Egiaz eta begiaz

Bilboko Abandon, Etxerre baserritik mundura

«Nik ere badut nire egia»... zioen Gabriel Aresti zenak, eta halaxe zuen egia Martzela Arana Morek ere. Bizia bera izan zuen curriculum eta, batzuk eta besteak beren oroitzak idazteari lotu zitzaizkiola, gauza bera egitea hartu zuen gogoan.

Martzela Aranaren familia. ZALDI ERO
Martzela Aranaren familia. ZALDI ERO
Miel Anjel Elustondo
2024ko uztailaren 17a
05:00
Entzun

Martzela zuen ponteko grazia. Bizia egin zuen Bilbon, hantxe jaioa izaki, eta etxea uzteko proportzio gutxirekin. Eta bizi honetan bezainbat itzalaz bestaldekoan zela, garai bateko kontu zaharrak kontatzen hasi zitzaion alaba Mertxeri (Mercedes Ibabe Arana). Bazuen helbururik horretarako: «Sasoi bateko Bilbo zelakoa izan zen estudiatu gura duenik badago, jakin dezan». Eta, gainera... «Gainera, jende askok modan ipini zuen memoriak idaztea. Batzuk ziren zinemako jendea. Beste batzuk, politikakoak, folklorekoak... Eta esan nion neure buruari: ‘Zertan ez eskribitu memoriak neuk ere?’». Eta alaba hari diktatu zizkion oroitzak, aspaldi, 1980an, 85 urte zituela ordurako...

Zeren, Martzela Arana More 1895ean etorri baitzen mundu honetara, gurasoek lehenago bost mutil ekarriak zituztela. Esan beharrik ez da, pozarren hartu zuten neskatikoa, eta daitekeenik eta izenik ederrena eman nahi izan zioten. Eta hamaika kontsulta, endredo eta eztabaida eta gero, Marcela erabaki zuten. «Alde batetik mar, eta bestetik, berriz, cielo. Ez da ederra?... Ostera, beste batzuek esaten dute Marcela-k esan gura duela amor eta celos. Baina hori ja ez zait, bada, hain ederra iruditzen». Eta etorri zen mundu honetara Martzela, Bilboko Abandon, artean hura baserri leku zen denbora galduan. Eta etxeak zuen izena Etxerre. Eta zen baserria eta txakolindegia.

Etxerre

Eta zen paradisua, Martzelaren begi-ninietara, bederen. «Niretzat Etxerre zen zoragarria, ezin konparatuzkoa ezerekin ere, alegrantziaz betea beti, loretsua, berdea... jende guztiak maite zuen toki hura. Esaten zuten izena zetorkiola ni jaio aurretik birritan ere erre zelako. Jende asko etortzen zen meriendatzera eta berdin bazkaltzera eta afaltzera ere. Jate itzelak egiten ziren han, eta zelebratzen ziren festak, ezteiak eta banket handiak. Gisatu gozoak egiten zituen fama zeukan gure amak, eta Etxerreko txakolinak ere gustua bezain ona zeukan izena». Baserrian bertan egiten zuten txakolina, Henao kaleko 32. zenbakian, Errekalde zumarkaleko 17.ean, Esparteroko [orain Juan Ajuriagerra] 17.ean...

Hiru kaleetatik baitzeukan sarrera Etxerre eder hark, «baina Henaotik zeukan sarrera nagusia. Eta sartu, eta berton, hiru patata soro geneuzkan, eta ostantzean dena zen mahatsondoa! Segidan, korta: zortzi behi, astoa, eta txerri bat geneuzkan, eta txakur bat ere bai, argia! Txato zeukan izena. Nik esango nuke pertsonak bezain inteligentea zela». Gehiegikeria ere bada, beharbada. Edo ez... «Aparta zen etxea jagoten, gauetan batez ere. Hark ez zion inori sartzen utziko, etxekoa ez bazen, gutxienez, edo Janba ez bazen». Janba.

