Obra erraldoia izan zen, eta oso konplexua. Gogoan dut bost arkitektok egin zutela proiektua». Elias Mas Serra arkitektoa 1973. urtean hasi zen Bilboko Udalean lanean, Artxandako jolas parkearen proiektua martxan jarri zen urtean bertan. 270 behargin aritu ziren hura eraikitzen, eta 300.000 metro koadro lur irauli behar izan zituzten hamar hektareako eremua berdintzeko. «Diputazioko handi-mandiren baten ideia izango zen», azaldu du Masek. «Bizkaiko Foru Aldundiaren lurrak ziren, eta uste dut ideia ona iruditu zitzaiela», erantsi du. Galdakaoko Ganguren mendilerroan eraiki zuten (Bizkaia). Guztira, 450 milioi pezetako (2,7 milioi euro) kostua izan zuen, eta hura kudeatzeko, PAVSA Parque de Atracciones de Vizcaya SA elkargoa sortu zuten hiru banketxek eta Madrilgo enpresa batek. Hainbesteko diru eta lanaren ondoren, 1974. urtean ateak zabaldu zituen. 1990ean itxi zuten. Orain bota egingo dute.
«Gauza berria zen garai hartarako. Tokia zen arazoa, han goian, eta eguraldia. Ondo aukeratu behar zen joateko eguna». Manu Agirre bilbotarra 17 urterekin joan zen lehenengoz Artxandara, lagunekin, autobusean. «Atrakzio askok ez zuten aterperik, eta euria edo haizea eginez gero, ez zegoen gauza onik». Agirreren itaunak ondo deskribatu ditu Artxandako jolas parkearen alde onak eta txarrak. Ireki zutenean, gauza guztiz berritzailea eta modernoa izan zen, Bizkaiko hiriburuko tontorrean kokaturik. Egiptokoen antza daukaten zortzi piramideak urrunetik ikus zitezkeen, eta parkearen ikono bihurtu ziren. Baina hasierako suhar hura azkar apaldu zen. Eguraldi txarrari bota zioten errua batzuek, 1980ko hamarkadako industria krisiari besteek. Baina kontua da espero zena baino askoz bisitari gutxiago joaten zirela hara. Urtean miloi bat bisitari joango zirela aurreikusi zuten, eta urterik onenean, 1975ean, ez zen 450.000 bisitari kopurura ere iritsi. Eta urtez urte, jaitsiz joan zen parkeko bisitari kopurua
Masek egin du gainbeheraren analisia: «Gauza hauek indarrez mantentzen badituzu, funtzionatzen dute. Baina indar hori murrizten duzunean, eta eskaintzen duzun horri garrantzia ematen ez badiozu, dela ekonomia arazoengatik dela bestelako arrazoiren bategatik, apurka-apurka autosuntsituz doa. Nik uste dut mailakako abandonua jasan zuela parkeak. Ez zen ondo kudeatu. Negozioa egiteko moduan huts egin zen, utzikeriagatik edo abilezia faltagatik, ez dakit».
Parkearen patu petralari buruz hitz egiten duenean, Masek argi dauka ez zela esfortzu nahikorik egin iraun zezan. «Ilusio handiz hasi zuten kontua, baina ilusio pilula hori agortu egin zitzaien».Iñigo Urkullu egungo Eusko Jaurlaritzako lehendakariak iragarri zuen parkearen itxiera, 1990ean. Sasoi hartan Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Saileko zuzendari zen. Atrakzio mekaniko guztiak Portoko (Portugal) jolas parkeari saldu zizkioten, 50 miloi pezetaren truke, eta Artxandako lurzorua bere hartan utzi zuten.
Ordutik 25 urte igaro dira, eta Bizkaiko Foru Aldundiak jolas parkea eraisteko erabakia hartu du. 1,6 miloi euro gastatuko ditu zeregin horretan. Urte hauetan guztietan eremua hesitua eta kontrolpean izan arren, eraikinak oso zaharkituta daude. Denboraren zein naturaren kalteak nabarmenak dira, eta arriskutsu bihurtu da inguruotan ibiltzea.
