Bidezko sexu heziketa

Autismoa dutenek sexu heziketa «desegokia» jasotzen dutela ondorioztatu dute EHUko doktore tesi batean; besteak beste, egokitu gabeko materialak erabiltzen dituztelako. Sarritan, senideen elkarteek bermatzen dute eskubide hori.

Sexu harremanak irudikatzen dituen piktograma bat. PIKTOGRAMEN EGILEA: SERGIO PALAO. JATORRIA: ARASAAC ('http://www.arasaac.org') . LIZENTZIA: CC (BY-NC-SA). JABETZA: ARAGOIKO GOBERNUA (ESPAINIA)
Sexu harremanak irudikatzen dituen piktograma bat. PIKTOGRAMEN EGILEA: SERGIO PALAO. JATORRIA: ARASAAC ('http://www.arasaac.org') . LIZENTZIA: CC (BY-NC-SA). JABETZA: ARAGOIKO GOBERNUA (ESPAINIA)
amaia igartua aristondo
2024ko urriaren 19a
05:00
Entzun

Gaur egun, ganorazko sexu heziketa jasotzea ez dago guztien eskura. «Desegokia» da autismoaren espektroko nahasmenduak (AEN) dituztenei ematen dietena, Vanesa Lancha EHUko irakasle eta ikertzaileak doktore tesian ondorioztatu duenez: Autismoaren espektroko nahasmena duten ikasleen sexu-hezkuntza. Sexualitatea hezkuntza-testuinguruetan garatzeko gakoak. Antzera mintzatu da Susana Valladolid psikologo, sexologo eta Apnabi autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten bizkaitarren familien elkarteko Etxebizitzetako zuzendaria. «Oro har, helduentzako antolatzen ditugun tailerretan, esaten digute esperientzia nahiko txarrak izan dituztela ohiko hezkuntzan; gutxi parte hartu izan dutela, ez direlako toki seguru batean sentitu izan». Ez da munta txikiko kontua: Lancharen arabera, «ondorio kaltegarriak izan ditzake haien osasunean, ongizatean eta bizi kalitatean».

Oro har, pertsonak nolako dependentzia maila izan, halakoa da emango dioten sexu heziketa. Lanchak xehatu duenez, mendekotasunaren araberako hiru gradu ezarrita dauzka AEBetako Psikiatria Elkarteak DSM-V gidan —buruko nahasmenduak zerrendatzen dituen erreferentziazko liburua da—: lehen gradukoek dute dependentziarik txikiena; hirugarrenekoek, handiena; bigarren gradukoak erdibidean daude. Hala, lehen graduko nahasmendua dutenak ohiko ikasgeletan egoten dira, eta, beraz, gainerako ikaskideen sexu heziketa bera jasotzen dute: alegia, ikastaro puntual eta espezifiko batzuk baino ez. Eta eduki berberak erabiltzen dituzte. «Hirugarren gradukoen desabantaila egoera berean kokatzen ditu horrek», argudiatu du Lanchak, «materialak ez baitaude egokituta haien ezaugarrietara, ezta behar espezifikoetara ere; orduan, ez dira gai informazio berri hori barneratzeko».

«AEN dutenen sexu heziketa ez da beharrezkotzat jotzen harik eta beharra dagoen arte, desira sexuala pizten ez zaien arte, praktika sexualen batean interesik agertzen ez duten arte...»

VANESA LANCHAEHUko ikaslea eta ikertzailea

Mendekotasun handiagoa dutenek jasotzen duten heziketan ere gabeziak atzeman ditu ikertzaileak. Hirugarren graduko nahasmendua dutenek ikasgela egonkorrak deritzetenetan jasotzen dute hezkuntza; hots, dependentzia oso handia edukitzeagatik gainerakoen erritmoari jarraitu ezin diotenentzako ikasgela espezifikoetan. Baina horietan ez dute izaten sexualitatearen inguruko ikastarorik, eta ez dute profesional espezializatuen bisitarik edukitzen. «Hortaz, ikasgela egonkorretako irakasleek edo zaintzaileek jorratzen dituzte gai horiek, behar urgente bat dagoenean», zehaztu du Lanchak. Bigarren mailako nahasmendua dutenak, ostera, «linbo» batean daude, egon daitezkeelako ohiko ikasgeletan edo egonkorretan, segun eta desgaitasunen bat duten. «Diagnostiko ofizialaren arabera erabakitzen da bakoitza non egongo den».

Usteak ere oztopoak dira sexu heziketa jasotzeko: ikerketan atzeman du AEN dutenen sexualitateari buruzko «sineskeria faltsuak» ere kaltegarriak direla, batik bat mendekotasun handiagoa duten horientzat. Infantilizazioa ohiko joera bat da, esate baterako. «Uste dute bizitza osoan haurrak direla, ez direla heltzeko gai, haien ustezko zaurgarritasunagatik une oro gainbegiratuak izan behar dutela...». Eta aurreiritzi horiek gizarte eta hezkuntza arloko eragileak ere baldintzatzen dituzte, ikerlariaren esanetan. «Sexu heziketa ez dute beharrezkotzat jotzen harik eta beharra dagoen arte, desira sexuala pizten ez zaien arte, praktika sexualen batean interesik agertzen ez duten arte...».