(ID_14012326) (/EZEZAGUNA) martzelaaranarengurasoenetxerrebaserria3
Martzela Aranaren gurasoen Etxerre baserria. ZALDI ERO

Eta galdetu beharrik gabe egin du jauzi Martzelaren mintzoak memoria idatzien paperetik berripaper honetara. «Janba... zen gizajo bat, gure alderdian oso ezaguna. Etortzen zen Etxerrera eta lasto fardeletan etzanda lo egiten zuen. Eta, goizean, alde egiten zuen ostera ere... Baina Txatorena kontatzen ez dut amaitu... Gure aita hil zenean, Txato ez zen hilkutxatik urrundu. Kostata apartatu genuen. Gau osoa uluka eta intzirika eman zuen. Eta, gero, aita zena Derioko [Bizkaia] kanposantura eroan genuenean, txakurra gure atzetik! Eta, gero, bera bakarrik itzuli zen Etxerreraino!». Egundo horrelakorik!

Anjel Arana, Petra More

Eta Martzelak aita eta ama izan zituen Anjel Arana Urkixo, eta Petra More Garrastazu. Lehena, Etxerren berton jaioa. Ama, Deustuko Iturriaga baserrikoa, Moreko estratan. «Oraindaino [1980] berton daude biak, Iturriaga eta estrata, baina badakizu zelan egon ahal diren gaurko egunean: baserria, hiru bizitzako etxea da eta zementuzko blokez inguratuta dago, ito beharrean, arnasa hartu ezinda legez. Hobeto egongo zen bakean hiltzen utzi izan balute. Lursail ederrak zeuzkan, baina orain bat eta gero bestea, saldu egin zituzten denak eta, gero, Kutxak gura beste etxe egin zituen berton»...

Martzelaren memoria beti lanean: «Gure aita, Sabinoren [Arana Goiri] lehengusua zen. Baserrian koadro bat, handia, eduki genuen Sabinoren aitarena. Santiago zuen izena... Gure aita, nik 17 urte ez, eta hil zitzaigun. Pulmonia txar batek jota joan zen, koitadua. Handik urtebetera, urteurreneko mezatik gentozela familiako guztiok, San Bizenteko elizatik Etxerrera, baserritik alde egin behar genuela esan ziguten». Maizter bizi ziren, nonbait ere. «Ikaragarria izan zen. Legea eskuan hartuta bidali gintuzten, baina legeak ez dira beti zuzenak! Jabeek —ez dakit nortzuk ziren, baina Villasante izenaren gomuta daukat—, etxea eta lursail bat eskolapioei erregalatu zieten, oraingo ikastetxea egiteko, eta gu handik fuera! Errekalde zumarkaleko 16.era joan ginen bizitzera, pisu batera. Akordatzen naiz gure anaia Frantziskok neketan eraman zuela etxealdatze hura. Ez zuen jaten, ez lo egiten, ezin arnasa lasai hartu... Hilko zela ere pentsatu genuen». Haatik, onik irten zen ataka estu hartatik.

Martzela Arana More akordatzen zenez beren aitaita Nikolas Aranak baserria erosteko proportzioa izan zuen. «Jabeek saltzeko asmoa hartu, eta 35.000 duro [1.051 euro] eskatu ei zizkioten gure aitaitari. Etxea eta lurrak, prezio horretan. Aitaitak ez zuen erosi, ordea. Ez dakit diru hori ez zeukan, edo zer pasatu zitzaion burutik. Etxerre erosi ez, baina hiru baserri erosi zituen: seme bakoitzari bana, Errekaldeberrin bi, eta Larraskitun bat. Pentsatzen dut Larraskitukoa han dagoela oraindaino, Iberduerok [Iberdrola] han berton dauzka instalazioak; hura gure osaba Zesareorentzat izan zen. Errekaldeberriko baserrietako bat osaba Jenarori eman zion aitaitak eta, bestea, ostera, gure aitarentzat izan zen; Retes izena zeukan baserriak, Eskurtzeko estratan zegoen, eta lur asko eta gura beste mahasti zeuzkan». Haatik, Martzelari iruditzen zitzaion aitaita Nikolasek ez zuela asmatu, «Etxerre bezalakorik ez zegoelako. Lursail hark balio handia hartu zuen segituan, eta eskaini ziotenean erosi izan balu, inor baino aberatsagoak izango ginatekeen, milioidunak!». Martzela Arana Moreren kalkuluak, betiere.

