Telesailak

Bideojokoei gorazarre

‘Love, Death + Robots’ telesailaren sortzaileek hamabost film laburren serie antologiko bat dakarte; bideojokoen munduko saga ezagunetan oinarrituta daude, eta bakoitza istorio eta izaera propioz josi dute.

'Secret Level' telesailaren fotograma bat. PRIME VIDEO
'Secret Level' telesailaren fotograma bat. PRIME VIDEO
gaizka izagirre
2024ko abenduaren 28a
05:00
Entzun

Moldatu dituzten izenburuak hauek dira: Warhammer 40.000, Unreal Tournament, Concord, Dungeons & Dragons, PlayStation, God of War, Mega Man, Sifu, Spelunky, Honor of Kings, The Outer Worlds, Crossfire, Exodus, Pac-Man, Armored Core eta New World. Hogei minutu inguruko atal bakoitzak istorio independente bat aurkeztuko du, eta bideojoko bakoitzaren estetika islatzen duen animazio estiloa du oinarri.

Beste izenburu enblematiko eta askoz ezagunago batzuk falta direla senti daitekeen arren, telesailak, aniztasun narratiboaren, bisualaren eta geografikoaren lagin orekatu bat eskaini nahi izan du. Joko bakoitzak unibertso bisual eta tematiko desberdina eskaintzen duenez, sortzaileei estilo eta formatu narratibo ezberdinak garatzeko aukera emango die.

Deigarrienarekin hasita: arlo bisual eta artistikoak zur eta lur utziko du ikus-entzulea. Hipnotikoa da sortu duten mundu berezi horretan murgiltzea eta eskaintzen duten baliabideen armiarma sare horretan katigatuta geratzea. Hori bai, Love, Death + Robots telesailak zuen ausardia bisual eta artistikoa ez da hemen ageri; fikzio honetako film labur gehienek estilo kontserbadoreagoa dute, ez da hain berritzailea. Interesgarria da, bestalde, kapituluak jatorrizko bertsioan ikustea; animaziozko pertsonaien atzean, besteak beste Arnold Schwarzenegger, Kevin Hart eta Keanu Reeves aktore ezagunen ahotsak topatuko ditu ikus-entzuleak.

Secret Level-en arazorik handiena narratiban datza: serie antologikoei sarritan gertatzen zaien moduan, oso irregularra da. Formatu honek hainbat istorio eta ikuspegi jorratzeko aukera ematen duen arren, askok garapen falta nabaria dute. Telesailaren erritmoa ere nahiko desorekatua dago, eta kapitulu batzuk zirraragarriak eta gogoangarriak dira, baina beste batzuk, berriz, azkar ahazten diren horietakoak.

Serieak distira egiten du hainbat unetan, bereziki bere sormen bisualagatik eta bideojokoei omenaldia egiteko duen gaitasunagatik. Zoritxarrez, fan service-arekiko menpekotasunak eta narrazioaren irregulartasunak ahuldu egiten dute seriea.

Esperientzia gozagarria eta polita da. Bideojokoen zaleek bereziki gozatuko dute, baina zenbait atal azalekoegiak dira, eta pasarte batzuk, errepikakorrak. Serie biribila egiteko potentzialtasuna zegoen, baina hankamotz geratu dira.

Fan service’-aren zerbitzuan?

Fan service delakoa kultur eta entretenimendu arloan erabiltzen den termino bat da, eta zaleak harrapatzeko edo haiek asetzeko helburuz produktu edo edukietan elementu jakin batzuk txertatzeari deritzo; sarritan, istorioaren edo obraren logika edo koherentzia kontuan hartu gabe egiten den zerbait izaten da. Zaleek arreta handiagoa eskaintzen diote, eta emozionalki gehiago konektatzen dute obrarekin, baina gehiegizko erabilerak kalte egin diezaioke istorioaren koherentziari edo kalitateari; Star Wars, Harry Potter edota superheroien sagetan maiz ikusi den zerbait da. Secret level seriean, hainbat unetan hori antzematen da; jarraitzaile leialenak erakartzeko indargunea izan badaiteke ere, bideojokoen munduari buruzko ezagutza zabala ez duena apur bat nahastu egingo da, eta ezingo ditu ulertu ageri diren zenbait keinu edo erreferentzia.

fitxa

  • Sortzailea. Tim Miller. 
  • Herrialdea. AEBak.
  • Jatorrizko ahotsak. Arnold Schwarzenegger, Kevin Hart eta Keanu Reeves.
  • Urtea. 2024.
  • Non ikusi. Prime Video.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 20 minutu.
  • Generoa. Zientzia fikzioa, akzioa, bideo jokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.