Hedabideen elkarlanak emaitza paregabeak utzi ditu: Hamaika Telebistaren webgunearen bidez, 40.000 lagunek egin zuten bat uneren batean edo bestean Bilboko manifestazioarekin. Iragan larunbatean Hamaika Telebistak eta Info7 irratiak jarraipen berezia egin zioten euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioari.Elkarlanean, hiru ordu eta erdiko programa eman zuten Bilbotik zuzenean. Manifestazioaren aurretik hainbat eragileren hitzak jaso zituzten Casillako kioskoan jarritako platoan. Ondoren, manifestazioaren ibilbide guztia jarraitu zuten bertatik bertara. Hamaika telebistaren atari digitaleko datuen arabera, sarrera kopuru handiena manifestazioaren hasieran eta amaierako ekitaldiarekin batera izan zen. Horretaz gain, sare sozialen bidez jasotako mezuei esker, jakin daiteke programarekin bat egin zutela munduko hainbat herrialdetatik. Elkartasun mezuak iritsi ziren, esaterako, Kataluniatik, Mexikotik, Suitzatik, Venezuelatik, Guatemalatik eta Ohiotik eta New Yorketik (AEB). Saio berezia eskura dago Hamaika telebistaren eta Info7 irratiaren atarietan.
'Berria.info'-n bisita ugari
Iragan asteburuan Berria.info webguneak ohikoa baino ia bi bider bisita gehiago izan zituen. Larunbatean eta igandean, hurrenez hurren, 18.000 eta 19.000 lagunek jo zuten atari digitalera informazio bila. Izan ere, BERRIAk euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioaren jarraipen berezia egin zuen egun horietan. Larunbateko bideo eta argazki bildumak oraindik ikusgai daude Berria.info webgunean. Horretaz gain, Bilboko manifestazioaren inguruko mapa interektibo bat ere ikusgai dago webgunean. Bertan ibilbidean jasotako hainbat bideo daude bilduta.
Komunikazioa
Bilboko martxarekin 40.000 lagunek egin zuten bat Hamaika TBren bidez
Hamaika TBk eta Info7k elkarlanean egin zuten larunbateko saioak arrakasta itzela izan zuen Interneten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu