1991ko abuztuan, Euskaldunon Egunkaria-k artean ospatzeko zuen lehen urtebetetzea. Aurreko urteko abenduan argitaratu zen lehen alea, eta urte horretan Bilboko Konpartsek euskarazko egunkari bakarrari euren babesa eman nahi izan zioten. Hala, Pello Zubiriari izan zen urte horretan pregoilari; garai hartan, Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendaria zen.
Zubiria usurbildarra da sortzez, gipuzkoarra, eta orduan ez zuen behar beste ezagutzen Bilboko Aste Nagusia, nahiz eta urtebetez hirian bertan bizi izan zen. Jaiak ezagutzeko aukera ona izan zuen, beraz, urte hartan. Baina ez horretarako bakarrik. Eskaini berri zioten kargua ilusio handiarekin hartu zuen, egunkari berriari eta proiektuari «bultzada emateko albiste garrantzitsu bat» izan zitekeela uste baitzuen Zubiriak. «Egia esan, bertako langileok ez geunden halako gauzetara oso ohituta». Hala ere, horretarako prestatzeko ahalegin handia egin zutela aitortu du.
1991ko Aste Nagusi hartan, Bilboko Konpartsek aitorpen handia eman zioten euskarazko prentsaren eta euskararen normalizazioaren aldeko mugimenduari. Hala uste du, bederen, kazetari gipuzkoarrak. Izan ere, txupinera lanetan Hau Pittu Hau konpartsa euskalduneko ordezkaria ibili zen. Ondorioz, euskaltzaleen ikuspegia eman nahi izan zion Zubiriak irakurritako pregoiari. Nola bestela. «Jaien garrantziari buruz aritu nintzen, baita Euskal Herriaren, euskal kulturaren eta euskararen garrantziari buruz ere», adierazi du Zubiriak. Horrekin batera, euskal prentsan jarduten zutenen falta aipatu zuen, hala nola Juan Jose Petrikorena eta Xabier Lekuona izan zituen gogoan —orduan, atxilotuta zeuden—. «Nolabait, Euskal Herri berri bat nahi genuela adierazteko ekarri genituen haiek gogora, eta falta ziren guztiak kalean nahi genituela esateko», gogorarazi du Zubiriak.
Txupinazoan, «giro beroa»
Pregoia irakurtzeko unea oso barneratuta dauka kazetariak. Plaza jendez gainezka zegoela oroitzen da, eta «giroa ere nahiko bero zegoen», garai horietan izaten zen legez. Ez daki «udalaren kontrako gai berezi bat ote zegoen edo zer», baina balkoian bertan ere tentsioa «nabaria» zelako susmoa du oraindik ere. Josu Ortuondo zen orduko alkatea, eta, pregoilariak dioenez, plazan «saltsa handia zegoen». «Balkoira atera eta hitz egiten hasiko naiz» esanez hurbildu zitzaion Ortuondori, hura lasaitu nahian. Era horretan irten zen kanpora, eta pregoia irakurri zuen, euskaraz eta gaztelaniaz.
«Jendeak oraindik ez zekien oso ondo Euskaldunon Egunkaria zer zen, ezta zer egiten zuen ere euskaraz hitz egiten zuen gizon hark han goian». Hala ere, gaztelaniazko bertsioa irakurri zuenean giroa erabat aldatu zela gogoratu du, «alde onera». Ordutik aurrera, dena festa izan zen.
Urte hartako pregoilari lanetan aritu baldin bazen ere, hiru egunez soilik ibili zen Pello Zubiria Bilboko festetan, bere familia alboan zuela betiere. Gehienbat, gauak eta su festak ditu buruan, baina inguruko agintari politiko eta ekonomikoekin harreman pertsonalak egiten ere saiatu zen jaietako hainbat ekitalditan. Horren froga da, esaterako, bizitzan ikusi duen zezenketa bakarra. Vista Alegre zezen plazan izan zen: «Han agertu nintzen, normaltasun itxura osoz, harremanak sustatzeko asmoare- kin».
Baina jaiaren izaera ezagutzeko aukera ere izan zuen. Jaien «izaera herrikoia» deigarria egin zitzaion. Zubiriaren ustetan, garai hartan «kontraste handia» zegoen Bilboko eta Donostiako Aste Nagusien artean. Eta oraindik ere bien arteko alde horrek iraun egiten du. «Egia da festak asko aldatu direla gaur egunera arte, baina Bilbok kasta berezi bat du oraindik ere», aitortu du.
Marijaiaren mezulariak. 1991. Pello Zubiria
«Bilboko Aste Nagusiak kasta berezia du oraindik ere»
Gipuzkoarra izan arren, Pello Zubiria aukeratu zuten 1991n pregoilari lanetarako, 'Euskaldunon Egunkaria' jaio berriaren ordezkari gisa. Urte hartan, euskararen normalizazioaren mugimendua nabaria izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu