Bihotzean loratutako krabelin gorria

German Rodriguez eta Joseba Barandiaran gogoratu dituzte, Poliziak haiek hil eta 46 urtera. Memoriari bizirik eustea eta justizia egitea aldarrikatu dute, baita Palestinari babesa erakutsi ere.

Emakume bat German Rodriguezen hilarriaren ondoan loreak kokatzen. IDOIA ZABALETA / FOKU
Emakume bat German Rodriguezen hilarriaren ondoan loreak kokatzen. IDOIA ZABALETA / FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2024ko uztailaren 8a
17:20
Entzun

Urtero egiten dute German Rodriguezen aldeko omenaldia, eta aurten ere ehunka pertsona elkartu dira haren hilarriaren inguruan. 46 urte bete dira Poliziak German Rodriguez eta Joseba Barandiaran hil zituenetik, eta musikariek kantuen bidez aldarrikatu dute epaitegiek zor duten justizia. Ez dute ahaztuko 1978ko uztailaren 8an gertatu zena: Espainiako Polizia Iruñeko zezen plazan tiroka sartu ondotik, kaleko istiluetan, Poliziak Rodriguez hil zuen, buruan tiro bat emanda; eta hiru egun geroago, Donostian, Barandiaran hil zuten. Aurten ere, krabelin gorriak loratu dira parte hartzaileen bihotzetan, eta horietako batzuk Palestinarekin partekatu nahi izan dituzte.

Aitor Garjon 78ko Sanferminak Gogoan plataformako kideak hitza hartu bezain pronto, Presen Zubillaga Iruñeko militante feminista eta 78ko Sanferminak plataformako bultzatzailea gogora ekarri du. Zubillaga 2023an hil zen, baina oholtza gainean zegoen haren argazkiari esker presente egon da ekitaldian, bere taldekidearen hitzak entzuten: «Iruñean 1978ko egun hartan gertatuko polizia erasoa gogora ekartzeko elkartu gara hemen berriro».

Palestina gogoan

Epaitegietan aurten jarritako kereila ekarri dute gogora, Iruñeko epaitegiak 1978ko hilketak ikertu ditzan. Duela bost urte bide berari jarraitu zioten, baina Nafarroako Auzitegi Nagusiarekin topo egin zuten: kereila artxibatu zen. Nafarroako Parlamentuak babesa adierazi dio saiakera berri horri, eta, mozioan aldarrikatzen denez, frankismoak egindako krimenak gizateriaren aurkakotzat jo behar dira. Txaloen artean, Garjonek azpimarratu du gizateriaren aurkako krimenak preskriba ezinak direla.

Palestinako bandera eskuetan, krabelin gorriak kokatu dituzte Rodriguezen hilarrian. «Palestina askatu!» oihuen artean ere entzun da Mikel Lasarte bertsolariaren ahotsa, baita La Furia rap kantariarena ere. Aurten, lehendabiziko aldiz, emakume dantzari bat aritu da bakarrik dantzan, Irene Araujo. Txalo beroak eta besarkada are beroagoak jaso ditu dantzariak: «Uste dut garrantzitsua dela emakume gazte batek omenaldi honetan dantzatzea; belaunaldi berri batek memoria bizirik mantentzen duelako». Musikan Mikel Legorburu eta Josu Sarasate aritu dira; biak larri zauritu zituzten 1978ko sanferminetako istiluetan.

Alde Zaharreko Gazte Mugimenduko oharrean memoria bizirik mantentzeko beharra azpimarratu dute: «Germanen izenak eta 78ko sanferminetako gertaerek iraunkortasun eta duintasun istorio bat osatzen dute». Emanaldiari amaiera emateko, Fermin Balentzia igo da oholtzara, bere gitarra eskuan izanik. Txalo artean jaso dute musikaria, eta bere Hilarria kantua abesten hasi bezain pronto, malko batzuk sortu dira ikusle batzuen begietan: Krabelin gorri bat zara, gure bihotzean loratu zena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.