Komunikazioa

Bideragarria nola izan, hori da gakoa

Euskal agentziari buruzko jardunaldian, adituak ados jarri dira Euskal Herria egituratzeko tresna komunikatibo baten beharraz. Euskal agentzia bideragarria izan daitekeen eztabaidatu dute.

Oskar Bañuelos, Iñaki Uria, Ramon Zallo, Txema Ramirez de la Piscina eta Saul Gordillo. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia
2013ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
«Gure kazetariek botatzen dituzte Bruselan inork egiten ez dituen galderak. Eta hori ezin daiteke diruarekin ordaindu». Saul Gordillo Kataluniako Albiste Agentziaren zuzendari izandakoak herrialde horretako albiste agentziaren ibilbidea azaldu zuen atzo Donostiako Koldo Mitxelena kultur gunean. Komunikazio arloko hainbat aditu izan zituen lagun Euskal Agentzia sortzeari buruzko eztabaida jardunaldietan.

Kataluniakoak ez ezik, hitzaldi bana eman zuten ere Txema Ramirez de la Piscina Kazetaritzan doktoreak, Ramon Zallo Informazio Zientzietan doktoreak eta Ikus-entzunezko Komunikazioko katedradunak, Iñaki Uria Hamaika Telebistaren zuzendari nagusiak eta Oskar Bañuelos Euskal Agentziaren proiektuaren koordinatzaileak.

Proiektuaren beharraz zalantza gutxi zituzten bost adituek, ezinbestekotzat jotzen baitzuten Euskal Herriko marka kanpoan salduko duen erakunde bat izatea. «Gure kanporako irudia beste batzuek eraikitzen dute. Ez dute hemengo iturrietatik edaten, erreferentzia puntu bat sortzen ez delako», azaldu zuen Zallok, euskal komunikazio gunearen egiturak eta erronkak aztertzean.

Euskal Herriaren benetako irudia erakusteaz gain, herrialdea egituratzeko balioko luke agentziak, euskal gaien agenda propioa sortuko bailuke. «Herrialdeak informazioaren bidez lotzeko», zioen Bañuelosek. Egun, euskal nazio ikuspegia babesten ez duten albiste agentziek ezartzen dute euskal hedabideen agenda: «Errazagoa da atzerriko gai bati buruzko informazioa lortzea, tokian tokiko gai bati buruz baino».

Estatuko komunikazio zentroen hegemonia borrokatzeko tresna litzateke euskal agentzia. «Desoreka handia dago jendeak pentsatzen duenaren eta irakurtzen duenaren artean», zioen Zallok. Ikus-entzunezko katedradunaren arabera, herrialdeko sistema komunikatiboak ez ditu kultura espazioaren betebeharrak asetzen. «Sistema zibila indartsua da; sistema komunikatiboa, berriz, akastuna da».

Eredua ondo definitu beharraz jardun zuen Ramirez de la Piscinak, eta balio erantsia ematearen garrantzia nabarmendu. «Ur tanta bat gara ozeanoaren erdian, baina desberdinak izan behar dugu». Bide beretik jo zuen Gordillok. «Ezinbestekoak izan behar zarete, zuek gabe ezinezkoa izan behar du hedabideek lanean jarraitzeak».

Errazena eta merkeena EITBren barruan sortzea litzateke euskal albiste agentzia, baina zaila ikusi dute hizlariek euskal hedabide publikoak eginkizun hori hartzea. Ramirez de la Piscina EITBko administrazio kontseiluko kide da: «Egoera zaila da, eta zaila ikusten dut. Edonola ere, hasieratik talde txikia beharko luke agentziak». Pribatua ala publikoa izan, ados zeuden adituak herrialde ikuspegia izan beharko lukeela.

Diru falta baino gehiago, Zallok larriagotzat jo zuen erakunde publikoa kudeatzen dutenen borondate falta: «Ez da ulertzen nola sistema politiko juridikoaren alde dauden baina ez euskal komunikazio sistema baten alde».

Bideragarritasuna

Proiektuaren beharraz baino gehiago, bideragarritasunaren gainean izan zituzten zalantzak hizlariek. Denetan ezkorrena Iñaki Uria izan zen. Euskarazko hedabideek duten egoera zaila azaldu ostean, proiektuak bezeroak lortzeko zailtasunak aipatu zituen: «Lehendik ere ahaleginak egin dira, baina porrot egin dute. Bezeroak nekez lortuko dira. Hedabide guztiak daude krisian».

Aurrera atera ez diren beste proiektuen aldean oraingoa desberdina dela uste du Bañuelosek: «Hutsune handia dago hemengo gaiak jarraitzeko. Gainera, orain urte batzuk ez zegoen errealitate batean gaude, eta kontsentsu soziala lor daiteke».

Bezeroak lortze aldera, euskaraz gain gaztelera eta frantsesa ere erabiltzea aurreikusten zuen Bañuelosek. Kanpora begira irudia saltzeko, ingelesez egingo litzateke.

Hedabideei tokian tokiko informazioa euskarri askotan saltzea du buruan proiektuaren koordinatzaileak, Eferen ikuspegi ideologikotik at. «Hedabideentzat, merkeagoa izango da agentziari albistea erostea kazetari bat bidaltzea baino».

Entzuleek ere hainbat kezka plazaratu zituzten, esaterako, Vocento taldeak eta beste hedabideak bezero izatera iritsiko ote ziren. Gordillok aitortu bazuen ere euskal komunikazioaren sektorea ez duela gertutik ezagutzen, ezagunak egin zitzaizkion zalantzak. «Guk ere hastapenean horrelakoak entzuten genituen. Zuk hedabide batek behar duen testua eta argazkia izanez gero, ziur zure atea joko dutela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.