Bilboko jaien hasiera, kantuan

Bilboko Aste Nagusiari hasiera emateko, Zea Maysen 'Negua joan da ta' abestiaren doinua erabili du Aiora Renteria pregoilariak. Aldarrikapen asko izan ditu hizpide: konpartsen lana, Bilboko auzoen zeresana, eta erasorik gabeko festak. Pregoia baino lehen, udaltzainek Txori Barroteren presoen aldeko pankartetako bat kenarazi dute.

Marijaia, Bilboko Arriaga antzokiko balkoian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
amaia igartua aristondo
2023ko abuztuaren 19a
20:19
Entzun

Beranduegi heldu da txupina Bilboko Arriaga antzoki aurreko plazan pilatutako festazaleentzat. Txupinaren kokapen hutsak sekulako oihuak eragin ditu; txilioak ez dira eten ordutik, eta nabarmen ozendu dira balkoira irten direnean Aiora Renteria pregoilari eta Zea Mayseko abeslaria eta Izaskun Pinedo txupinera eta Pinpilinpauxa konpartsako kidea. 19:00ak ere ez ziren oraindik, eta, hala ere, jada beranduegi zirudien bertaratutakoentzat. Festa grina are nabarmenagoa egin da Renteria berbetan hasi denean. «Nire erara egingo dut», ohartarazi du. Eta Zea Maysen Negua joan da ta abestiaren lehen notak aditu dira. Orroekin hartu dituzte.

Kantuan bota du pregoia Renteriak, diskurtsoa taldearen abesti ezagunaren letrarekin uztartuta, eta nagusiki euskaraz, gaztelaniazko bi esaldi salbu. Jaietara deitzeko erabili ditu doinuak: «Beti dena eman behar da / Bilboko jaietan». Gogoan izan ditu gertukoak: «Eskerrik asko, benetan/ oso harro sentitzen naiz. / Eskerrik asko aita eta ama,/ eskerrik asko Zea Mays». Eta oroitu da, era berean, beste hainbat ertzez, aldarrikatzeko pregoia ere izan baita Renteriarena.
1983ko uholdeak gogoan, konpartsen orduko eta egungo elkarlana goratu du. «Bilboko Konpartsarik barik,/ ez dago Aste Nagusirik». Eta oroitu da Bilboko auzoez, orobat: «[Taldeko] Laurak bilbotarrak gara, / Santutxu, Irala eta errekaldetarrak./ Maite ditugu auzoko jaiak,/ eta ez dugu ahaztuko Kukutza». Eta txalo zaparrada batekin jaso dute festazaleek abeslariaren aldarri feminista. «Mesedez, ondo pasa aurten Bilboko jaietan,/ beldurrik gabe denok kaleak betetzera./ Laztandu nazazu orain,/ nire baietza duzunean./ Badakizu noiz den ezetz,/ ez dizut azaldu behar./ Eta larrua jotzean, garrasirik ozenena». Zeinu hizkuntzako interprete batek itzuli ditu pregoilariaren hitz guztiak.

Harrera ona izan dute Renteriaren berbek, baina beste aldarrikapen batzuk isilduak izan dira. Txupina baino lehen, Arriagako balkoian hainbat eragile pankartak jartzen ari zirenean, «udaleko arduradun bat» Txori Barroteko konpartsakideengana hurbildu da, Presoak eta iheslariak etxera zioen pankartetako bat kentzeko esanez, kamerak leku horretan jarri behar zirelako aitzakian, gertakariaren lekuko izan diren Aske elkarteko kide batzuen arabera.

Kideok esan dutenez, 30 udaltzain inguru hurbildu dira, baina ez da istilurik egon; Txori Barrotekoak haiekin hitz egiten saiatu dira, baina udaleko arduradunak pankarta eraman du, azkenean. Ernaiko beste pankarta batzuk ere kendu omen dituzte. Dena dela, presoen aldeko beste pankarta zegoen tokian utzi dute, eta beste horrenbeste plazaren inguruan kokatutako banderola mordoa ere. Horiez gain, konpartsen banderek bete dute plaza, ohi bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.