Jose Maria Asin: «Taldeko aktoreak oso garrantzitsuak dira filmari eusteko; haren zimendua dira»

Bereziki disfrutatzeko apeta du Jose Maria Asin aktoreak oholtza gainean dagoelarik. Erretiraturik badago ere, oraindik «antzerkiaren mertzenario» dela esan du. 'Tasio' pelikulan parte hartzeagatik egin zen ezagun.

(ID_14196567) Jose Maria Asin aktorea, iragan abuztuaren 26an, Iruñeko Golem Baiona zinema aretoaren kanpoaldean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Jose Maria Asin aktorea, iragan abuztuaren 26an, Iruñeko Golem Baiona zinema aretoaren kanpoaldean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
inaki rubio
Iruñea
2024ko irailaren 15a
05:00
Entzun

«Iruñeko aktore bat naiz». Hala aurkeztu ohi du bere burua Jose Maria Asin aktoreak (Cadreita, Nafarroa, 1956). Harendako, pribilegioa izan da aktore gisa hezi eta haztea bizileku duen hirian, Iruñean, eta horixe aldarrikatzen du oroz gaindi. 50 urte bete ditu oholtza gainera estreinakoz igo zenetik, eta ehun muntaketa eszenikotan parte hartu du. Halere, hamaika pelikula, telesail eta film laburretan ere aritu da Asin; akaso ospetsuena, Tasio (1984) filma.

Preseski, aurki 40 urte beteko dira Montxo Armendarizen opera prima estreinatu zutenetik, eta, urteurrena aitzakiatzat harturik, eraberritu egin dute klasikoa: 4k-n ikusi ahalko dira Ameskoako (Nafarroa) parajerik ederrenak, bereizmen handian, alegia. Euskadiko Filmategiak ondu du egitasmoa Armendarizen laguntzarekin, Boloniako (Italia) L’immagine Ritrovata laborategietan. Iragan maiatzean erakutsi zuten emaitza, Cannesko Zinemaldian, eta aurtengo Donostiako Zinemaldiko Klasikoak atala mustuko du pelikulak. Asinek aitortu du ez dela estreinaldira iritsiko, baina emaitza ikusteko gogotsu dagoela esan du.

Iruñean bizi den cadreitarra zara.

Kasualitatez jaio nintzen Cadreitan. Aitaren familia Ihabarkoa (Arakil, Nafarroa) zen, baina, aitona trenbideetako langilea zenez, Cadreitan lan egitea egokitu zitzaion, eta bertara aldatu ziren. Han ezagutu zuen aitak ama, eta hala jaio nintzen ni. Cadreita eta Iruñea artean pasatu nuen haurtzaroa, eta, 8 urte nituenean, Iruñera joan ginen bizitzera. Dena den, lagunak ditut herrian, eta Bardeako paisaiak ez nau inoiz utzi. Mejanan jaio izana garrantzitsua da niretako.

«Egin nuen lehen filma izan zen 'Tasio'(1984), baita egin dudan onena ere»

Noiz hasi zinen arte dramatikoan?

Ez nintzen aktore izan nahi zuten haur horietakoa, baina, 17 urteko ikaslea nintzelarik, Gaiarre antzokira joan nintzen Bertolt Brecht-en Furcht und Elend des Dritten Reiches [Hirugarren Reich-aren izua eta miseria] antzezlana ikustera, eta argi eta garbi esan nuen: «nik hori egin nahi dut». Halaber, lagun batzuk hasiak ziren dagoeneko Iruñeko El lebrel blanco izeneko talde amateur batean antzezten, eta galdetu nien ea haiekin aritu nintekeen; hala hasi nintzen. Hamahiru urtez aritu nintzen han, 1974tik 1987ra-edo, eta antzerkiaren pozoia barruraino sartu zidaten.

Aktore afizionatu gisa hasi zinen, beraz?

Ez dut interpretazioa ikasi; oholtza gainean hezi izan naiz, aktore amateur handiekin. Afizionatua edo profesionala izateak ez du kalitatean eraginik; aktore amateur asko ikaragarriak dira, eta profesional batzuk, berriz, negargarriak. Geografia eta historia ikasi nuen, baina, kultur arloan aritzea nahiago nuenez, animatzaile soziokultural gisa hasi nintzen lanean, Beriainen (Nafarroa), 80ko hamarkadaren hasieran. Ondoren, Zizur Nagusian (Nafarroa) hasi nintzen kultur eta euskara teknikari gisa lanean, eta hantxe jarraitu dut erretiroa hartu arte. Dena den, pribilegio bat izan da kultur proiektuak kudeatzen eta aktore sorkuntzan aldi berean lan egin ahal izatea.

Tasio (1984) izan zenuen lehen aldia zineman.

