Juanjo taberna zegoen tokian Ttipi Ttapa Doner Kebab jatetxea dago orain, baina Larrako euskaltegitik ehun metro eskasera egoten jarraitzen du. «Gure bigarren etxea zen; AEKren kontuak blokeatu zituztenean, ez ziguten kobratzen. Soldata apaleko irakasleak ginen, eta Juanjok, jabeak, oso ondo tratatzen gintuen. Jar ezazu kronikan!». Agindua Belen Arrizabalagarena da, urte luzez AEK-k Bilboko San Ignazio auzoan duen euskaltegian irakasle izandakoarena. Juanjo jada ez dago barraren atzean, eta auzoak ez du zerikusi handirik 1984koarekin, baina Larrakoko arbelek hor jarraitzen dute. Aste honetan egin dituzte berrogeigarren urteurreneko ospakizunak.
Memoriaren diala mugitu eta nostalgiaren irratia pizteko goiza izan da Larrakon. Lau hamarkadatan bertatik pasatutako hainbat irakasle eta ikasle bildu dira elkarrekin oroitzapenak freskatzeko asmoz. Edu Arnaiz izan zen lehen irakasleetako bat, eta oraindik gogoan du nola egokitu zuten euskaltegia, ireki aurretik. «Gau eskolak ematen ziren batez ere. Ikasleak lan eguna amaitzean etortzen ziren langileak ziren. Nik 15 urte nituen, eta ikasgelako gazteena nintzen».
«Hasieran gau eskolak ematen ziren batez ere. Nik 15 urte baino ez nituen, eta euskara irakasten nien langileei»
EDU ARNAIZ Larrako euskaltegiko irakasle ohia
12.000 pezetako soldatak zituzten irakasleek, eta ez zuten Gizarte Segurantzan kotizatzen. Borondate onak eta motibazioak, baina, edozein oztopori gaina hartzen zion: «Baliabide oso gutxi genituen, fotokopiagailu bat, idazteko makina bat… Eta ez zegoen materialik. Irakasleok sortzen genuen dena. Klase bat prestatzea lan gogorra zen».
San Ignazion bizi zen Arnaiz, baita Juan Antonio Alonso Beltza ere. Auzoaren azala osatzen duten bistako adreiluzko pareten semeak dira biak. Hura, baina, ikaslea zen Larrakon: «Hutsetik hasi nintzen. Euskaraz hitz egin nahi nuelako sartu nintzen. Euskal Herrian bizitzeko, eta Euskal Herri euskalduna nahi bagenuen, euskaraz jakin behar genuen». Hori bai, azalpena luzatu ahala, tonu serioa baztertu du: «Oso ondo pasatzen genuen. Lagun-lagunak ginen, eta orain arte». Hori bai, ez du ahaztu urteko matrikula 11.000 pezeta zela.
Berrehun ikasletik gora
Titulu goserik gabeko garaiak ziren, eta tabako kirasdun ikasgelena. Bilboko auzo ez bereziki euskaldun batean berrehun ikasle elkartzen ziren —Bilbon hamazazpi euskaltegi ere izan zituen AEK-k—, Larrakoren azpiegitura oso motz uzteraino. «Auzoko elizak ikasgela batzuk utzi behar izan zizkigun», gogoratu du Agirrezabalagak: «Ikasleetako asko emakumeak ziren. Esaterako, alboko ikastolako ikasleen amak etortzen ziren. Euskara ikasteko grina handia zegoen. Nolabait, euskara txertatu genuen auzoan».
«Uste dut San Ignazio euskaldunagoa dela orain, eta hori Larrakori esker dela. Auzoko jendeak badaki hori»
BIRJINIA LARA Larrako euskaltegiko irakasle ohia
Agirrezabalak hasitako bidetik jarraitu du Birjinia Larak, Larrakoko ikasle ohi eta urte luzez irakasle izandakoak: «Uste dut San Ignazio euskaldunagoa dela orain, eta hori Larrakori esker dela. Auzoak badaki hori». Dena den, ezin du ezkutatu giroa aldatu egin dela: «Lehen, edozer gauza egiteko ekimen handiagoa zegoen. Gauza pilo bat antolatzen genituen euskaltegitik kanpo, eta jendetza biltzen genuen: txangoak, manifestazioak, irrati saio bat... Euskaltegia Larrakoko paretetatik harago zabaltzen zen».
Larrakoko argazki zaharrak ikusten hasi, eta han agertu dira Korrikaren lehen aldiak, protesta gisa auzoko plazako kale gorrian emaniko klaseak, eta homologazioa lortzeko ekinaldiak. Afari eta parrandak ere ageri dira irudietan, baita botilaz beteriko ikasgelak ere. «Oso ohikoa zen klasearen ondoren poteoan irtetea mintzapraktika egiteko», esan du Larak. «Pentsa, ostiraletan koadernorik gabe etortzen ziren ikasleak!». Agian horregatik nabarmendu Alonsok oso ondo pasatzen zutela.