Biografien bidez garaian garaiko egoera erakusten da eta, horrezaz gainera, protagonisten eraginak nabarmentzen dira. Hots, historia modu abstraktuan azaldu beharrean, eragileen bidez azaltzen da. Emakume bizkor eta eraginkorrak Bilbon (1800-1936) liburuan, emakumezkoak dira protagonista. Haien biografien bidez, Bilboren garapenean eragina izan zuten emakumeen lagin bat ezagutarazi nahi izan dute EHUk eta Bilboko Udalak elkarlanean egindako ikerketa horretan.
Bilbaopedia entziklopedia digitalaren giroan sortu zen emakumeei ikusgaitasun handiagoa emateko nahia. Ikertzaileen artean, inguruan ikerketaren emaitzak zabaltzeaz gain, emaitza horiek ikerketa mundutik at hedatzea da xedea. Horretarako, erakusketa bat eta erakusketaren katalogoa egin dituzte. Liburua da, hain zuzen, erakusketaren katalogoa. Erakusketak Bizkaiko zenbait herri bisitatu ditu dagoeneko.
«Bilbori buruzko kontakizun bat daukagu, historia bat, eta historia horretan emakumezkoen ekarpenak nabarmentzea, txertatzea eta azpimarratzea izan dira gure helburuak». Hala azaldu ditu Joseba Agirreazkuenaga EHUko irakasleak liburuaren nondik norakoak. Hain zuzen, liburuaren koordinazio lanetan aritu da Mikel Urkijo eta Maria Jose Villa lankideekin batera. Halaber, emakumeen biografiak eta garaian garaiko egoerari buruzko artikuluak beste hainbat irakaslek osatu dituzte.
Kaleak hartu zituzten
Historian beti egon da presente emakumeen lana. «Emakumeak etxeko lanetan jardun izan direla dioen ikuspegia ideologikoa da, burgesiak eragindakoa XIX. mendearen amaieran», azpimarratu du Agirreazkuenagak. Emakume burgesek salbu, beste guztiek lan egitea zen normalena ordura arte. «Uste ustela da ez zutela etxetik kanpo lanik egiten». Hala, liburuan azaltzen diren hamar emakumeei erreparatuta, agerian gelditzen da denek egin zutela beren ibilbidea etxetik kanpo.
Emakumeak betidanik egon dira kalean, espazio publikoan. Gizartearen parte sentitzea eta eragile direlako kontzientzia izatea ez da gauza berria. «Espazio publiko horretan, baina, baztertuak izan dira. Hala, postu batzuetarako bide zailak eta mugatuak izan dituzte beren ibilbide profesionala garatzeko unean», azaldu du Agirreazkuenagak. Baina esparru publikoan lehiatu ziren, eta, boto eskubidearekin, nabarmenagoa izan zen haien eragina. «Aurretik ere liderrak izan ziren hainbat erabakigunetan». Horrek historiaren ikuspegia birmoldatu beharra dakar, eta liburu honetan ikusgaitasun hori erakusten saiatu dira.
Liburuko protagonistak beren lanbidean edota ibilbidean zerbait berezia egin zutelako dira «emakume eraginkorrak». Bidea zabaldu zutenetakoak izan ziren. Berdintasunerako bidean, espazio publikoa emakumeena ere badela aldarrikatu zutenak. Lehiakorrak, bizkorrak eta eraginkorrak. «Ateak zabaldu zituzten», azaldu du Urkijok. Bizitza publikoa emakumeena ere badela erakutsi. Esparru publikoan, profesionalki, gero eta ugariagoa zen emakumeen partaidetza zuzena.
Ekarpenak Bilbon
Liburuan ageri diren hamar emakumeak Bilbon bizi izan ziren edota ekintza nagusia Bilbon egin zuten. «Bilbon jardun zuten momentu batean, bertan nabarmendu ziren». Gehienak, Bizenta Mogel euskaraz argitaratu zuen lehen idazlea ezik, lehen iraultza industrialaren garaikoak dira: XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasiera bitartekoak. Zehazki, XX. mendeko lehen 30 urteetan egin zuten ibilbidea gehienek. Gerrak etena ekarri zuen arte. Klase sozial ezberdinetako jendea sartu dute liburuan. Premia ezberdinak dituztenak. «Batzuk dirudunak daude; beste batzuk, aldiz, langile soilak». Hala ere, egileek azpimarratu dute liburua garaian garaiko lagin bat dela soilik.
IZEN PROPIOAK ETA IZAN PROPIOAK
1. BIZENTA MOGEL ELGEZABAL
Azkoitian (Gipuzkoa) jaio zen, 1782an, eta Bilbon hil zen, 1854. urtean. 1804an, Ipuin Onac liburua argitaratu zuen, emakumezko batek euskaraz inprimatu zuen lehen liburua. Bertan, testu batean azaltzen du nola neskatxa izanik justifikatu behar duen liburu baten egile izatea. Aitzitik, emakumezkoak goi mailako hezkuntza lanetan aritzea aldarrikatzen zuen Mogelek, eta haien hezkuntza eskubideen alde aritu zen borrokan. Bere bizitza gehiena Bilboko egungo Abando auzoan egin zuen. Itzultzailea ere izan zen.