Bai. Tasioren (Patxi Bisquert) lagunaren rola zen nirea. Izan nezakeen bataiorik hoberena izan nuen, gainera, aitabitxirik handienekin: Montxo Armendariz eta Elias Kerejeta. Egin nuen lehen filma izan zen, baita egin dudan onena ere.

«Montxo Armendarizi beti gustatu izan zaio ni sotanaz janztea»

Nola sortu zen film horretan aritzeko aukera?

Koldo Lasa filmaren ekoizleetako batek El lebrel blanco-n aritzeagatik ezagutzen ninduen, eta casting bat egin ziezadan konbentzitu zuen Armendariz. Elias Kerejetarekin batera egin zidan castinga zuzendariak; animatzaile soziokultural izateak jakin-mina eragin zien, eta orduan hasi zen nire bidaldia.

Gogoan duzu Tasio-ren estreinaldia?

Bai, Lizarran (Nafarroa) izan zen, eta filman parte hartu zuen jende guztia gonbidatu zuten; oso hunkigarria izan zen. Ondoren, Donostiako Zinemaldian egin zuten estreinaldi komertziala, 1984ko irailaren 21ean. Alfonbra gorri bat zapaldu dudan lehen eta azken aldia izan zen hura; Iruñeko mutiko arrunt bat besterik ez nintzen. Hilabetera, Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan ere eman zuten ikus-entzunezkoa.

Fimaketan jazotako zerbait aipatuko zenuke?

27 urte besterik ez nuen, hasiberria nintzen, eta samurtasun handiz akordatzen naiz une haietaz. Gogoan dut Patxi Bisquert eta biok arrantzan gabiltzan eszena grabatu eta hiru egunetara ezkondu nintzela.

Berriz ere estreinatuko dute Tasio aurtengo Zinemaldian, oraingoan, eraberriturik. Ikusi duzu emaitza?

Ez, Montxok bakarrik ikusi du, iragan maiatzean Cannesko Zinemaldian egin zuten estreinaldian. Gainera, ezingo dut Donostian ikusi, kanpoan egonen bainaiz. Dena den, emaitza ikusteko gogotsu nago.

Zure aurpegia 4K-n ikusteko, alegia?

Egia esan, Lizarrako estreinaldian ikusi nuen neure burua lehenengoz pantaila batean, eta ez zitzaidan gustatu [barrez]. Baina gero jakin nuen normala dela hori aktoreengan; lehenengoz zeure burua entzuten eta ikusten duzunean arraroa da, baina ohitu egiten zara denborarekin. Dena den, soilik hiruzpalau aldiz ikusi dut Tasio.

Oraindik ere interesa pizten du Tasio-k. Zergatik?

Balio unibertsalak hizpide dituelako. Pelikula batek luzaroan irauteko gauza beharrezko bat du: soiltasuna. Halaber, erritmo pausatua du, egungo ekoizpenen guztiz kontrakoa. Askatasunari kantu bat eskaini zion Montxok Tasio-rekin, eta jendeari oraindik ere gustatzen ziaon pelikula bat da, klasiko bat.

«Iruñeko aktore bat izatea erabaki nuen nik, eta ez nion horri uko egin nahi»

Posible al da halako pelikularik egitea gaur egun?

Emakumeek egiten dituzte, egin ere, eta oso interesgarriak. Erritmo pausatuagoa duten film asko ikusten ari naiz, gaian guztiz barneratzen direnak… baina zaila da egun halakorik egitea, eta uste dut horregatik ez duela film gehiagorik egin Montxok.

Asko aldatu da zinema egiteko era?

Dudarik gabe! Argazki kamera arrunt baten tamainako kamera batekin egin daitezke pelikulak orain. Ja ez dira garai bateko arazoak gertatzen: zinta bukatzea, kamera barruan zikinkeria sartzea…

Nolakoa da Montxo Armendarizekin lan egitea?

Bidaia introspektibo bat egitea bezala da. Askoz hobeto ulertzen dut zinema berari esker; sentiberatasunez ikusten irakatsi dit. Era berean, zineman aritzeko konfiantza handiagoa izaten ikasi dut berari esker; izan ere, ni antzerki aktorea naiz, eta zinema ez da oso ohikoa nire karreran. Modu pausatuan jorratzen ditu istorioak, bete-betean sartuz, eta begirada desberdin batetik kontatzen ditu; gizon adeitsua da, baina deserosoa.

«Antzerkiaren mertzenarioa izan naiz; hots egin didaten piraten ontzietara igo naiz»

Zenbatetan egin duzu lan Armendarizekin?

Beste bi film egin nituen harekin: Bihotz ondoko sekretuak (1997) eta Obaba (2005). Lehenak ikaragarrizko harrera izan zuen; Oscar sarietarako izendatu zuten. Bietan apaiz baten rola egin nuen; Montxori beti gustatu izan zaio ni sotanaz janztea.

