2007. urtean, inguruko herrietan etxez etxe banatzeko saskiak egiten hasi ziren, besteak beste baratzean ekoiztutako produktuekin. Gerora, salmenta puntu gehiagotan parte hartzen hasi ziren; horien artean, Durangoko (Bizkaia) merkatua. Geroztik, baserritik bizi dira. «Baratzearekin ez ezik, fruta arbolekin, oiloekin, erleekin, sendabelarrekin... ere lanean gabiltza. Garai bateko baserri txikien moduan, denetarik egiten dugu». EHKOlektiboak familia osoari gomendatu dio larunbaterako festa. Ekitaldia10:30ean hasiko da, ongietorriarekin batera. 11:30ean, etxaldearen bisitari ekingo diote. «Gure etxeaz eta bertan egiten dugunaz mintzatuko gara bertan», adierazi du Garitaonandiak. Hamaiketakoarekin amaituko dute etxaldearen bisita. 12:30etik aurrera, Uger rock taldeak girotuko du Biezko baserria. «Kontzertu eta ekintza guztiak familiako kideok hitzartuak izan dira. Horretarako, gertukoen laguntzaz baliatu gara. Ohikoena uzta egokitzen zaion baserriak antolatzea da. EHKOlektiboak laguntza eskaintzen digu». Musika emanaldia amaitzean, bazkariari emango zaio hasiera.
Baserrian lo egiteko aukera
Aurtengo aldiko berezitasun nagusia gaueko kanpaldiak dira. Garitaonandiak azaldu duenez, ekintza berandu amaitu eta festa ostean autoa hartu beharraren kezka izaten da. «Jendea lasaiago egon dadin eta ekintzaz gozatu dezan luzatuko dugu baserrian lo egiteko aukera».
Arratsaldean ere zenbait ekintza antolatu dituzte. 16:00etan,bakarrizketa saioa egingo duteJoana Ocañak eta Garazi Magunagoitiak. «Magunagoitia antzerki munduan dabil aspalditik , eta Ocaña Amillena laborategiko (Atxondo) bazkidea da. Bera ere kultura eta antzerki munduan sartuta dabil. Elkarrekin giro ona jarriko dute Biezkon». Gerora, Sendabelarren Destilazio tailerra izango da, familiako kide Lekunberrirekin batera. Amaieran, Astoturfer musika taldearen kontzertua izango da.
Baserriko Uztan parte hartzeko, 30 euro ordaindu beharko dira. 6-12 urte arteko haurrek, 15 euro; txikiagoak, aldiz, doan sartu ahalko dira. Gaur da izena emateko azken eguna, webgune honetan: ehkolektiboa.eus.
Udako Uzta Biezkon
Larunbatean, egun osoan, Atxondoko (Bizkaia) Biezko baserrian.