Bidasoa mintzatuko balitz antzerki ibiltari bat da, road movie moduko bat, mugatik eta mugaren ertzetatik doana, betiere, isilarazita dagoen errealitate bat ezagutarazteko. Migratzaileen egunerokora gerturatzea da asmoa, eta, horretarako, iheslariek egiten dutena biziko dute ikusleek: motxila hartu eta joan, mugitu, batetik bestera, ihesean, eta bidean hainbat adierazpen artistiko topatuko dituzte, doinuak eta, bereziki, argazkiak.
Larunbatean izango da estreinaldia. Axut! kolektiboa beste bi artistarekin aritu da elkarlanean, eta eskualdeko dozenaka herritarren parte hartze berezia du proiektuak. Larunbatetik aurrera ikusi, entzun eta bizitzen ahalko den esperientzia da; antolatzaileek ez dute apenas ezer aurreratu nahi izan, esperientzia bera bizitzea baitute helburu. Obraren abiapuntua zein izango den, esaterako, txarteldegian bertan jakinaraziko dute. Hitzordua hogei minutu lehenago izango da, eta, doakoa bada ere, lekuak mugatuak direnez, aurretik eman behar da izena. Bi aukera daude horretarako: Mendi Zolan kulturgunera bertara joatea, Hendaiara (Lapurdi), edo hara deitzea; edo, bestela, Hendaiako Herriko Etxearen webgunean izena ematea.
Hilaren 29ra arte hamabi emanaldi egingo dituzte, larunbatero eta igandero, ordutegi ezberdinetan, beti euskaraz. Hendaia, Urruña eta Biriatu (Lapurdi) izango dira eszenatokiak, eta bidean irudiak, mapak eta soinuak aurkituko dituzte ikusleek.
Gari Garaialde eta Xabier Erkizia dira proiektuan parte hartu duten beste bi artistak. Garaialdek bere kamerarekin dokumentatu du urteotan iheslarien errealitate latza, eta antzerki ibiltarian haren argazkiak topatuko dituzte ikusleek. Argazkilariaren hitzetan, iheslariak mugara iristen hasi zirenean beste muga batzuetako kontuak zirela pentsatzen zuten denek: «Etxe azpian, hau dena sortu zenean, pentsatu nuen hura zela garaia poliki-poliki gai honetan lanean hasteko. Esan nuen: ‘Garaia da hemen muturra sartzeko, eta ikusteko zer gertatzen ari den, zergatik, zeintzuk diren, nora doazen, nondik datozen...’. Hasi nintzen horretan lanean, eta gaur arte».
Xabier Erkizia musikariak, berriz, ibilbidearen soinu banda egin du. Haren piezak entzun ahal izango dira han eta hemen.
Ibilbide historikoa
Antzerkia ez da soilik ibilbide fisikoa izango. Izan ere, antzezleek denboran atzera ere egingo dute ibilbide historikoa egiteko, muga marraztu zutenetik zorionerako ihesaren zauri marka izan baita Bidasoa. «Gure familiek oraindik bizirik dituzte izugarrikerien orbainak. Haien guztien historiak kontatuak izan zaizkigu, ahalaren eta ezinaren arteko azken mugan. Bada garaia aipatzeko, ahoan bilorik gabe». Halaxe dio antzezlanaren afixak.
Proiektuak, beraz, memoria du ardatz, eta hamarkadaz hamarkada mugaren inguruan izan diren migrazio fluxuak ditu oinarri, duela 150 urtetik gaur arteko istorioak, alegia. Ximun Fuchs aktorea hala mintzatu da: «Bidasoa mintzatuko balitz, gauza anitz kontatuko lituzke. Begirunez eta samurtasunez begira jarri gara, eta ikusleei postalek agerian ematen ez dutena erakutsiko diegu: ezkutuko aurpegi andana bat, XIX., XX. eta XXI. mendeetan».
Fuchs obraren sortzaile eta antzezle da, eta argi dauka proiektua mezu bat helarazteko ere egin dutela: «Bidasora begiratuta, guk ondo dakigu hau gure herria dela eta harrera herri bat dela. Hori nahi genuen azpimarratu». Testigantzak ere jaso dituzte, «altxorrak», eta ohartu dira, noski, euskaldunak ere migrante eta iheslariak izan direla: «Noski, izan dira afrikarrak, ekialdekoak, portugaldarrak ere anitz, edota juduak... eta euskaldunak».
Bidasoa aldeko herritarren parte hartzea ere nabarmentzekoa da. Izan ere, antzerki ibiltarian 50 lagunek hartuko dute parte. Antxeta Irratiak ere bere aletxoa jarri du egitasmoan. Ibilbidean irrati emanaldiren bat ere entzun ahal izango dute ikusleek.