Aste Nagusiaren bi aldeak ongi ezagutzen ditu Ninbe Moreno Errasti Uriola webguneko kazetariak (Bilbo, 1987). Bilboko albisteak ematen ditu atariak, eta, horregatik, jaietan lan egitea tokatzen zaio. Egunean beharra, baina festarako tarteak ere topatzen ditu lanetik ateratzen denean ere. Nekatuta dago horregatik, baina hala ere gustura dabilela dio. Atzokoa, gainera, egun berezia izan zen harentzat eta haren lankideentzat, Hau Pittu Hau konpartsak urtero banatzen duen Euskara saria Uriola-ri eman diolako, «gertuko albisteen berri euskaraz» emateagatik.
Nola jaso duzue Euskara sariaren albistea?
Ohore handia da. Bilbon euskara sustatzeko eta euskaraz bizitzeko aukera ematen du Uriola-k, edo hori lortu nahi dugu, eta sariarekin egindako lana onartua dagoela ikusten duzu. Lan gogorra da Bilbon euskara hutsean bizi ahal izatea, eta informatzeko orduan ere arazoak izaten ditugu euskaraz informatu ahal izateko.
Zenbateraino da zaila Bilbon euskaraz informatzea?
2016an, inkesta bat egin zen, eta, zioenaren arabera, azken 30 urteetan bikoiztu egin da euskaldun kopurua. %21 euskaldunak ziren lehen, eta %51ra igo ziren gero, eta bazirudien sekulako datuak zirela. Baina beste inkesta batek azaldu zuen zerbait ulertzeko gai zirenak zirela horiek, eta ez euskaraz bizitzeko gaitasuna zutenak. Gaur egun euskaraz bizitzeko gaitasuna dutenen kopuruak %20 inguruan jarraituko du. Ondorioz, albiste baten berri eman nahi, eta euskaldunak bilatzea zaila da. Eragile eta norbanako guztiek ez daukatelako gaitasuna informazioa euskaraz emateko.
Aste Nagusian egoera hori aldatu egiten da?
Bai. Bilboko Konpartsen egitarauarekin egiten dugu lan, eta egia da konpartsek guztiz elebidun egiten dutela lan, eta hori eskertzekoa da. Guk haiekin harremana erabat euskaraz egiten dugu, eta ia ekintza guztietan euskara entzuten da. Oro har, ez dago arazorik, eta poztekoa da, lanean ari baikara Bilbon euskaraz bizi ahal izateko, eta Aste Nagusia euskalduna da.
Oasi bat dela, alegia.
Bai. Txosna batera joan, eta euskaraz erantzuten dute, eta erraza da hemen lan egitea.
Nola egiten duzue lan Aste Nagusian?
Bilboko Konpartsekin akordio bat daukagu, eta hainbat ekitaldi grabatzea eskatzen digute, eta horien berri ematen dugu. Baina lana ez da hor amaitzen. Grabaketak egin ondoren, bulegora joan behar dugu, edizio lanak egitera, eta hori dena jai giroarekin uztartzen saiatzen gara. Lankideek ere txandak izaten ditugu txosnetan, eta esan daiteke aste gogorra izaten dela. Baina, hala ere, gustura ibiltzen gara. Egia da eguneko giroa gehiago gozatzen dugula gauekoa baino, baina gauekoari ez diogu kale egiten.
Hamaika telebistarekin ere elkarlanean egiten duzue lan, ala?
Guk konpartsekin daukagu akordioa, eta Hamaikak ere badu bere hitzarmena konpartsekin. Hamaikak, beraz, ordutegi bat dauka, eta guk beste bat. Ekitaldietan ez dugu haiekin bat egiten, eta, horrela, ahalik eta ekitaldi gehienetara iristen gara. Horretaz gain, Uriola-k betidanik elkarlana izan du Bilbo Hiria irratiarekin. Beraz, azkenean esan daiteke hiru hedabideok elkarrekin ari garela lanean.
Konpartsek eskatutako ekitaldiak grabatzen dituzue. Zein izaten da zuen lan karga?
Egunean zortzi edo hamabi ekitalditara joaten gara, eta Hamaika beste hainbestetara. Ahalegintzen gara konpartsa denei tokia egiten, eta denei grabatzen diegu zerbait. Lehiaketa Gastronomikoa ere bai, konpartsek indartu nahi duten ekitaldia delako. Horietan ere jende asko ibiltzen da aurrera eta atzera, eta jendeari asko gustatzen zaio grabatu ditzaten.
Aste Nagusian bideoak, eta audioak egiten dituzue batez ere. Zergatik?
Aste Nagusian ez dauka zentzurik testu luze bat idazteak. Jendeak denbora gutxi igarotzen du etxean, eta ikus-entzunezko beste zerbait egin behar dugu. Azkarrago kontsumitzen den hori.
Zein izaten da informatzeko ekitaldirik zailena?
Baliteke txupinazoa bera izatea, jendea jai gogoarekin dagoelako. Jendetza handia egoten da Bilbon, eta lekuetara iristea kosta egiten da. Horrez gainera, norbera ere jaiak hasteko gogo bereziekin egoten da, eta gogotsu ekiten diozu. Horregatik izaten da gogorra, bi ikuspegi horiek uztartu behar izaten direlako. Behin txupinazoa pasatuta, gainerako egunak lasaiago doaz, eta jendea ere lasaiago dagoela esan daiteke, eta ekitaldietan ere ez da hainbeste jende biltzen.
Ninbe Moreno Errasti. 'Uriola' atariko kazetaria
«Bilboko Konpartsen ia ekitaldi guztietan entzuten da euskara»
Hau Pittu Hau konpartsak 'Uriola' atariari eman dio aurten urtero banatzen duen Euskara saria. Moreno Errasti gelditu gabe ari da Aste Nagusian, egunero ari baitira kontakizun berezia egiten txosnetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu