Komunikazioa. Iñigo Muñoz. Tas-Tas irratiko kidea

«Bilboaldean dialak oihana ematen du; indartsuenaren legea datorkigu»

Urtarrilean hogei urte bete ditu Bilboko Tas-Tas irrati libreak. Bilboaldean FMko 97.0 frekuentzian hartzeaz gain, Internet bidez ere entzun daiteke, 'tas-tas.org' webgunean.

BERRIA.
urtzi urkizu
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Hogei urte bete dira berriki Bilboko Tas-Tas irrati librea jaio zenetik. Azken hamar urteetan han dabil Iñigo Muñoz esataria (Barakaldo, Bizkaia, 1981).

Egin behar al duzue ezer berezirik irratiaren hogei urteak ospatzeko?

Bai, hemendik gutxira irratsaio berezi bat egingo dugu, orain arte egindako ibilbideari begiratu bat emateko. Ikastaro bat eta festa bat ere egingo ditugu. Urteurrenakanpaina txiki bat egiteko baliatuko dugu, bazkide berriak lortzeko helburuarekin.

Tas-Tasen ba al dabil irratia sortu zenean bertan parte hartzen zuen baten bat? Zer diote?

Bai, batzuk bai. Bidea egin dela esaten dute, eta aurrera egin behar dugula. Hasi ginenetik irratia aldatu egin da, gizartea eta teknologia aldatu diren heinean.

Zer erronka dituzue etorkizunari begira?

Batetik, laguntzaileak lortzeko erronka daukagu, egonkortasun ekonomikoa lortzeko. Eta, bestetik, lizentzien lehiaketa dago. Lehiaketa horretara aurkezteko asmoa dugu.

Eusko Jaurlaritzak irratietarako 35 lizentzia banatzeko egindako dekretuaren oinarriei zer irizten diezu?

Oso eskasak dira. Azken batean, irrati komertzialei begira egindako dekretu bat da. Adibidez, euskarazko programa kopururik ez da eskatzen irrati guztientzat. Lizentzia batzuk gordetzen dira euskara hutsean emititzen duten irratientzat, eta hori ona da. Baina, aurreko dekretuan ez bezala, ez da euskarazko kuotarik ezartzen irrati guztientzat. Uste dugu hori ez dela batere ona. Irrati komunitario eta libreentzat ere ez da kuotarik gordetzen.

Zer ekarriko lizueke lizentzia bat lortzeak?

Batez ere, egonkortasuna emisioan. Azken batean, diala Bilbon irratiz beteta dago. Diala baino gehiago, oihana ematen du askotan, eta indartsuenaren legea datorkigula ematen du. Lizentziarik ez badugu, irrati komertzialekin lehiatu beharko dugu, oso eremu txikia egongo baita emisora guztientzat.

Internet bidez entzule asko al dituzue?

Badauzkagu batzuk. Beti pentsatu ahal duzu gehiago izan ditzakezula. Egunero 200 bisitatik gora izaten ditu gure webguneak.

Sare sozialetan zer jarrera duzue eta zer fruitu espero dituzue?

Sare sozialak beste tresna bat dira, azken boladan oso hedatuak. Guk gure audioak hor iragartzeko aprobetxatzen ditugu. Eta egiten ditugun jardueren berri ere ematen dugu. Entzuleen eta erabiltzaileen aldetik erantzun gehiago izan ditzakezu sare sozialetan webgunean bertan baino.

Hala Bedi eta Antxeta irratiekin elkarlanean Zebrabidea euskarazko magazina egiten duzue arratsaldero. Zer moduz doa denboraldia?

Oraingoz oso ondo. Ontzat jotzen dugu. Iaz Hala Bedirekin aritu ginen, eta aurten hiru irrati gaude. Arazo tekniko txiki batzuk alde batera utzita, uste dugu oso onuragarria dela orain arteko elkarlana.

Jon Aranburu Hala Bediko kideak dio gauzak bakarrik egitea baino hobea dela auzolanean aritzea. Ados al zaude?

Bai, guztiz ados. Hori da jorratu ditugun bideetako bat. Azken batean ez dauka zentzu askorik bakoitza bere bidetik gai berberei buruzko antzeko elkarrizketak egiten aritzea. Guztion artean gai horiek elkarrekin lantzeko aukera badago, aukera baliatu beharra dago.

Etorkizunari begira, euskarak izango al du leku gehiago Tas-Tasen?

Baietz espero dugu. Horretarako, euskaldun gehiagok etorri beharko dute irratira eta euskarazko saio berriak egin. Gazteen artean Bilboaldean gero eta euskaldun gehiago daude. Hori kontuan hartuta, baikorrak izan beharko dugu.

Zer albiste gustatuko litzaizuke Tas-Tasen ematea?

Tas-Tasek lizentzia bat lortu duela albiste ona izango litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.