Apaiz aurpegia duzulakoan?

Bai [barrez]. Behin esan zidan: «John Wayne cowboyrik onena izan zen bezala, zu apaizik onena izanen zara, bai horixe!».

Elias Kerejeta izan zen Tasio-ren ekoizlea. Eragina izan zuen zugan?

Hasiberria zen mutiko batendako pribilegioa zen Elias Kerejetarekin lan egitea. Asko miresten nuen, eta are gehiago miretsi nuen ezagutu ostean: oso arrunta zen, eta horixe zen handi egiten zuena.

Ate asko ireki zizkizun Tasio filmak?

Ireki ahal izan zizkidan, baina baztertu egin nituen denak, horretarako Madrilera joan beharra baitzegoen. Iruñeko aktore bat izatea erabaki nuen nik, eta ez nion horri uko egin nahi.

Eta ondoren, zer?

Miguel Angel Calvo Buttini, Imanol Gutierrez Aragon, Helena Taberna, Gracia Kerejeta, Iciar Bollain… zuzendari askoren produkziotan aritu naiz, taldeko rolak egiten, baina gehien gustatu zaidana antzerkia izan da. Tasioren ostean antzerkian jarraitu nuen, eta hala egin izan dut beti, baina ez nuen sekula nire konpainia propioa sortu; antzerkiaren mertzenarioa izan naiz, eta hots egin didaten piraten ontzietara igo. Izan ere, bidaia bat da niretako antzerki emanaldi bat, eta onak iruditu zaizkidan barkuetara igo naiz. Garbiñe Losada, Miguel Narros, Alfredo Sanzol, Paco Mir, Alexandeer Gerol, Gustavo Tabasio… antzerki zuzendari handiekin aritzeko zortea izan dut Iruñetik mugitu gabe, eta hori oso garrantzitsua izan da niretako. Telebistan ere aritu izan naiz, telesailetan.

«Oholtzan ez dut aritze hutsagatik aritu nahi, baizik eta ondo egiteko eta gozatzeko»

Taldeko aktore rolean aritu zara beti zineman?

Film luzeetan bai, baina film laburretan izan naiz protagonista inoiz. Nolanahi ere, horrek ez nau arduratzen; izan ere, taldeko aktoreak oso garrantzitsuak dira filmari eusteko; haren zimendua dira. Protagonista txarra bada, komentatu egiten duzu, baina ez du askorik eragiten; aldiz, taldeko aktore txar batek pikutara bidal dezake pelikula. Bost axola dit bost segundo edo hogei minutu agertuko banaiz; hobeezin egitea da kontua. Miguel Munarriz lagun aktoreak behin esan zidan: ez dago rol txikirik, aktore txikiak baizik.

Gaiarre antzokiko zuzendari izendatu zintuzten 2011n, baina, azkenean, ez zen gauzatu. Zer gertatu zen?

Gaiarre beti izan da nire bigarren etxea. Iruñeko Udaleko zinegotzi batek deitu zidan esanez ni proposatu nahi nindutela antzokiko zuzendari izateko; nik ez nuen nahi, Gaiarreko oholtza baitut gustuko, ez bulegoa. Baina baietz esan nuen. Hautatua izan nintzen, baina Enrique Maya alkateak betoa jarri zidan, enbarazu egiten baitzioten nire komunitateari buruz esateko nituen auzi sozial eta politikoek. Alkate deitoragarria izan zen, makartista hutsa. Jazotakoari esker, ordea, Alfredo Sanzolek berarekin lan egitea proposatu zidan, Gaiarren eginen zuen obra berri batean.

Zertan zabiltza orain?

[Eztul egin du, ironikoki]. Oraintxe bertan ez dut proiekturik… Espainiako telebistako 4 estrellas telesailean aritu nintzen iaz, hiru kapitulutan. Urte hasieran Buttiniren hirugarren pelikulan ere ibili naiz lanean. Antzerkiari dagokionez, produkzio bat egiten saiatzen ari naiz Madrilgo lagun aktore batekin. Baina, tira, deitzen nauten lekuetara joanen naiz, esan bezala, antzerkiaren mertzenarioa naiz oraindik ere, urte batzuk gehiago lepoan, partxea eta egurrezko hanka soinean eta hurrengo itsasontzira noiz igoko zain. Pozik nago egindakoaz eta noizbehinka interpretazioan lan egiten jarraitzeaz; dena den, ja ez nau hainbeste arduratzen gauzak egiten aritzeak, beste tempo bat dut orain; oholtzan ez dut aritze hutsagatik aritu nahi, baizik eta ondo egiteko eta gozatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.