«Bidea ezin da bakarrik egin»

Garazi Goia Skyko estrategia eta eraberritze arduradunak hitzaldia eman du, Gipuzkoako Diputazioak gonbidatuta. Euskal Herrian «eraldaketa handi bat» behar dela uste du.

Garazi Goiak ikus-entzunezkoen inguruko hitzaldi bat eman zuen atzo Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
«Ez dago zilarrezko balarik». Mundu anglosaxoian erabiltzen den esamoldea baliagarria dela iruditzen zaio Garazi Goia Sky taldeko estrategia eta eraberritze zuzendariari. Edonola ere, argi du: «Funtzionatzen duten gauzetan jarri behar dugu arreta». Eta ohartarazpena, Euskal Herriari begira: «Denbora aurrera doa. Estrategiarik ez badago, jan egingo gaituzte. Estrategia zehatzago bat behar da». Eta beste abisu bat: «Neurtu ezin den horrek ez du balio». Ikus-entzunezkoak, ikuspegi globaletik Euskal Herrira begirada izenburuko hitzaldia eman zuen atzo Goiak, Gipuzkoako Diputazioaren Gipuzkoa Berdinago foroan. Markel Olano ahaldun nagusiaren aurkezpenaren ostean, zenbait gako eman zituen Goiak.

Euskal Herriko aukeretan, zein joko erabaki proposatu du Goiak. 2030erako estrategiari begira, funtsezkotzat jo du «zer, zergatik eta nola egingo dugun» zehaztea. Argi du «eraldaketa handi bat» behar dela. «Erreforma bat». Izan ere, iruditzen zaio urrats txikiak ez direla nahikoak. «Bestalde, lana egiteko moduen eraldaketa» beharrezkotzat dauka. Gainera, komunitate berriak sortzeari begira, politika berriak behar dira, haren ustez. Eta beste puntu garrantzitsu bat hau litzateke: «Euskararen balioa erdigunean jartzea». Sky taldeko estrategia zuzendariak —aurretik hamar urte egin zituen BBCn lanean— nabarmendu du Euskal Herrian aintzat hartzekoak direla «bere berezitasuna» eta «gertutasuna zein konexioa». Zera iragarri du: «Enpresa erraldoien artean, aniztasunak badu tartea, baina bizkor egiten baldin bada».

Beste kontzeptu bat ere kokatu du gakoen artean: «Produktuen kudeaketak mugatzen du negozioaren bidea». Horregatik, Euskal Herrira lan egiteko modu berriak ekarri behar direla ondorioztatu du.

Erresuma Batuko joerak

Goiak Erresuma Batuan lan egiten du, eta urteotan ikusi du hango ikus-entzunezkoetan izan diren zenbait joera gero Euskal Herrira iristen direla. Hartara, Erresuma Batuan gertatzen ari dena laburtu du: «Hurrengo bi urteetan, telebista tradizionalen share-a %50etik behera jaitsiko da Erresuma Batuan; 16-34 urte artekoen artean, dagoeneko ikus-entzunezkoen kontsumoaren %32 baino ez dagokio telebista tradizionalari». Azkenaldian Netflixek eta Amazon Prime Videok gorantz egin dute. BBCk, berriz, beherantz. «Inflexio puntu batean dago orain BBC, eta eraldaketa handi bat beharko dutela aitortu du haren zuzendariak. Sormenean arrisku handiagoa hartu beharko dute, eta aniztasunean konpromisoa sendotu». Herrialde horretan hedabide publikoek tokiko kultura islatzen dutela azaldu du Goiak, eta aniztasuna bultzatzen dutela, lehiakortasuna sustatzearekin batera. «Ezaugarri bereizle horiek baliagarriak dira Euskal Herrirako ere».

Mundu osoan streaming plataformek %50eko igoera izango dute datozen bost urteetan. Eta, hala ere, enpresa handi horiek bat egiten ari dira. «Bidea bakarrik egitea ezinezkoa da haientzat ere», azaldu du Goiak. Horren erakusgarri dira sektoreko azkeneko urteetako bat egiteak: AT & T-k Warner erosi zuen, 2016an; Comcastek Sky, 2018an, «Europan eta munduan zabaltzeko»; 2019an, Disneyk Fox erosi zuen, eta bat egin zuten Viacomek eta CBSk; Discoveryk eta HBO Maxek bat egin dute; eta Amazonek Metro Goldwyn Mayer estudioa erosi du.

Enpresa erraldoi horiek sekulako inbertsioak egiten ari dira edukietan. Testuinguru horretan, BBC eta Sky «europar kutsuko» edukiak sortzeko ahalegina egiten ari direla azaldu du Goiak. «Euskal Herrian, beste plataforma batek zailtasunak izango ditu tartea egiteko».

Galderen txandan, Goiak bestelako gako batzuk eman ditu. «Benetako ahalegina egin behar da hemengoa babesteko legeak onar daitezen», ohartarazi du. Aipatu du, era berean, Euskal Herrian «praktikoagoak» eta «zehatzagoak» izan beharra. Ikuslearen pertsonalizazioaren esperientzia funtsezkotzat jo du —EITBren Primeran plataforma berrirako ere hala izango dela uste du—. Gainera, azaldu du txikiagotu egin direla azpidatziak sortzeko kostuak, eta aintzat hartu beharko dela zenbait edukiren euskarazko azpidatziak mekanikoki egiteko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.