Hirugarren edizioa izango du Jokotekniak, Azkue Fundazioak eta Game Erauntsia elkarteak elkarlanean ondutako jardunaldiak. Bideo jokoen askotariko ertzak jorratzen dituen egitasmoa maiatzean ospatzekoa zen aurten, baina pandemiaren ondorioz atzeratu beharra izan dute. Azken asteetan beste oztopo bat gehitu zaio: joan-etorriak mugatzekoneurriena. Horiek horrela, aurtengoa online egingo dute gaur, 09:45etik aurrera. Hitzaldi guztiak euskaraz izango dira, bat izan ezik: katalanez egingo da, eta euskarazko azpitituluak izango dira aukeran.
2018an antolatu zuten aurreneko aldiz, eta «Euskal Herriaren egoerari buruz eta hemen lantzen diren bideo jokoei buruz» mintzatu ziren hizlariak, Maitane Jungitu Game Erauntsiko komunikazio arduradunak azaldu duenez. Oraingoan, iaz bezala, «beste ikuspuntu batzuk» ere jorratuko dituzte, baina euskarak oinarrizko izaten jarraituko du: «Euskara da jardunaldi hauek antolatzearen aitzakia, beste inork euskaraz eskaintzen ez duen eduki bat eskaintzen baitugu. Guretzat hizkuntza oso garrantzitsua da». Hainbeste, ezen aurten hitzaldietako bik baitute hizkuntzalaritza hizpide.
Itziar Zorrakin itzultzaile eta ikertzailea bideo jokoen lokalizazioari buruz arituko da; hots, azalduko du merkatu batean garatutako lan bat nola moldatzen den beste merkatu batean sartu aurretik. Hainbat elementu egokitzen dira horretarako: estetikoak, esate baterako, baina baita hizkuntzari eragiten diotenak ere, itzulpena eta bikoizketa, kasurako. «Zorrakinek landuko du hizkuntzak zer garrantzia duen bideo joko bat prestatu eta kontsumitzean. Istorioak toki eta leku konkretu batean girotuta daude, eta, beste hizkuntza batean ematean, ezin da erabat berdin zabaldu eta ulertarazi». Ikerketa gai oparoa da, baina baita polemika sortzaile ere. Izan ere, garatzaile batzuek erdizka egiten dute moldaketa: «Arazo bat izan daiteke. Bideo joko handiak, A hirukoitza bezala ezagutuak, ingelesez garatzen dira, eta batzuetan azpitituluak baino ez dituzte jartzen, bikoizketarik egin gabe».
Bestalde, Laura Santamaria Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikus-entzunezko itzulpengintza irakasleak bideo jokoetan katalanak duen tokia aztertuko du. Halako lanak sortzen dituzten enpresa katalanez arituko da, arreta jarriz, batez ere, ekoizten dituzten produktuetan, jasotzen dituzten diru laguntzetan eta langileen profiletan. Zorrakinen gisara, Santamariak ere itzulpenaren arloari helduko dio, eta proposamenak luzatuko ditu azpitituluak eta terminologia zehatz batzuk beste hizkuntzetan emateko.
Hizkuntzalaritzaz harago, beste hainbat arlo ere jorratuko dira aurten Jokoteknian. Julen Urrutia artista grafikoak 3D pertsonaien sorkuntzaz hitz egingo du, prozesua xehatuz. Igor Gaminde hezkidetzaileak bideo jokoetan familiartean aritzeak ekar ditzakeen onurez hausnartuko du. Mahai jokoekin alderatuko ditu bideo joko mota horiek emaitza berdinak izan ditzaketela argudiatuta. Azkenik, Digipen institutuko eta Harrobia eskolako ikasleen mahai inguru batekin bukatuko da aurtengo Jokoteknia.
Jokoteknia bezalako egitasmo batek Euskal Herriko bideo jokoen egoera ezagutarazten lagun dezake, baina egoerak, oro har, ez du sona handirik. Euskarazko bideo jokoak salbuespenak dira, Jungituk dioenez: «Albiste on bat da euskarazko bideo joko bat aurkezten den bakoitzean. Bideo joko oso gutxi ekoizten dira euskaraz, eta arazoa ez da soilik hori, baizik eta itzuli ere ez direla egiten». Arrazoia ekonomikoa litzateke, oroz gain: «Gu elebidunak gara, edo hiru hizkuntza ere hitz egiten ditugu. Euskaraz ere zabaltzeko egin behar den esfortzu ekonomikoa arazoa izan liteke haientzat, eta pentsatu behar da hemengo enpresak txikiak direla». Hala ere, euskarari dioten «begirunearen» araberakoa ere izan liteke esfortzu hori egitekoedo ez egiteko asmoa.
Euskararentzako oztopoak
Game Erauntsitik eta antzeko elkarteetatik irtenbideak bilatzen ari dira euskararen presentzia areagotzeko, eta itzulpenetara jo izan dute maiz. Ez da, ordea, bide erraza: «Gertatu zaigu beste entitateekin elkarlanean itzulpen profesional bat egiteko dirua biltzea, enpresari proposatzea eta erantzunik ez jasotzea». Gertatu zaio, halaber, gutxieneko kalitate mailara heltzen ez diren itzulpenekin ere topo egitea: «Kasu batzuetan, itzulpen amateur-ak irtenbidea dira, nahiz eta ideala ez izan. Baina itzulpen oso kaxkarrak ere aurkitu izan ditugu».
Bilatzaileetan ere zailtasunak aurki ditzake euskarazko edukia nahi duen zale batek, izan joko bat edo horien inguruko bideo bat. Jungituk azaldu duenez, banatzaileen webguneetan ez dago euskaraz egindakoak bahetzeko aukerarik, eta hori bera gertatzen da, esaterako, Twitch plataforman: zaleek euskaraz egindako edukiak ere igotzen dituzte bertara, baina, euskarazko emaitzak diskriminatzeko modurik ez dagoenez, gainontzekoekin nahasten dira: «Euskaraz emititzen duten pertsonen zerrenda bat daukat, baina nik osatua, ez bilaketa sinple batekin agertu zaizkidalako. Twitch-en bidez euskal edukiak zabal daitezke, baina ez daukagu iragazketa hori egiteko biderik». Horri ere konponbidea aurkitu nahi diete: plataforman euskara ofiziala izan dadin eskatzen ari dira #3000Twitz kanpainaren bidez.
Hedabideen aldetik ere «hutsune» bat nabaritu du Junguituk: «Euskarazko hedabideetan ez dago bideo jokoez hitz egiten duen atal espezifikorik. Game Erauntsiaren atariak gabezia bat betetzen du». Elkartearen helburu komunikatibo horretan, beste mugarri bat izango dute aurki: Jokotekniaren hiru edizioetako hitzaldiekin liburu bat argitaratuko dute: «Jada sortu ditugun edukiei jarraipen bat emateko da».
Bideo jokoen ertzak, euskaraz
Jokoteknia jardunaldiak bideo jokoen inguruko hitzaldiak biltzen ditu, gehienak euskaraz. Gaur izango da hirugarren edizioa, eta, besteak beste, hizkuntzalaritzaz arituko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu