dut denborarekin estrategia batzuk ikasten direla momentu txar batetik edo ideiarik ez duzun momentu batetik ondo atera ahal izateko. Batzuetan,badakizu bertso txar bat botako duzula. Garrantzitsua da hori onartzen jakitea eta burua ez jaistea hurrengoan hobeto egiteko.

Emakumeak ondo ordezkaturik daude bertsolaritzan?

Lehen, ohikoa zen bertso eskolak emakumez beteta egotea, baina, gero, plazara salto egin behar zenean, abesteari uztea. Baina esango nuke gaur egun hori aldatu dela. Emakume gazteak badatoz plazetan abesteko gogoarekin, eta, gainera, emakume bertsolarientzako espazioak sortu dira. Gaiak jartzeko orduan, esaterako, emakumeei ematen zizkieten rolak oso antzekoak ziren. Ama-alabak izatea, adibidez. Baina, nik uste dut proposatzen diren gaietan nolabaiteko lanketa egin dela, eta ohituta gaude hamaika posiziotatik kantatzera.

Bilbotarra izanda, nolakoa da Aste Nagusian abestea?

Gozamena da bertan kantatzea. Halere, nik bezala jaiak bizi dituen bilbotar batentzat gogaikarria izan daiteke. Bertso saioak 13:00etan dira, eta batzuetan lo askorik egin gabe etorri behar izan naiz. Hala ere, oso saio politak izaten dira. Aste Nagusian datozen ikus-entzuleakzoragarriak dira beti. Baina egia da gertatu izan zaidala nahiko nukeen azkartasun mental osoa ez izatea. Bilbon badaude urteko saio pare bat: Santutxukoak eta Santiago plazakoak. Nik uste dut Bilbon bertsozaletasunak baduela publikoa, eta gainera, nahiko egonkorra dela. Gainera, gazteak gero eta gehiago gerturatzen ari dira. Haiei begira antolatzen diren ekintzek harrera oso ona izaten dute. Bilboko bertsozaleak oso esker onekoak dira, eta haien aurrean abestea beti egiten zait erraza.

Nola bizi duzu Aste Nagusia?

Nik konpartsakide gisa bizi dut Aste Nagusia beti. Nik ezin dut Aste Nagusia ulertu konpartsetan egon barik. Horregatik, konpartsen mundutik bizi dut. Guk ez ditugu jaiak soilik gaueko giroarekin lotzen. Aste Nagusia txosnen muntaketarekin hasten da, eta ez da bukatzen desmuntatu arte. Horrek irauten duen bitartean, konpartsako kideen artean bizikidetza ederra eratzen da. Gainera, eguneroko ekintzetan parte hartzea zoragarria da. Bazkalordutik hasi eta gauera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.