Bilbo Hiriak Jaurlaritzari galdetu dio ea noiz emango dion lizentzia

Irratiko esatariek eta kolaboratzaileek agiri bat aurkeztu dute, eta atxikimenduak jasotzen ari dira

Bilbo Hiria irratiak irratsaio asko egiten ditu kalean. Irudian, 2017ko Aste Nagusian egindako bat. ARITZ LOIOLA / FOKU.
urtzi urkizu
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
«Bilbo Hiriak, irabazi asmorik gabeko irrati euskaldunak, lizentziarik gabe jarraituko du Eusko Jaurlaritzak irratien ganorazko deialdia egin ezean, eta ez du ematen egingo duenik». Bilbo Hiria irratiko esatariek eta kolaboratzaileek salaketa publikoa egin dute, lizentziarik gabe gelditu baitira Jaurlaritzak duela egun batzuk behin betiko lizentziak eman eta gero. Agiri bat plazaratu dute, eta salaketarekin bat egin dute Arrosa irrati sareak, Uriola atariak eta Prest aldizkariak ere. Galdera zuzena egin diote Jaurlaritzari: «Noiz emango diozue, behingoz, Bilbo Hiriari dagokiona?». Jabi Zabala irratiko esatariak iragarri du Jaurlaritzari bidaliko diotela agiria.

Bilbo Hiria irratiak nabarmendu du eguneroko jardunerako lagungarri izango litzatekeela lizentzia edukitzea: «Adibidez, gure FM irrati seinalea hobetu ahal izango genuke, indar eta kalitate handiagoz igorriz, eta diru laguntzak jaso ahal izango genituzke irrati moduan». Izan ere, Jaurlaritzak lizentzia edukitzea eskatzen du diru laguntzetara aurkeztu ahal izateko. «Urtetik urtera, lizentziarik gabe egoteak kalte egiten digu, eta 22 urte beteko ditugu laster». Soilik webgunerako jaso izan dute laguntza txikiren bat, baina irratirako inoiz ez.

Zabalak gogoratu duenez, garai batean irratiak salatu zuen Jaurlaritzaren deialdia «hankamotz» gelditzen zela: «Bazterrean utzi zuten irabazi asmorik gabeko sektore guztia. Lehiaketak ezarritako oinarriak irrati komertzialentzat ziren egokiak, baina ez irrati txiki eta komunitarioentzat». Hala ere, Bilbo Hiria lehiaketara aurkeztu zen. «Mieltxo Monfort zenak esan ohi zuen moduan, trajea ez zegoen guretzat egina. Baina proiektu txukun bat aurkeztu genuen».

Bilbo Hiria aurkeztu zen eremuan, lizentzia eman diete honako irratiei: Onda Vasca, Radio Maria, Cadena Dial eta Radio7. Guztiak gaztelaniazkoak. Deialdiak Bilbo Handirako euskarazko bi erreserba gorde zituen; bietako bat Naiz irratiarentzat izango da, baina bigarrena zein den jakin nahiko lukete Bilbo Hiriako kideek. «Pentsatzen dugu bigarren horrek guretzat izan beharko lukeela», esan du Zabalak. «Gure ikuspegitik, 2012an bidegabekeria izan zen lehiaketaren deialdia. Eta oraingo Jaurlaritzak zilegitasuna eman dio bidegabekeria hari». Zabalak «eskandalutzat» jo du lizentziekin gertatu dena. «Deialdi hartan, gainera, ez zituzten ezertarako aintzat hartu irrati proiektuak martxan egotea eta ibilbide bat izatea. Ekarpen soziala eta kulturala egiten duten irratiak, gurea bezalakoak, ez zituzten baloratu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.