Laguntzaileak ere hezi beharra

Apnabi elkartearentzat, ordea, sexu heziketa «gai garrantzitsua» da. Hala baieztatu du Valladolidek. Beren eguneroko funtzionamenduan txertatu zuten orain dela hogei urte inguru, elkarteko profesionalei prestakuntza emanez aurrena, eta erabiltzaileei eurei gero: hala nola solasaldiak eta tailerrak antolatuta, halakoak egin ditzaketen helduen kasuan, eta elkarrekin berba egin dezaten guneak prestatuta; eta, mendekotasun handia duten erabiltzaileei dagokienez, profesionalen bitartekaritzaz. «Sexu heziketaz hitz egiten ez badugu ere, sexu heziketaz hitz egiten ari gara; esaten dugunarekin hezi egiten dugu, baina baita esaten ez dugunarekin ere», azpimarratu du Apnabiko kideak.

Hau da, haiek eskatu ez arren ez baldin bazaie erantzuten premiazkoak dituzten behar batzuei, sexualitatean heziko dituzte orobat, baina modu desegoki batean. Adibide praktiko bat aipatu du Valladolidek. «Norbait leku publiko batean masturbatzen bada, eta hori ez egiteko esaten bazaio, helarazten ari zaren mezua da masturbatzea txarto dagoela. Mezuak izan behar du esparru publikoan ezin dela egin, baina bai beste leku batzuetan. Profesionalek oso barneratuta eduki behar dute zein diren erantzun egokiak».

Vanesa Lancha EHUko irakaslea eta ikerlaria, EHUren Donostiako campusean, asteazkenean. GORKA RUBIO / FOKU
Vanesa Lancha EHUko irakasle eta ikertzailea, EHUren Donostiako campusean, asteazkenean. GORKA RUBIO / FOKU

Apnabik kode etiko batean jasota dauzka pertsonen beharrak asetzeko eta eskubideak errespetatzeko jarraibideak; besteak beste, intimitatea babesteko gakoak. «Etxebizitza baliabideetan, ohikoa da zenbaitek logela partekatzea. Gu aspaldi konturatu ginen bakoitzak bere gela izan behar duela», kontatu du Valladolidek. Eta, laguntza handia behar duten autisten kasuan, bateragarriak izan behar dute zaintza sakonak eta intimitaterako eskubideak. «Ulertarazi behar diegu gorputza uki diezaioketela pertsona jakin batzuek —laguntzaileek—, eginbehar jakin bat egiteko —garbitzeko—, baina beste pertsona batzuek ez dutela zertan».

Gipuzkoako Gautena autismoaren espektroko nahasmendua dutenen senideen elkartean, psikoterapia indibidualaren bidez lantzen dute sexu heziketa, Eneritz Balerdi Familientzako Laguntza zerbitzuko psikologoaren esanetan. Azaldu duenez, mendekotasun graduaren arabera modu batean edo bestean adierazten dute beren sexualitatea, eta, beraz, lanketa ere ez da berbera izaten. Laburbilduta, dependentzia txikiagoa dutenei irakatsi egiten diete, eta, mendekoagoei, mugak ezarri. «Hirugarren gradukoen kasuan, garrantzitsua da haien gorputza esploratzeko toki egoki bat eskaintzea. Zailtasunak dituzte testuinguruak irakurtzeko, eta, orduan, edozein testuingurutan has daitezke beren gorputza esploratzen. Zer sentitzen duten identifikatzeko eta adierazteko zailtasunak ere izan ditzakete: batzuek gehiegizko kontaktua bilatzen dute beste pertsona batekin, eta erakutsi egiten diegu hari baimena eskatu behar zaiola, nahi badu besarkatu ahal dugula, eta bestela ez».

«Ulertarazi behar diegu gorputza uki diezaioketela pertsona jakin batzuek —laguntzaileek—, eginbehar jakin bat egiteko —garbitzeko—, baina beste batzuek ez dutela zertan»

SUSANA VALLADOLIDApnabiko Etxebizitzetako zuzendaria

Mendekotasun txikiagoa badute, eta desgaitasun intelektualen bat, intimitatea lantzen dute, eta, batik bat, afektuak. Desgaitasun intelektualik ez dutenekin gaitegi zabalago bat jorratzen dute. «Batzuetan, hipersentsibilitatea izaten dute; guretzako besarkada bat dena haientzat gehiegi da agian. Eta gizarteak ez du ulertzen hori». Hain justu, estimulu batzuk ez ulertzearen ondorioz zaurgarriagoak bihur litezke, Balerdiren esanetan. «Sexu abusuak jasateko arrisku handiagoa daukate. Hori ere lantzen dugu, uler dezaten beren mugak jarri behar dituztela ez badute norbaitekin sexu harremanik eduki nahi, uler dezaten bestearen intentzioa zein den segun eta zer esaten dion, nola, zer aurpegi jartzen duen, zertara gonbidatzen duen...».

