Arantza Atutxa. Creativity Zentrumeko kidea

«Bideo jokoak baliabide interesgarriak dira hezkuntzan»

Hezkuntza eta bideo jokoak nola uztartu daitezkeen aztertuko dute gaur Komunikaldiak jardunaldietan, Eskoriatzan.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Eskoletan bideo jokoak sartzearen alde dago Arantza Atutxa. Zenbait kasutan, haurren mesederako izan daitekeela pentsatzen du. Aurtengo Komunikaldiak bi arlo horiek jorratuko ditu: bideo jokoak eta hezkuntza. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean jardungo dute gaur zenbait adituk, Eskoriatzan (Gipuzkoa). Creativity Zentrumen lan egiten du Atutxak, eta Bideo jokoak, fenomeno unibertsala, baita gurean ere hitzaldia emango du.

Bideo jokoak zergatik dira fenomeno unibertsal?

Ohikoak ez diren lekuetan jokoa erabiltzen da, gaur egun. Ingelesezko terminoari erreferentzia eginez, Serious game-ak dira horren adibide. Serious game- ak ikasteko erabiltzen diren bideo jokoak dira. Zenbait arlotan; osasun alorrean, armagintzan edota hezkuntzan oso ohikoak izaten dira.

Adibiderik jartzerik ba al daukazu?

Bideo joko baten bidez, medikuntzako ikasleek ebakuntzak nola egin ikasten dute, urte batzuk geroago errealitatean ebakuntza gelara joan, eta arazoei aurre egiten jakiteko. Hegazkina hartu aurretik, simulatzeak egiten dituzte hegazkin pilotuek. Gisa horretako bideo jokoak zabaltzen ari dira.

Hezkuntzara nola egokitu daitezke?

Ikasgeletan arretari eustea kostatzen zaien ikasleentzat propio sortutako bideo jokoak daude. Jokoaren bidez, ikasle horien jarrera alda daiteke. Talde lana sustatzeko ere balio dute.

Eskoletan ari al dira bide horretan pausoak ematen?

Hezkuntzan zaila izaten da, sarritan, aldaketak egitea. Ikasleak teknologian adituak dira, eta irakasleei heziketa falta zaie. Beldurra ematen digu bideo jokoek haurrei nola eragin diezaieketen pentsatzea. Nik uste dut, hala ere, pixkanaka joango direla serious game-ak ikasgeletan sartzen. Bideo jokoak baliabide interesgarriak dira hezkuntzan; ikasleentzat mesedegarriak.

Haurrekin lotzen al dajokoa?

Agian, bai, baina guztiok daukagu jokorako grina. Aisialdiak gero eta garrantzi handiagoa dauka gure gizartean. Haurren kasuan, oso erraza da jokoa ikasgeletan sartzea.

Bideo jokoen industriak zer-nolako osasuna du?

Industriak izugarri etorkizun oparoa du. Datuek hala erakusten dute. Europan, 2009an, bideo jokoen industriak 11.000 milioi dolar sortu zituen, eta Euskadin 60 milioi. Urtero %10eko hazkundea du. Indarra hartzen ari diren zenbait enpresa badaude gurean: Delirium Studios, Ikasplay, Idiateka edota Virtual Ware. Hemengo enpresek argi izan behar dute nazioarteko merkatuari begira lan egin behar dutela. Ameriketako Estatu Batuak eta Txina dira bidea irekitzen ari direnak. Bideo jokoak sortzen dituen enpresak, esaterako, tresna teknologikoak erabiltzeko gai izateaz gain, diseinuan puntakoa izan behar du.

Zein da bideo jokoen erabiltzaileen profila?

Zazpi urtetik 34 urte bitarteko adin tartean kontsumitzen dira gehien; %45. Eta 35 urtetik gorakogoetan %15era jaisten da. Gizonezkoak gehiago dira emakumezkoak baino.

Bilakaera nolakoa izan da?

Garai batean, aisialdian bakarrik zuten lekua bideo jokoek, baina, gaur egun, beste eremu batzuk kolonizatu ditu. Horrek, erabiltzaileak areagotu ditu.

Creativity Zentrumen lan egiten duzu. Zer egiten duzue?

Sormenezko industriak bultzatzen ditugu, eta hazkunde handien izateko aukera bideo jokoek dute, orain. Aholkularitza lana ez ezik, nazioarteko harremanak sustatzen ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.