Baserriak eta baserriak

Sasoiko Bilbon baserri asko eta ederrak zeudela oroitzen zen Martzela zena. Izenak ere ez ditu ahaztuak. «Urte asko dira, eta memoria ere galdu dut, hainbat, baina akordatzen naiz... Baserri batek Jaungoikoa zeukan izena, Henao kalean zegoen, Elkanoko izkinan. Beste bat, Zuazoren baserria, orain diputazioa dagoen tokian zegoen. Beste baserri bat, Errekakoetxe, Concha kalekoa. Sasoia zenean, txakolindegia ere bazen. Haraxe ezkondu zen gure osaba Jenaro! Eta haren alaba Eulalia [Arana], berriz, Anakleto Ortuetarekin ezkondu zen, gerra baino lehenago politikari famatua! Beste baserri bat, Dindirri, Urkixo familiarena, Garellano ondoan. Beste bat, Egileor plazan zegoena, Luzianorena. Honen baserria ere famatua zen, gozo kozinatzen zuten eta; Alde Zaharrera joan ziren gero. Zolloren baserria, Egaña kalean zegoena... Hainbat baserri bazen orduko Bilbon, nahiz orain galduak dauden denak». Martzelaren buruko artxiboetako baserrietan, Jaungoikoa izan zen galtzen azkena.

(ID_14012325) (/EZEZAGUNA) joseibabeetamartzelaarana2
Martzela Arana eta Jose Ibabe. ZALDI ERO

Eta baserrien izenetatik zirkura Martzela Arana Moreren errota: «Akordatzen naiz Errekakoetxe baserriaren aurrean Zabalguneko zirkua zegoela, baina 1912ko azaroaren 24an, arratsaldean, erre egin zen. Sua, eta jende asko hil zen berton. Hasieran, etxekoek pentsatu zuten ni ere zirkuan nintzela, eta kezkatan egon ziren. Baina ni Zamudiora joana nintzen lagunekin, mitin batera. Jose Ibabe Garaizabal [Aramaio, Araba, 1883 – Bilbo, 1978] zen berbetan... Egun hartan ezagutu nuen gizon hura... eta elkarrekin ezkondu ginen gero. 95 urte zituela hil zitzaidan Jose. Senar ona izan zen, eta oso erlijiosoa. Zortzi seme-alaba ekarri genituen. Bertsolaria, eta berbalari iaioa, etorri handikoa. Bilbao irratian ere berba egiten zuen La Hora Vasca programan, eta gauza batzuk ere eskribitu zituen etimologiaz-eta». Martzelaren senarraren filiak, alegia, gerra aurrekoak.

Eta Martzelaren senarrak zaletasunak horiek zituela, lana —agente komertziala zen— galarazi zion Francoren erregimen diktatorialak 1940ko irailaren 27ko Espainiako Estatuko Buletin Ofizialean ageri denez. Hantxe da Jose Ibabe Garaizabalen izena, zerrenda beltz luzean.

INABILITAZIOA

«1. Bizkaiko Agente Komertzialen Kolegio Ofizialeko garbiketa-txostena azterturik, idazkaritza honek erabaki du onartzea, salbuespenak salbuespen, Ondasunak Konfiskatzeko Epaitegiak izendatutako Kolegio Ofizial horretako garbiketa-batzordearen proposamena. Honako hauxe da horren emaitza:

a) Ondoko jaunok Kolegiotik erabat kanporatzea [60 izen].

b) Ondoko jaunoi Agente Komertzial lana egiteko hiru urteko erabateko inhabilitazio-zigorra ezartzea [18 izen].

c) Ondoko jaunoi Agente Komertzial lana egiteko bi urteko erabateko inhabilitazio-zigorra ezartzea [ 32 izen eta, tartean:]

...

Eusebio Alcorta Soler

Eusebio A. Cabezudo

Agapito Eguiguren

Sabino Fano Udondo

Jose Ibabe Garaizabal

...

 

d) Ondoko jaunoi Agente Komertzial lana egiteko urte bateko erabateko inhabilitazio-zigorra ezartzea [32 izen eta, tartean, emakumea: Gallastegiren alarguna, eta seme-alabak].

e) Ondoko jaunoi Agente Komertzial lana egiteko sei hilabeteko erabateko inhabilitazio-zigorra ezartzea [3 izen. Besteak beste, emakumea: Encarnacion Lopez Lorenzana].

f) Araudiaren 32. artikuluaren arabera, 500 pezetako isuna ezartzea [3 euro], [Espainiako] Estatuari ordaintzeko paperetan, ondoko jaunoi: [24 izen]».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.