Piktogramen bitartez

Lanchak antzeman duenez, urgenteenak diren kontuetara mugatu ohi da autistek jasotzen duten sexu heziketa: praktika sexualak, arriskuen prebentzioa, sexu indarkeria... Eta bazter uzten dira bestelako gai batzuk, hala nola aldaketa fisikoak eta psikologikoak —eta AEN dutenei gehiago kostatzen zaie horiek asimilatzea, ikertzailearen esanetan—, emozioak, sexu eta genero aniztasuna, komunikazioa... «Oraindik ere, arriskuaren ikuspegitik abiatzen gara», nabarmendu du. Alegia, sexu heziketa kontzeptu negatiboekin lotu ohi da —arriskuarekin, beharrarekin, gabeziekin, mugekin...—, eta ez ditu autisten «alde indartsuak» nabarmentzen. «Horrek dezepzionatu egiten ditu», Lanchak antzeman duenez ikerlanerako elkarrizketatu dituenen adierazpenetan.

«Zailtasunak dituzte harremanekin, eta batzuetan arbuiatuak sentitzen dira. Asko eskertzen dute horren inguruan hitz egitea, frustrazioa maneiatzen ikasteko»

ENERITZ BALERDIGautena elkarteko Familientzako Laguntza zerbitzuko psikologoa

Bestelakoa da Apnabiren esku hartzea, Valladoliden berbetan. «Norberaren buruaren ezagutzan sakontzen dugu, onarpenean, eta, hortik abiatuta, jorratzen dugu nola bideratzen dugun gure sexu orientazioa, eta hori nola asebete». Zehaztu duenez, parte hartzaileen interes nagusiak harremanen ingurukoak izaten dira, adiskideak eta bikoteak izateko gakoen inguruan galdetzen dute, baita sexu harremanei buruz ere, edo gero eta gehiago entzuten diren kontzeptu berriez. Azkenaldian, kasurako, sexu identitatearen inguruko ikastaro bat egin dute Apnabin, eta LGTBI pertsonen Harrotasunaren Eguna ere ospatu zuten, Valladolidek gogoratu duenez.

Baina praktikoagoak ere badira Lanchak elkarrizketatu dituen pertsonen kexak eta kezkak. «Eskaintzen dizkieten materialak oso orokorrak dira, ez dakite nola erabili, informazioa ere ez zaie osoa iruditzen... Muga asko identifikatu dituzte». Azaldu duenez, AEN duten pertsonek, oro har, zailtasun handiak izaten dituzte kontzeptu batzuk errealitatearekin lotzeko. «Ahozko komunikazioaren bidez irakatsi baino gehiago, errealitatean oinarrituta irakatsi behar zaie, piktogramak erabilita, argazkiak, bideoak, eguneroko adibideak...». Eta azalpenak ikaslearen ezaugarrietara eta potentzialtasunera doitu behar dira, orokortu gabe. Apnabin, piktogramez gain, zentzumenen estimulazioa ere lantzen dute ikastaroetan; hasieran, elkarteko kideek ematen zituzten tailerrak, baina orain Bilboko Guztiok zentroa arduratzen da horietaz, desgaitasunean eta sexualitatean espezializatutako profesionalak baitituzte.

(ID_17292472597935) Orientazio sexuala
Orientazio sexuala irudikatzen duen piktograma. PIKTOGRAMEN EGILEA: SERGIO PALAO. JATORRIA: ARASAAC ('http://www.arasaac.org') . LIZENTZIA: CC (BY-NC-SA). JABETZA: ARAGOIKO GOBERNUA (ESPAINIA)

Arrakastatsuak izaten dira ikastarook, oro har, eta horrek ere ematen du premiaren berri. Apnabin hobekien baloratzen diren eta gehien eskatzen diren tailerretako batzuk dira, Valladolidek nabarmendu duenez. «Gehien baloratzen dutena da babes espazio bat topatu dutela, eta beren identitatetik hitz egin ahal dutela, autismoa duen pertsona baten identitatetik». Belardiren hitzetan, Gautenaren erabiltzaileak ere «oso gustura» daude sexualitatearen inguruan egiten duten lanketarekin. «Zailtasunak dituztenez harremanekin, eta batzuetan arbuiatuak sentitzen direnez beren jokatzeko eragatik, segurtasun gabezia handiagoa dute, eta frustrazio handia. Asko eskertzen dute horren inguruan hitz egitea, frustrazioa maneiatzen ikasteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.