Bilboko Iñaki Antiguedadek jasoko du BERRIAren lehiaketako saria

Groenlandiari buruz idatzitako lanarekin irabazi du Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa

Erredakzioa
2013ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Groenlandiara egindako bidaiari esker, Chamonixera bidaiatu ahal izango du Bilboko Iñaki Antiguedadek, Kalaallit Nunaat, zangoak gogoari darraio lanarekin BERRIAk antolatutako Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa irabazi ondoren.

Izan ere, epaimahaiaren iritziz, Antiguedaden lana izan da jasotakoen artean saria lortzeko lanik egokiena. Hala, Mendiak eta Herriak mendiko gidarien elkarteak eskainitako saria eskuratu du: Izotzezko Itsasoko Balkoietara zortzi eguneko bidaia (Alpeak, Chamonix). Sari horri esker, Izotzezko Itsaso horren inguruko glaziar guztiak ezagutzeko aukera izango du.

Kalaallit Nunaat, zangoak gogoari darraio lanean, herrialdeko natura ezagutarazteaz gainera, inuiten bizimoduaren berri ere eman du Antiguedadek, hizkuntza egokian.

Perdiguero mendira (3.221 m) egindako bidaia kontatu du, berriz, Valentziako Ruben Vegak, eta harentzat izango da lehiaketako bigarren saria: Aralar dendan gastatzeko 100 euroko bonua lortu du, Perdiguero: atsedena, gero lanarekin.

Lehiaketan parte hartzeko jasotako lan guztien artean aukeraketa egin eta gero, datorren astean argitaratuko ditu BERRIAk bost idazlan, tartean bi saridunenak. Iñaki Antiguedaden lana datorren igandean argitaratuko da, eta Ruben Vegarena, larunbatean.

Lehen idazlana, hala ere, asteartean argitaratuko du BERRIAk: Josune Otxotorenak idatzitako Kayakez Groenlandian, iceberg eta glaziar artean. Antiguedadek bezala, Groenlandiara bidaiatu du, baina kayaken laguntzarekin ezagutu du herrialdea Otxotorenak.

Jon Haitz Legarretak egindako lana argitaratuko da ostegunean: Suzko bideetan barrena. Carros de Focen egindako ibilbidea kontatzen du Legarretak.

Bizikletaz egin du bidaia Angel Bidaurrazagak Menorca uhartean. Hango bizipenak bildu ditu Cami de Cavalls-GR223 lanean. Ostiralean argitaratuko duBERRIAk Bidaurrazagaren lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.