Bigarren eskuko arroparen trafikatzailetzat dauka bere burua Lidia Hernandezek (Tolosa, Gipuzkoa, 1986). Baina askoz gehiago da: ipurtarina, sortzailea, ausarta, kaotikoa, originala, ameslaria, inpultsiboa... Bezero batek hitz horiekin definitu zuen. Orain enpresaria ere badela sinesten hasita dago. Tolosako Zerkausian gaur 19:00etan egingo duten desfilean ikusi ahalko dira bere dendako «look apartak»: «Tolosako merkataritza oso potentea da. Tolosara etorri behar da».
Zenbat garagardo jarri dituzu?
[Barrez] Pila bat. Ostalaritzan egin nuen lan urte luzez, gorrotatu egiten nuen, eta ez nekien nire bizitzarekin zer egin.
Harik eta?
Tolosako Udalak merkataritza sustatzeko programa bat abiatu zuen arte, bereziki artearekin zerikusia zuten proiektuak babesteko; horren berri izan nuenean argia piztu zitzaidan. Amaginarreba zenaren dendan egin nuen lan bolada batez, eta orduan ohartu nintzen jendeak arropa erruz erosten zuela.
Kapitalismoaren erokeria...
Bai. Probatu gabe hamabost jantzi erosi zituen emakumea dut gogoan. 600 euro gastatu zituen di-da batean. Horrelako bezeroak daude. Bost bizitza behar dituzte urtebetean erosi duten arropa jantzi ahal izateko.
Aurrenekoetako bat izan zen zure denda.
Europako bost hiriburutan izan nintzen. Denetan zeuden bigarren eskuko arropa dendak, eta hemen ez zegoen halakorik. Orain bigarren eskuko arropa saltzen duen munduko dendarik politena daukat. Halaxe diot. Hau ere kapitalismoa da, ezin da ukatu: jendea erostera dator, eta ni hortik bizi naiz, baina proiektu ederra da.
Zuzeu.
Bai. Bururatu zitzaidan lehen izena da. Ez nuen batere pentsatu. Ume bati izena jartzea bezala da, gerora ulertzen duzu zergatik jarri zenion izen hori. Norbera izatea aldarrikatzen dut. Ni definitzen nau.
Eta orain bi 'haur' dituzu.
Zuzeuk 11 urte egin ditu. Lurrikara bat izan da, baina nire momentua da. Lokal batean arropa jasotzen dut, eta bestean arropa saltzen dut. Nire seme-alabak dira. Zuzeu dena da niretzako. Asko ematen diot proiektuari, akaso gehiegi, baina igandeetan lanera etortzeko gogoz egoten naiz. Web ataria zabaldu berri dut, eta online salmentan erreferente izatea da nire hurrengo helburua. Euskal Herriko arropa guztia zirkulazioan jartzea da nire asmoa.
Kale batetik bestera igarobide txiki bat dago.
Bai. Etengabe ibiltzen naiz batetik bestera. Kale Nagusian arropa aukeratu egiten dut. Marka merkeen truke txartelak ematen ditut, saltoki den dendan arropa erosteko, eta marka garestiagoekin prezioa adostu eta erdi bana egiten dugu.
Sari bat ere jaso duzu...
Gipuzkoako Diputazioak ingurumenarekiko iraunkorra den merkataritza enpresa saria eman dit, baina egia da ez daudela proiektu iraunkor asko. Bederatzi baino ez ginen. Emango zidaten susmoa nuen...
Iraunkortasunarena filosofia bat da.
Arropa zirkularraren kontzeptua sustatu nahi dut, bigarren eskuko arroparena baino gehiago gustatzen zait. Astero seiehun jantzi jasotzen ditut. Bigarren eskuko arropa dendetan sekula erosiko ez zuten emakumeak dendan sartzea lortu dut. Nire kutunenak dira. Berehalakoan ikusten ditut. Arropa ukitzeko modu berezi bat dute... Uste dut negozio hau beraiengatik zabaldu nuela, emakume horiei erakusteko badagoela bigarren aukera bat armairuan abandonatuta daukagun arroparentzat. Bigarren eskuko dendetan erostea eta modako janztea ez da bateraezina.
Arrosa kolorez ez, kolore horiz ikusten duzu zuk bizitza...
[Barrez] Bai. Amalidio. Hori fosforitoa. Kolore bizia da, freskoa, azidoa, probokatzailea... Proiektu honek izaera hori eskatzen du, eta proiektua bizirik egoteko nik bizirik egon behar dut. Denean dago horia. Begira nire crocs oinetakoak.
Lidia izenarekin, berriz, hitz jokoak asmatzen dituzu...
Pila bat. Merkalidioa, esaterako. Eguberrietan Merkalidio Solidiarioa egingo dut. Zaporeak elkartearekin abenduko igande guztietan, 11:00etatik 14:00etara, denda zabaldu eta arropa gramotan salduko dugu. Sei euroan erosi ahalko dira jantziak, baina, trukean bakoitzak arroz pakete bat edo azukre pakete bat ekarri beharko du. Zerrenda bat jarriko dugu. Errefuxiatuei bidaliko dizkiegu elikagaiak.
Festak jarraitu dezala...
Horixe! Xopin festak egiten ditut, estilista batekin. Gijonetik [Espainia] ere etorri izan da jendea. Salmenta pribatuak ere bai. Erosteko esperientzien garaian gaude eta naturala izan da. Oso harrera ona daukate. Eguberrietan gaztainak erretzen ditut, danbolina erosi nuen, eta tarteka ardo beroa ere banatzen dut.
lotsabako
Jantzi bat?
Kamiseta haundi bat, erraldoia bada hobeto.Osagarri bat?
Poltsa bat, dibertigarria noski.Objektu bat?
Inguratzeko zerra. Oso trebea naiz horrekin.