Udaberri honetan 25 urte beteko dira Bizkaiko hiriburuan Bilbo Hiria irratia martxan jarri zutenetik, eta, urteurrena baliatuz, irratsaio berezi bat prestatu dute ostiralerako. Euskarazko irratiak Bilboko Azkuna zentroan egingo du programa hori, 17:00etatik 19:00etara, 25 urte 25 ikuspegi izenburupean.
Askotariko gaiak aztertuko dituzte saio berezi horretan: Iker Martinez de Lagos Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariak eta Isabel Isazelaia Gabriel Aresti euskaltegiko arduradunak hizkuntza politikak izango dituzte hizpide; Zorrotzako, Arangoitiko eta Santutxuko auzo elkarteetako zenbait kide Bilboko auzoen egoeraz mintzatuko dira; Haizea Barcenillak eta Fermin Etxegoienek kultur arloan izandako aldaketak aztertuko dituzte; Xabier Aierdi soziologoa biztanleriaren bilakaeraz arituko da; eta Karlos Renedo arkitektoak Bilboko ibaiertzean izandako aldaketak aztertuko ditu. Fernando Perez, berriz, Azkuna zentroaz arituko da. Eta emankizunari amaiera emateko, Jon Trollope irrati nobela berreskuratuko dute.
Bestalde, Anabasa irratsaioa estreinatu du Bilbo Hiria irratiak. Jon Castañedak eta Amaia Arostegik aurkeztuko dute, eta, atal bakoitzean, elkarrizketa bat egingo dute bi gonbidaturekin.
Bilbo Hiria irratiak 25. urteurrena ospatzeko saioa egingo du etzi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu