Bilbo Hiria irratiak 22 urte bete ditu, eta irrati maratoi bat eta bertso bazkari bat antolatu ditu biharko. Maratoia 10:00etan hasiko dute, eta bost orduko zuzeneko emankizuna egingo dute Albia lorategitik (Abando auzoan). Lehenbizi, auzoak izango ditu hizpide, eta, horretarako, hainbat auzo elkartetako lagunak elkartuko dituzte. Euskarazko komunikabideen inguruan hitz egingo dute gero, Unai Brea kazetariarekin, Arantza Gutierrez irakaslearekin eta Uriola.eus atariko kideekin. Horrez gain, Rafa Ruedak bere kantak eskainiko ditu zuzenean, eta Galder Perezek eta Ana Moralesek irakurketa dramatizatu bat egingo dute. Potto saioaren eskutik, bertsio saio didaktiko bat egingo dute Onintza Enbeitarekin eta Amets Arzallusekin. Hain zuzen ere, bertso bazkaria egingo dute gero Enbeitaren eta Arzallusen konpainian, Kafe Antzokian, 14:30ean.
Bilbo Hiria irratiak salatu du Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak lizentziarik gabe utzi duela azkeneko lehiaketan. «Zazpi urtez zain egon gara Jaurlaritzak zer egingo zuen jakiteko, eta orain jakin dugu nahiago duela kanpoko proiektuei eman euskarazko lizentzia», dio irratiak. «Bidegabekeria hori sufritu arren, lanean jarraituko dugu jende gehiagorengana iristeko».
Bilbo Hiria irratiaren eguna ospatuko dute bihar, Albia lorategian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu