Bieusek film bat bikoiztu du aurrenekoz Prime Videorentzat

Amazonek bihar estreinatuko du 'Culpa mía', euskaraz ere bai. Gazteentzako fikzio bat da

Mercedes Ron idazlearen Culpables liburuetan dago oinarrituta Culpa mía filma. AMAZON PRIME VIDEO.
urtzi urkizu
2023ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Bieuse bikoiztaile euskaldunen elkarteak Amazon Prime Video plataformarentzat euskarara bikoiztu duen lehen filma ikusi ahalko da ordainpeko zerbitzu horretan bihartik aurrera: Culpa mía pelikula. Mercedes Ron idazlearen Culpables eleberrien trilogian dago oinarrituta filma, eta Pokeepsie Filmsek ekoitzi du—Alex de la Iglesiaren eta Carolina Bangen ekoiztetxea; haiek dira ekoizleak—. Pelikulako zuzendaria, berriz, Domingo Gonzalez da.

Culpa mía-ren jatorrizko bertsioa gaztelaniaz da, baina, Amazon Prime Videok beste eduki batzuekin azken urtean egin duen moduan, euskarara bikoiztuta ere estreinatuko du. 17 urteko neska gazte bat da protagonista: Noahk bere hiria eta lagunak utzi beharko ditu, amaren senar aberatsaren etxe berrira joateko. Han ezagutuko du Nick anaiordea. Bien arteko harremanak ustekabe ugari ekarriko dizkio Noahri.

Bikoizketa egin dutenen ahotsak ez dira izango orain arte Amazoneko edukietan entzun direnak. Amazon Prime Video iaz katalanera, galegora eta euskarara edukiak bikoizten hasi zenetik, euskarazko bikoizketa Bilboko Mixer enpresarekin egin du. Enpresa horrek berak egiten ditu bikoizketak ETBrentzat —euskarazkoak zein gaztelaniazkoak—.

Iker Bengotxea bikoiztaileak Argia aldizkariari berriki azaldu dionez, ETBren aurrekontuen murrizketak direla eta, lan baldintzak ere behera jo zutenurtez urte. Mixer estudioa da euskal telebistarako euskarazko bikoizketa adjudikatua duen enpresa, eta, Bengotxearen arabera, «oso baldintza eskasetan» aritu izan dira lanean. Hori izan zen 2018an Bieuse elkartea sortzeko arrazoia. «Bieusen bildu ginenok erabaki genuen Mixerrentzat lanik ez egitea; baina beste profesional batzuek, aldiz, jarraitu zuten haiekin lanean, eta hor galdu genuen denok batera joateak ematen ahal zigun indarra», dio Bengotxeak.

Hitzarmen bat nahi dute

Bieuseko bikoiztaileek uko egin zioten 2018an ETBrentzat lan egiteari, eta urteotan ez dute telebista kate horrentzat lan egin. Bai, ordea, Ulu Mediaren eta EITB Podkasten lan batzuetan: Artxipelagoa eta Harresi ikusezina. Donostiako Zinemaldiarentzat ere bikoiztu dituzte film batzuk.

Eta, orain, Bieusekoak streaming plataformekin hasi dira hizketan eta lanean. Bieuse elkartea kooperatiba bat ere bada. Haien webgunean zera ohartarazi dute: «Elkarteko kideek adostutako gutxieneko salneurri eta baldintzak beteko dituzte erkidegoko bikoizketa enpresa guztietan». Elkartearen helburua EAEko hitzarmen bat lortzea da. Izan ere, salatu izan dute Mixer enpresan ez direla betetzen ari gutxieneko baldintzak.

Amazon Prime Videoren lehen filma pauso bat da, baina espero dute gehiago iritsiko direla. Hala esan baitu Bengotxeak: «Plataforma handiekin zuzenean ari gara hizketan, eta espero dugu laster berri onak izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.