Denbora-pasa berritzailea
«Nire semeak garai hartan jaio ziren, eta, noski, Artxandara joaten ginen. Jende nahikotxo egoten zen, auto asko. Giro majoa zegoen. Arratsaldea pasatzen genuen, zeuden entretenimendu guztiekin». Maria Rodriguez basauriarrak ondo gogoratzen du Artxandako jolas parkea modako tokia zela zabaldu berritan. Sarrerak hogei pezeta (0,12 zentimo euro) balio zuen helduentzat, eta hamar pezeta (0,06 zentimo euro) umeentzat. Atrakzio bakoitzean ibiltzeagatik beste 100 pezeta (0,60 zentimo euro) ordaindu behar ziren. Geroago, 500 pezetako (hiru euro) bonu bat atera zuten, atrakzio guztietan nahi beste aldiz ibiltzeko. Izan ere, jolaserako tramankuluak ez ziren gutxi, ez eta haiek zainketaz arduratzen ziren langileak ere. «Ez dakit ondo, baina gutxienez 100 pertsonak lan egingo zuten jolas parke guztian», argitu du Rodriguezek. Artxandako jolas parkea izan zen egungo parke gehienetan darabilten sarrera bakar mota hori erabiltzen lehenengoetarikoa.
Hainbat atrakzio zituen: 26 metroko noria, errusiar mendi zorabiagarria, Olagarroa, tamaina handiko skalextria, jotzeko autoak, Scanner lapikoa, Apolo espaziontziak, Formula 8car-ak... eskaintza oparoa zen adin guztientzat. Horiez gain, Ispiluen etxea, Etxe magnetikoa, Labirintoa edota Mamuen trena izenekoak ere bazeuden. Bati baino gehiagori momentu txarren bat edo beste pasarazi zieten. Zoo txiki bat ere bazegoen, lehoi, hartz, tximino, ahuntz eta guzti. Gaur egun, animalia disekatu batzuek betetzen dute benetakoen tokia.
1980ko hamarkadan bideo jokoak ekarri zituzten. Gela batean makina mordoa zeuden pilatuta, eta jendez lepo egon ohi zen. Iraultza ekarri zuten. Denbora-pasa berritzailea bilakatu zen bideo jokoena: Mario, Sonic... Pertsonaiak famatu egin ziren adin guztietako jendearen artean. Gaur egun, edonork dauka etxean ordenagailu edo bideo joko bat, baina orduan jolas parkeetara joan behar izaten zen, patrikak txanponez gainezka. Trebeenek euren izena irabazleen zerrendan idazteko ohorea izaten zuten.
Auditorium ikaragarri bat ere bazuen Artxandak, anfiteatro itxurazkoa. 5.000 eserleku zituen, baina 8.000 pertsona sar zitezkeen. Sarrera bereizia zuen, jolas parkeaz aparte, eta kontzertu mordoa antolatzen ziren. «Ni ez naiz oso kontzertu zalea, baina Franco hil osteko egoera politiko haietan, batek daki, Manolo Escobar edo etorriko zen...», dio irribarretsu Rodriguezek. Baina, egia esan, estilo eta itxura askotariko musikari mordoa pasatu zen handik: Juan Pardo, Parchis, Miguel Bose, Gloria Gaynor, Mecano, Alaska y los Pegamoides, Nacha Pop, Mocedades, Radio Futura, Los Pecos, Baron Rojo, Torrebruno, Hombres G, Bertin Osborne...
Sasoi batean loria izan zuen Artxanda inguruak. Jendearen irribarreak, oihuak eta algarak entzuten ziren ozen. Hondeamakinen zaratak oroitzapen zaharrak ezabatuko ditu, ireki zutenetik 41 urte geroago eta itxi zutenetik 25 urte bete diren urtean.
Bilbo gaineko jolastoki hura
Artxandako jolas parke zaharra eraitsi egingo dute, eta haren oroimena behin betiko ezabatuko da. Bilbotik eta inguruetatik nabarmen ikusten diren zortzi piramide handi haiek desagertu egingo dira. Sasoi loriatsuak izan zituen, baina 25 urte daramatza itxirik eta abandonaturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu