Lehen unetik hartu, eta amaierara arte ez nau askatu. Zelako bidaia!». Kredituak amaitu arte geratu da zain Maite Hernandez. Dantza-ren lehen emanaldia ez du galdu nahi izan. Lehen-lehena. 16:20rako eserita zegoen Gasteizko Florida Zinemako bigarren aretoan. Telefonoa itzalita. «Irudiak ikusiak nituen, baina ez nekien zer espero, eta... zelako bidaia», errepikatu du.
Mary Poppins, Aquaman, Spiderman, Grinch, Freddie Mercury irudikatzen duen aktore bat... Bidaide asko ditu Dantza-k egunotan zinema aretoetan. Ospe handikoak batzuk. Florida Zinemaren korridorean horien guztien afixak ikus daitezke. Dantza filmeko estreinaldiaren testuingurua ez da erraza. Hala hausnartu du aretoko arduradunak, ikusleen tiketak hartu bitartean. «Gabonen aurreko azken ostirala, lehen saioa, umeek eskola amaitu berri...», zerrendatu ditu aurkariak. Telmo Esnal zuzendariak aipatu izan du hamaika traba gainditu zituztela filma amaitzeko, eta, atzo, estreinaldian, traba horiek ere gainditu zituen.
Hainbat lagun elkartu dira Florida Zinemetan lehen emanaldia ikusteko. Zuriñe Gerenabarrena da horietako bat. «Pasarte txiki batzuk ikusiak nituen, eta bisualki harritu ninduen... Oso berritzailea ematen du, baina euskal dantza tradizionalak baliatuta». Are, pantaila handian hori ikusteko irrika agertu du, aretoaren atea ireki aurretik. Iragarkiekin ari diren bitartean sartu da Gerenabarrena. Erdiko korridorearen alde batean eseri da, filma hastear dagoela.
Pantaila barnera jauzi
«Negu Gorriak-en hitzak erabilita, ikusi ez duenak ez daki zer den hau». Mikel Gojenolak irribarretsu amaitu du emanaldia. Ezin ezer iragarri, baina bizitakoa irudikatzeko bere ipurdiak aulkian egin duen bidaia baliatu du. «Aulkiaren bizkarrera itsatsita izan dut, hasieran irudien indarragatik; eta bertatik urrunduz joan zait, filma besarkatzen hasi zaidanean etzan naizenean, oharkabean». Are, Gojenolak Florida Zinemetan dauden filmak gogora ekarri, eta horietako batzuk uztartzea ere proposatu du. «Gustura egingo nuke jauzi Dantza barrura, une batzuetan, Mary Poppinsen botereak baliatuta».
«Irudien indarra» nabarmentzeko orduan, ez da gai izan zehazteko zerk harritu duen gehien: argiak, koreografiak, jantziak... Poliki joan da xehatzen hori guztia, filmaren barrura benetan jauzi egiten ariko balitz bezala.
Soinuarekin harrituta amaitu du pelikula Hernandezek. «Gauza bat da musika entzutea, eta beste bat barruraino sartzen zaizula sentitzea. Eta ez musika bakarrik». Dantzaren beraren erritmoa eta sortzen duen soinua nabarmendu du. Pausoen hotsa. Metala metalaren kontrakoa. Aitzurra lur lehorraren kontra. «Hipnotikoa egin zait tarteka». Are, Hernandezek bere buruari astebeteko epea eman dio bizitako «bidaia» hausnartzeko, eta berriz itzultzeko.
Zinematik ateratzean, balizko ikusle bat galdezka hasi zaio filma ikusi duen bati. Zer moduz dagoen galdetu dio. Den-dena euskaraz ote den. Hain zuzen ere, hala adierazten duen ohar bat dago kartelaren gainean. «Euskaraz? Pasarte batean euskaraz abesten dute, baina... Lasai sartu eta disfrutatu», erantzun dio ikusleak. «Eta eman eskerrak, behin ateratzen zarenean euskal dantzen ikastaro batean sartzen ez bazara», esanez agurtu da, Telmo Esnal zuzendariaren hitzak bere eginez. Hain zuzen ere, filmak proposatutako bidaiaren ostean, kredituen amaiera-amaieran, gonbita egiten baitu dantzan jarraitzeko.
ATZEKOZ AURRERA
Bidaia, dantzan jarraitzeko
'Dantza' filma estreinatu dute Euskal Herriko zinema aretoetan. Gasteizko Florida zinemetan, lehen emanaldian, hitz onak jaso ditu Telmo Esnal zinemagilearen proposamenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu