Zazpigarren aldiz egingo dute gaur Jokoteknia Bideojokoen Jardunaldia, Bilbon. Lau hizlarik parte hartuko dute; horrez gain, mahai inguru bat ere eginen dute, Digipen, Harrobia eta Tartangako ikasleekin. Unai Arrugaeta da hizlarietako bat (Derio, Bizkaia, 1998). Lehen Hezkuntzako irakaslea da, eta gradu amaierako lanean Bideojokoak.info webgunea sortu zuen. Gurasoei eta irakasleei bideojokoen inguruko informazioa emateaz gain, aholkuak eskaintzea du helburu.
Zergatik erabaki zenuen Bideojokoak.info sortzea?
Gradu amaierako lanean Lehen Hezkuntzako gazteek Internet zertarako erabiltzen duten ikertu nuen. Hasieran, nire hipotesia zen sare sozialetara bideratuko zirela. Baina hainbat artikulutan esaten zuten lehenengo kontaktua bideojokoekin zutela. Ikertzen jarraitu nuen, eta ohartu nintzen Euskal Herrian ez dagoela informazio handirik gaiaren inguruan. Guraso eta irakasle batzuekin hitz egin eta gero konturatu nintzen haiek ere ez zekitela askorik. Beraz, ideia ona iruditu zitzaidan webgune bat sortzea eta bertan hainbat bideojokoren inguruko informazioa ematea.
Zertan datza webgunea?
Sei bideojoko daude: Brawl Stars, Fortnite, Among Us, FC (Fifa), Roblox eta Minecraft. Bakoitzaren barruan jokoaren trailer ofiziala dago, nik egindako bideo bat, PEGI etiketak eta deskriptoreak. Helburua da gurasoek eta irakasleek jakin dezatela zertara jolasten diren beren haurrak eta ikasleak.
Zer da PEGI sailkapena?
Bideojokoen edukiak eta adina kontrolatzeko kalifikazio sistema bat da. Hainbat ikonoren bidez esaten da zeintzuk diren jolas horren edukiak. Adibidez, armiarma bat agertzen bada, esan nahi du beldur eszenak daudela. Xiringa bat agertzen bada, esan nahi du drogen inguruko edukiak daudela...
Zer neurritan dira kaltegarriak bideojokoak umeentzat?
Bideojokoak, izatez, ez dira kaltegarriak. Gurasoek eta irakasleok kontrolatzen baditugu, uste dut positiboak izan daitezkeela. Noski, helduok ez baditugu neurriak jartzen, arriskutsuak izan daitezke. Batez ere, bi arazo ikusten ditut. Alde batetik, jolas askotan, kreditu txartela sartzeko aukera dagoela. Zenbat eta diru gehiago sartu, orduan eta erraztasun gehiago izaten dituzu jokoan aurrera egiteko. Zentzugabekeria iruditzen zait 7 urteko umeentzat bideratuta dagoen jolas batean kreditu txartela sartzeko aukera egotea. Beste alde batetik, online jolasteak dakartzan arriskuak daude. Online jolastean, beste pertsona batekin egon zaitezke kontaktuan, chat baten bidez. Pertsona hori zure laguna izan daiteke, edo 40 urteko ezezagun bat.
Zeintzuk dira webgunean ematen dituzun aholkuak?
Inoiz ez onartzea ezagutzen ez duten norbaitekin topo egitea, adibidez. Edo norbaitek zerbait txarra esaten badie, blokeatzeko aukera daukatela. Jokabide desegokiak salatu behar direla, eta, batez ere, gogoratzeko gurasoek aurretik jakintza minimo bat izan behar dutela jolasen inguruan.
Zer aholku emango zenituzke adikzioa saihesteko edo, behintzat, murrizteko?
Esango nieke txikitatik kontrolatzeko zertan uzten dieten jolasten, arazo horiek eragotz daitezkeelako. Jolas asko daude horretarako diseinatuak, adikzioan edo jolasean bertan murgiltzeko. Bideojoko askotan ematen diren sariak esponentzialak dira; zenbat eta denbora gehiago jolastu, orduan eta sari gehiago banatzen dituzte. Askotan, umeei egotzi beharrean beti pantaila baten aurrean daudela, barkamena eskatu beharko genieke, batzuetan errua helduona delako.
Proiektua ez zen GRALarekin amaitu, gradu amaierako lanarekin...
Ez. Berritzen eta aholku gehiago jartzen saiatu naiz. Nire helburua da hurrengo urteetan bideojoko gehiago jartzea.
LOTSABAKO
Bideojoko bat?
Pokemon Mundo Misterioso.Sare sozialik gustukoena?
Ez daukat ez Instagram, ez Tik Tok. Whatsapp edo YouTube esango nuke.