2. CASILDA ITURRIZAR URKIJO
Bilbon sortu eta hil zen (1818-1900). Enpresaria eta filantropoa izan zen. Guztien artean, beharbada, bera da Bilbon ezagunena. Monumentuak, kaleak eta eskolak ditu Bizkaiko hiriburuan.
3. JUANA WHITNEY, 'BON'
Nizan (Frantzia) jaio zen, 1857. urtean, eta Lizarran (Nafarroa) hil zen, 1945ean. Irakaslea eta ekintzailea izan zen. Emakumeak trebatzeko kolegio laiko bat sortu zuen. Emakumeek lehen mailako prestakuntza jasotzen zuten bertan.
4. ADELINA MENDEZ DE LA TORRE
Castropolen (Asturias, Espainia) jaio zen, 1871n, eta Bilbon hil, 1960an. Goi mailako irakaskuntza eskolako maistra eta Bilboko Maisuen Eskola Normaleko pedagogoa eta zuzendaria izan zen. 1918an Oñatin (Gipuzkoa) egin zen Eusko Ikaskuntzaren lehen batzarrean parte hartu zuen emakume bakarra izan zen.
5. BENITA ASAS MANTEROLA
Donostian jaioa, 1873an. Emakumeen eskubideen alde aritu zen lanean, eta Espainiako mugimendu feministaren aitzindaria izan zen. Emakumeentzat sufragioa lortzeko ahaleginetan ere aritu zen. Hainbat artikulu idatzi zituen egunkarietan, emakumeen eskubideak, politikoak zein zibilak, aldarrikatuz. Hala ere, berarentzat ezinbestekoa zen emakumeek politikan parte hartzeko ikasketak izatea, bestela ez zutelako erabakitzeko irizpiderik.
6. VIRGINIA GONZALEZ POLO
Valladoliden (Espainia) jaioa, 1873an. Sindikalista, politikaria eta emakumeen parte hartze politikoaren aitzindaria izan zen PSOEn. Hain zuzen, PSOEko lehen emakume taldea sortu zuen, Bilbon. Azken urteetan alderdi komunistan aritu zen. Madrilen hil zen, 1923an.
7. MARTZELINA ELESGARAI
Busturian (Bizkaia) jaio zen, 1877an, eta Bilbon hil zen, 1962an. Neskame lanetara joan zen Busturiko baserritik Bilbora, eta, gero, enpresari bihurtu zen. Sukaldari eta ekintzailea izan zen ostalaritzan. Ostalari ezagun bihurtu arte. Etxez etxe janaria banatzeko enpresa bat sortu zuen.
8. SORNE UNZUETA LANDETA
Bilbon jaioa, 1900.urtean. Idazlea, poeta, andereñoa eta Emakume Batza elkarteko eragilea izan zen. Halaber, gaztelania izan zuen etxeko hizkuntza, baina, orduko joera orokorrari kontra eginez, ikasleei euskaraz irakasten zien. Erbestearen ondorioz, Parisen bizi izan zen, eta han Eusko Jaurlaritzak zeukan ordezkaritzan lanean aritu zen. Bilbon zendu zen, 105 urte zituela.
9. TICIANA ITURRI LANDAJO
1904an jaio zen, Portugaleten (Bizkaia), eta 1969an hil, Bilbon. Medikuntza ikasketak egin zituen, Madrilen, eta Bizkaiko Sendagileen Elkargoko lehen emakumezko kidea izan zen. Bilboko Begoña auzoan haurdunei laguntzeko klinika bat ireki zuen. Gaizki ikusia zegoen gizartean emakume bat medikua izatea, eta hainbat aldiz salatu zuten. 1936ko gerraren aurretik, Emakume Abertzale Batza taldearekin lotura izan zuen, eta Bilboko Bidebarrieta kaleko Erizaintza Eskolan klaseak eman zituen.
10. HAYDEE AGIRRE
Santurtzin (Bizkaia) jaio zen, 1906an, eta Bilbon hil zen, 1998an. Emakume Abertzale Batzako kidea eta EAJko propagandista izan zen. Bi aldiz kartzelatu zuten mitinetan esandakoengatik. Horrez gain, 1936ko gerran erizain aritu zen, baina Kantabriara (Espainia) ihes egin behar izan zuen. Diktaduran, EAJren erresistentzian lan egin zuen.
Bilbo egin zuten hamar emakume
Bilboren historian protagonista izandako emakume zenbaiten biografiak bildu dituzte 'Emakume bizkor eta eraginkorrak Bilbon (1800-1936)' liburuan. EHUk eta Bilboko Udalak egin dute, elkarlanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu