ATZEKOZ AURRERA. Ibai Llosa Garcia. Dokumentalgilea

«Bideoak irudia, narratiba eta heziketa uztartzen ditu»

Trebiñuko natura ondareari buruzko dokumental bat egin du Llosak, bizilagunei bertako aberastasuna erakutsi ahal izateko. 18 urte ditu egun, eta beste bi egitasmo ditu esku artean.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Ibai Llosa Garcia (2000, Urduliz, Bizkaia) 10 urterekin heldu zen Samianora, Trebiñuko konderriaren ekialdera (Araba). Hiru urte geroago, inguruko animaliak grabatzen hasi zen, eta, 16rekin, dokumental batean jaso zituen hiru urtean bildutako irudiak. La vida oculta de Treviño (Trebiñuko bizitza ezkutua) izendatu zuen. Donostiako Kristinaeneko Ingurumen Baliabideen Etxean erakutsi zuen igandean, Seo Birdlife erakundearen laguntzarekin.

Zergatik jarri zenion izen hori?

Trebiñuko biztanleek, askotan, ez dakite zer bizi den euren basalekuetan. Mendietan. Larreetan. Garai batean, animalia gehiago zegoen, eta, ondorioz, pertsona helduek uste dute egun ez dagoela ezer. Baieztapen horrek amorrua ematen zidan, badaudelako, eta horiek erakustea jarri nuen xede.

Beraz, ez du loturarik Trebiñu euskal herritarrei erakustearekin?

[Barre egin du] Jendeak eguraldiaren mapan jartzen du Trebiñu: Araba erdian dagoen zulo handi hori. Baina, oro har, ez dakite askoz gehiago: klima, herriak....

Egia da gaur egun animalia gutxiago dagoela Trebiñun?

Bai. Trebiñuko natura oso aberatsa da, baina, nekazaritza ereduak ingurua gehiago errespetatuko balu, are aberatsagoa litzateke. Ikaragarria da nola urritu diren espezie batzuk, pozoiaren ondorioz.

13 urterekin hasi zinen grabatzen, eta ordutik horri heldu diozu. Zergatik?

Animaliekin zoratuta egon naiz beti. Ez nuen marrazki bizidunik ikusten, dokumentalak baizik. Aitak asko maite du natura, eta hori helarazi dit. Are, aitak eraman ninduen urrunago zeuden grabaketak egitera. Samiano inguruan bizikletaz ibiltzen nintzen, baina, bestela, aitarekin.

Trebiñura mugitu izanak zer eragin izan du dokumentala grabatzeko?

Gakoa izan zen. Lorategi handi bat genuen: sagardi batekin, intxaurrondoak... Tomas Crespo Trebiñuko basozainari gustatu egin zitzaion, eta argazkiak ateratzeko ezkutaleku bat jartzeko eskatu zigun. Bertan zegoenez, ni ere erabiltzen hasi nintzen.

Beraz, irakasle bat izan zenuen lehen pausoak emateko.

Egia esan, ezkutalekua harentzat zen, baina, etxean nengoela, ikusten nituen txoriak inguruan, eta sartu egiten nintzen. Hasieran, txoriak behatzen nituen, begiekin. Harekin hitz egin genuen gero, eta argazki kamera sinple bat aholkatu zigun, eta horrekin hasi nintzen.

Espero ez zenuen animaliaren bat grabatu zenuen?

Madrildik behera bizi omen den txori bat grabatu nuen. Ezin izan dut dokumentalean sartu, irudia asko mugitzen delako, eta, gainera, dokumentala ohiko animaliei buruzkoa delako. Basakatua egunez grabatzea lortu nuen.

Gauez ere grabatu duzu?

Kamera tranpa batekin, bai. Ez du kalitate handirik, baina oso baliagarria da jakiteko zer animalia bizi diren gure mendietan.

Zergatik aukeratu zenuen bideoak egitea, eta ez argazkiak?

Uste dut bideoak irudia, narratiba eta heziketa uztartzen dituela. Irudiak politak izan daitezke, garrantzitsua da testua ondo egotea, eta irakats dezakezu. Argazkiekin bakarrik zaila da hori guztia lortzea.

Idaztea ere gustuko duzu?

Dokumentalaren testuak nireak dira. Aitonak jarri zion ahotsa dokumentalari. Bitxia izan zen, esaten zuenaren erdia ere ez baitzuen ulertzen: animalien izen guztiak.

Ba al duzu ikus-entzunezko produkzioekin lotutako ikasketarik?

Arte eta Lanbide Eskolan ikastaro bat hasi dut, aurten. Asko ikasten ari naiz. Ez baduzu ikasten, ez duzu aurrera egingo, edo askoz lan handiagoa beharko duzu hobetzeko. Ikastaroan irakatsi dizkiguten gauza batzuk duela sei urte jakin izan banitu...

Igandean erakutsi zenuen dokumentala azkena izango da?

Bi proiektu ditut buruan orain. Bata Izkiko natur parkeari buruzkoa da: lehen fasean nago, irudiak biltzen, eta horrek denbora hartuko dit. Bestea bideo labur bat da, birziklatzeko prozesuaren hausnarketa kritikoa: zer dagoen birziklatzeaz arduratzen diren enpresen atzean...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.