Diosalak ez du protokolorik; anfitrioiaren araberakoa izan ohi da. Alkizako (Gipuzkoa) Garmendia Azpikoa baserriko txakur zaindariak zaunka betean egiten du harrera. Barruan entseguan ari direnek, berriz, beren instrumentuak atariraino aterata, musikaz eta kantuz, irribarre betean [patata tortillarena eta etxeko sagardoarena... ez dira denak hemen jartzekoak].
Inazio Tolosa klarinetearekin ari da; Nerea Gorriti, teklatuarekin, eta Ramon Agirre, gitarrarekin. Badute pox bat urduria, keinu bat artega: ilusioa deitzen zaio. Primer bat segun bihurtu zaie, bigarren bat lehendabiziko. Xentimorik Gabe konpainiak ([email protected]) iazko ekainaren 13an estreinatu zuen Gu primer! antzezlana, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta urtebete geroago bueltatuko da toki berera, bihar eta etzi. Pandemiak eta aktoreen beste konpromisoek eten zuten obraren ibilia. Ramon Agirre La Casa de Papel telesaila grabatzen aritu da—www.berria.eus-en dago ikusgai Madrilerako joan-etorrietan idatzitako Joan-etorriko paperak kaiera—, eta Konpromisoa antzezlanarekin ere ari da. Inazio Tolosak Kutxidazu bidea, Ixabel musikalarekin segitu du, eta klaseak ematen ere bai. Nerea Gorriti Xake Produkzioak konpainiaren Lur emanaldiarekin aritu da, eta Vaiven konpainiaren Ni munduko txarrena obrarekin.
«Berriz haste bat» da Antzoki Zaharrera bueltatzea, «eta hasierako ilusio berberarekin», Ramon Agirrek dioenez. Itxialdiaren ostean antzoki horretan estreinatu zen lehen obra izan zen Gu primer!. Urtebete joan da, eta aldatu da zerbait tartean —edo ez horrenbeste—. Inazio Tolosa: «Ni tonto samarra naiz, eta beti ikusten dut argia tunelaren amaieran. Duela urtebete ere ikusten nuen, eta orain ere bai; halako abilidadea daukagu batzuk. Txertatuta gaude, beste egoera batean gaude, eta ea behingoz pandemiari protagonismoa kentzen diogun».
Laugarren antzezlana
Gu primer! elkarrekin ondutako laugarren antzezlana dute Ra- mon Agirrek eta Inazio Tolosak. Xentimorik gabe (2010) izan zen lehena, eta haren atzetik heldu zi- ren Kokakola eta barea (2013) eta Putinen guardasola (2015). Guztietan Ray eta Nik izan dira bi aktoreak, eta beti musika eta umorea izan dituzte bidelagun. Ramon Agirre: «Egun hauetan berriro abestiekin-eta hasi garenean, irribarrea irteten zitzaidan. Oso ondo pasatzen dugu hau egiten. Xentimorik Gabe konpainiak egin duen gauzarik biribilena da, eta horren erru handia dauka Nerea Gorritiren inkorporazioak. Bitik hirura, musikan bereziki, salto handia da».
Agus Perez BERRIako antzerki kritikariak Ray eta Nik pertsonaiei buruz idatzi zuen bi musikari «bohemio, axolagabe, despistatu, ganberro eta inuxente» direla. Nerea Gorritik dio «ganberroak» direla, batez ere, baina: «Bi hauekin ni ilargiraino joango nintzateke. Oso giro ona dugu».
Agirrek erantzun du konplize: «Oso ondo ekarria ilargiarena Nerea». Izan ere, horixe da obrak kontatzen duena: 1969an ilargira iristen lehenak bi euskaldun izan zirela. Alegia, Ray eta Nik izan zirela primer, baina sekretupean egon dela hori orain arte. Ramon Agirrerena eta Egoitz Lasarena da testua, eta Asier Sotarena zuzendaritza.
Aldaketa batzuekin
Ostiraletik aurrera ikusiko den obra ez da aurrekoaren «guztiz» berdina. Testuari eta musikari «ukitu batzuk» egin dizkiotela aurreratu du Agirrek: «Nahiz eta istorioa duela 50 urte ustez gertatutako zerbaiten ingurukoa den, edozein pasartek ekartzen zaitu gaur egunera. Egoera aldatuz doan heinean, gure ikuskizunak ere kolore berriak hartzen ditu. Ondo dago hori baliatzea».
Gabonetako apaingarriak urre koloreko lanparetan, biga zahartu batean telefono zartatu bat. Jarraitu egiten du musikak Garmendia Azpiko egongelan. Azken ohar bat: «Etor dadila jendea beldurrik gabe. Kutsatzekotan, umorea kutsatuko diogu».
ATZEKOZ AURRERA
Bigarrenez lehendabizi
Pandemiak obraren ibilia eten zuen, eta urtebete egin du geldirik. Xentimorik Gabe konpainiak 'Gu primer!' antzezlana taularatuko du berriro, bihar eta etzi, Donostiako Antzoki Zaharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu